Itzuli orri osora
Artearen hotsak Tabakaleran
jue, 20 ago 2009 08:46:00 +0200

Datorren irailaren 27ra arte, "Tabakalera Soinutan" erakusketak, soinuek gidatutako bidaia zirraragarri baten bidez, Donostiako eraikin mitiko honen txoko bakoitzaren ikuspuntu berri bat ezagutzeko aukera ematen du. Eskulturaz, ikus-entzunezko obrez eta soinudun egiturez osatutako erakusketa honek Tabakalera ikusi, bizi baina, batez ere, entzuteko bide berri bat zabaltzen du. Soinudun arteari eskainitako egitasmoa da hau eta soinuak berak gidatzen du erakusten diren hamabi obretan zehar jarraitu beharreko bidea.

Xabier Erkiza artistak asmatu eta zuzendu duen proiektu hau guztira hamabi artisten sinadurak daramatza. Gehienak atzerritarrak badira ere, bertoko hiruk ere hartu dute parte egitasmoan: Juan Jose Arangurenek, Patxi Araujok eta Mikel Arcek. Ikusgai dauden hamabi proposamenen gidaria soinua, bere azterketa eta ikerketa dira; honek espazioarekin eta bisitariarekin mantentzen duen erlazioa aztertzeko xedea du erakusketak.

Espazio bakoitzerako melodiak

Bai ikusleek eta baita eraikuntzak berak ere modu aktiboan parte hartzen dute erakusketa honen baitan, esku-hartze hau nahitaezkoa bilakatzen delarik obrek beren mezua era zuzenean garraiatzea erraztuz. Izan ere, erakusten diren lanetako batzuk berton ikus zitezen espreski sortuak izan dira baina, gainontzekoak eraikuntzaren tamaina eta egitura ikusgarriei egokitzeko moldatu behar izan dituzte artistek. Lan bakoitzak inguruan duten espazioaren ikuspuntua aldarazten dute, eta horietako hainbat gainera, bisitarien partaidetzari esker itxuraldatu egiten dira.

Erakusketa honen bidez artistek Tabakalerako hormek duten musika ezkutua azaleratu nahi dute. Erakusketak eraikuntzako beheko solairua eta lehen solairuko hainbat gela hartzen ditu, bertara hurbiltzen den bisitariari hainbat txoko ezberdin ezagutzeko parada emanez. Esan beharra dago gainera, aipatutako geletako asko, tabako fabrika zaharreko garai bateko sukaldea eta biltegia zeuden gelak, lehen aldiz zabaldu direla erakusketa bat hartzeko.

Zein da argiaren, mugimenduaren edota isiltasunaren soinua?

Erakusketa osatzen duten obren egileak, argi, bibrazio eta oszilazio efektuak edo isiltasuna bezalako elementu bitxietan oinarritu dira beren lanen bidez soinurik ezberdinenak sortzeko.

Edwin Van Der Heide holandarraren LSP obrak, adibidez, soinu digitalak eta laser argien isladak lotzen ditu espazioarekiko pertzepzioarekin jolas egin eta zentzumenean ilusioak eraginez. ºSone artista frantsesen taldeak, bere aldetik, Tabakalerako hormei bizia ematen die ateak, leihoak, paretak eta zorua dardararaziz. Suitzako Pe Lang sortzailearen Falling objects:one da beste obra bitxietako bat. Lan honetan, dozena bat makinek metalezko 100.000 esfera inguru botatzen dituzte sabaitik euri izoztu baten itxura emanez; erortzean, bolek soinu harrigarriak sortzen dituzte.

Juan Jose Aranguren donostiarrak, Las partituras del silencio lanean marraztuta azaltzen diren lerroak eta ez daudenek utzitako zuloek eragindako jokoari esker, isiltasuna ikusgarri egiten du. H.D.H izena du Patxi Araujo iruindarrak erakusketa honetarako sortutako lanak. Itxurazko itsaso baten bestaldean den zeru-ertza erakusten du, noizbehinka haizea eta olatuak altxatzen diren bitartean; ikuslearen kokapenaren arabera itsasoko uren harrotasun hori aldatuz doa. Azkenik, Mikel Arce bilbotarrak *.WAV izeneko eskultura dakar Tabakalerara soinua elementu material bihurtzea bide duena; entzumena sentsazio ariketa bilakatu nahi du artistak eta horrela, obra ikustean zentzumenen guztizko erlaxazioa lortzea.

Hitz gutxitan esanda, erakusketa paregabe honek, soinuaren itxura eta forma ezberdinen bidez, Tabakalerako egitura arkitektoniko ezberdinak ezagutzera gonbidatzen du bisitaria.

(Argazkiak: 1 eta 2: Asier Gogortza)