Itzuli orri osora
Guggemheimek pribatua zena begien bistan jartzen du (II)
vie, 03 jul 2009 08:46:00 +0200

Guggenheim New York Museoak mende erdia aurten betetzen duela eta, "Pribatutik publikora: Guggenheimen bildumak" erakusketaren bidez ospatzen ari da Bilboko Guggenheim Museoa urteurren hau. 2010eko urtarrilaren 10a arte zabalik egongo den erakusketa honetan arte modernoaren oinarrien eta honek XXI. mendera arte izandako bilakaeraren irakurketa interesgarri bat egiten da.

Ikusgai izango diren obren artean, Vincent Van Gogh, Paul Cézanne, Pablo Picasso, Vasily Kandinsky, Alexander Calder, Jackson Pollock, Sophie Calle edo Hiroshi Sugimotoren artelanak aurki daitezke, besteak beste.

Guggenheim Fundazioa eta bere bilduma

Guggenheim Bildumaren jatorria hainbat bilduma pribaturen elkarketan oinarritzen da batez ere: Solomon R. Guggenheim beraren bilduma; Karl Nierendorf (1889-1947) galeria jabe ospetsuaren lanak, Alemaniako espresionismoa eta arte espresionista abstraktu primitiboan oinarrituak gehienbat; Peggy Guggenheimen (1898-1979) pintura eta eskultura abstraktu eta surrealisten bilduma; Justin K. Thannhauseren (1892-1976) inpresionismo, postinpresionismo eta epe moderno primitiboko artelanak; eta de Hilla Rebayren (1890-1967) eta Katherine S. Dreieren (1877-1952) bilduma propioetako obra garrantzitsu batzuk. Azken bi hauek AEBko arte modernoaren bultzatzaile nagusienetakoak izan ziren.

Gaur egun "Pribatutik publikora" erakusketa osatzen duen bilduma iraunkorra 1.937. urtean gauzatzen hasi zen. Urte hartan, Solomon R. Guggenheimek, bilduma pribatuak erakusteko eta obra ez-objektiboak biltzeko museo bat eraikitzea xede izango zuen fundazio bat sortu zuen.

Guggenheimek eta Hilla Rebayk bere fundazioarentzat zituzten ametsak, bi urte beranduago (1939an) bete ziren Pintura Ez-Objektiboari eskainitako lehenengo Museoa ireki zutenean. New Yorkeko 54 Ekialdea helbidean kokatu zuten museoa eta Hilla Rebay izan zen, 1952ra arte, bertako lehen zuzendari eta jagolea.

1949an, New Yorkeko Bosgarren Etorbideko 1071 zenbakiko eraikuntza berrira aldatu zuten museoko bilduma behin betiko. Hamar urte geroago, helbide honetan bertan inauguratu zuten Frank Lloyd Wright arkitektuak altxatutako eraikuntza berri bat. Hemen aurkitzen da gaur egun ere Solomon R. Guggenheim New York museoa.

Solomon R. Guggenheimek eta Hilla Rebayk beti aurrera eramandako elkarlanak XX. mende hasierako mugimendu modernoari dagokion arte bildumarik ikusgarrienetakoa osatzea ahalbidetu du urte guzti hauen buruan.

Etorkizunari begiratzen dion fundazioa

Bere oinarrietan Solomon R. Guggenheimek zituen asmoei jaramon eginez jarraitzen du egun ere fundazioak. Sortzailearen betiko ametsa izan zen etorkizuneko artea ezagutaraztea eta helburu hau gauzatzeko, mandatu artistikoak bultzatzen dituen programa baten bidez, arte garaikidean inbertitzeko diru kopurua handitzeko konpromezua hartu berri du fundazioak. Era berean, artisten lana saritzeko, bi urtero banatzen ditu Hugo Boss Sariak.

Horrez gain, Fundazioak era anitzetako obrak batzen ditu, bai artista ospetsuenak eta baita talentua duten hainbat eta hainbat hasiberrirenak ere. Artista guzti hauek modu askotako obrak lantzen dituzte eta medio ezberdinetan garatzen dute beren lana. Bilketa guzti honen emaitza, egun 7.000 obratik gora dituen bilduma ikusgarri bat da; bilduma honek bere obra kopurua bikoiztu egin du 1990etik hona. 1970. urtetik aurrera egindako obrak bereganatu izanak ahalbidetu du batez ere, bildumaren hazkunde horren harrigarria.

Argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa