Itzuli orri osora
David Lynchen talentu grafikoa
mar, 29 sep 2009 08:46:00 +0200

Donostiako Okendo Kultur Etxeak David Lynch zinemagilaren lan grafikoa egongo da ikusgai datorren urriaren 22ra arte. David Lynch. Action Reaction erakusketan zalantzarik gabe artistaren esparrurik ezezagunena, artista grafikoarena, agerian uzten da. Donostia Kulturak eta GAGMAk antolatu duten erakusketa honetan artistaren hogei bat litografia bildu dira bere filme ezagunenen proiekzio, kartel eta argazkiekin batera.

Fantasia nahasgarriz betetako litografiak

David Lynch. Action Reaction erakusketak lan plastikozko 19 pieza ditu guztira: Paris Suite multzoko 12 litografia eta Women multzoko 7 litografia. Akzio-erreakzio prozesu moduan deskribatzen ditu Lynchek bere obrak. Bere ahotan, prozesu osoaren unerik erabakiorrena grabatuarena omen da, tintak materiak batetik bestera egiten duen bidaia horren bukaera fasean. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan Post-itetan egindako marrazki batzuetan oinarrituta dago Paris Suite multzoa.

Women multzoko lanak bere aldetik, monokromatikoak dira, hein handi batean. Landugabeak eta ezaugarri gordinekoak diren arren, edertasun handiko lanak direla aitortzen du Lynchek. Multzo hau osatzen duten obretan hitzen erabilera areagotu egin du aurrekoaren aldean, mezu hauen bidez bere lanen esanahia lehen ikusian argĂ­ utzi nahiko balu bezala. Era berean, hitz guzti hauek efektu bereziak sortzeko ere erabiltzen ditu: forma zehatzak, itzalak eta orokorrean, obrei edertasuna gehitzen dien egitura bereziak.

Bere obra guztiak ideia berberetik jaiotzen dira: eduki abstraktuak eta nolabaiteko labirintu efektuak sortuz normaltasuna gainditzea. Aitzitik, emaitza korapilatsu hauen atzean beti ezkutatzen da oinarri sinple bat. Izan ere, bere obretako hainbat erraz trukatu litezke bere filmeetako edozein eszenarekin. Hitz gutxitan esanda, David Linchen lan plastikoak eta zinean garatzen duen estiloak ez dute alde handirik.

Bere filmografiaren zertzeladak

Lynchen filme ezagunenak ikusteko aukera egongo da aretoaren erdian jarritako pantaila txikietan. Dune, Blue Velvet, El hombre elefante edo Mulholland Drive filmeen pasarteekin batera, Lost Highway edo Eraserhead filmeen kartelak eta argazkiak ere ageri dira erakusketa aretoan. Telebista lanari ere tartetxoa egin diote, telesailen mundua itxuraldatu zuen Twin Peaksen fotokromo bilduma ere ikusgai baitago erakusketa bikain honetan.

Bideo Foruma

Donostia Kulturak hiru bideo forum antolatu ditu Okendo Kultur Etxean bertan erakusketak irauten duen bitartean: irailaren 30ean zinemagileari buruzko dokumentala eskainiko du; urriaren 7an bere filme laburren emanaldiaren txanda izango da: Six men getting sick eta The Cowboy and the french man; eta urriaren 14an, Terciopelo azul izango da ikusgai.

(Argazkiak: David Lynch)