Itzuli orri osora
"Murillo gaztea" bere jatorriari begira
mar, 27 oct 2009 13:24:00 +0100

Bartolome E. Murillori (1617-1682) eskainitako erakusketa bat hartuko du Bilboko Arte Eder Museoko BBK aretoak 2010eko urtarrilaren 17ra arte. Artearen eta Letren Urrezko Mendeko artista espainiarrik esanguratsuenetakoa izan zen Murillo. Erakusketa honen bidez, margolari honen ospea areagotu nahi da, horrenbesteko izen ona eman dioten margolan erlijiosoak ez diren beste hainbat erakutsiz. Horrela, "Murillo gaztea" izeneko bilduma honek Sevillako artistaren lehen urteetako obrak ezagutarazten ditu.

Guztira 42 dira erakusketa honetarako bildu diren artelanak. 1640. eta 1655. urteen artean margotutakoak dira denak, hau da, Murillok 23 urte zituenetik 38 bete zituen artekoak. 25 margolan atzerriko bildumetatik edo museoetatik ekarri dira, eta guztietatik 16 ez dirainoiz Espainia mailako erakusketa batean ikusi. Artelan guztiak biltzeko ezinbestekoa izan da bai estatu mailako edota atzerriko museo edo bilduma pribatu aipagarretatik lortu diren maileguak. Besteak beste, Cambridgeko Fitzwilliam Museuma, Stockholmko Museo Nazionala, Lisboako Antiga Arte Museoa, Dublineko Arte Galeria Nazionala eta Madrilgo Prado Museoa.

Maileguan hartutako lan hauetako batzuk Gorulari zaharra, Erresuma Batuko bilduma pribatu batean aurkitutakoa; Atsoa oilarra eta arrautza saskiarekin eta Bi mutiko mahatsa eta meloia jaten, biak ala biak Municheko Alte Pinakotheketik ekarritakoak. Azken koadro hau errealismo handia emanez margotu zuen Murillok; bi mutikoetako batek ezpainen ondoan meloi hazi bat dauka.

Ondasunik preziatuena

Eskale gazteak izenekoa da erakusketa honetako obrarik esanguratsuena. Sevillako artistak gaztaroan jaso zuen lehen enkargu garrantzitsua izan zen, gerora bere lanen ibilbidearen izaera baldintzatuko zuena. Sevillako San Frantzisko komentuko frantziskotarrek, karitatea eta babesgabekoak gogoan hartuko zituen artelan bat lantzeko agindu zioten. Aipatutako pintura honen bidez hasi zen hain zuzen margolaria arazo sozialez eta babesgabeez arduratzen.

Artelan hau 1645ean margotu zuen eta gaur egun, Pariseko Louvre Museoa da koadroaren jabea; erakusketa honetarako bereziki utzi diote frantziarrek Bilboko Arte Eder Museoari. Lan honetan erretratatu zuen Murillok mutiko bat lehen aldiz. Era honetako gaiak izango ziren bere ibilbidean zehar gehien errepikatuko zituenak. Koadroan agertzen den mutikoa eserita dago, apaingarririk gabeko gela ilun bateko izkinako hormaren ondoan. Enbarazu egiten dion zorri bat bularretik kendu nahian dabil. Bere alboan, marmita bat eta kapazu bat ditu, banatzaile eta urketari lanak egiten dituela argi ikus dadin.

Erakusketa honetara iritsi baino lehen, margolan honek berriztapen prozesu bat jasan behar izan du. Hala, artistak margotzen ari zela izan zuen "iritzi aldaketa" batez jabetu dira obra eraberritu duten adituak. Izan ere, hasieran Murillok anfora bat margotu omen zuen umearen ondoan eta ostean, hura estaltzeko berriz gainetik margotu zuen pieza hori mutikoarengandik urrunago jartzeko.

Erakusketa honek baina, ez ditu Murillo ospetsu egin zuten bere helduaroko margolanak biltzen; oraingoan ikusleak artistaren beste ikuspuntu bat ezagutuko du. Erakusketaren komisarioa den Benito Navarreteren aburuz, "berehalako errealismoa islatzen duten obrak eta Zurbaranen, Herreraren Zaharra edota Riberaren estiloa burura dakartenak".

(Argazkiak: Wikipedia)