Itzuli orri osora
Guggemheimek pribatua zena begien bistan jartzen du (I)
vie, 26 jun 2009 08:45:00 +0200

New Yorkeko Guggenheim Museoa ireki zenetik 50 urte bete direla ospatzeko, datorren ekainaren 26an "Pribatutik publikora: Guggenheimen bildumak" izeneko erakusketa bat abiatuko du Bilboko Guggenheim Museoak. Erakusketa honek Solomon R. Guggenheim Foundationeko Bilduma iraunkorraren jatorria aztertzen du.

2010eko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai "Pribatutik publikora: Guggenheimen bildumak" erakustaldia. New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundationek antolatu du eta epe ezberdinetako ospe handiko artisten ehun bat obrek osatzen dute; artelan guztiak eremu pribatuko zazpi bilduma ezberdinetakoak dira.

Biharko artearen jagoleak

"Pribatutik publikora: Guggenheimen bildumak" erakusketak Guggenheim bilduma iraunkorraren historia eta bere eboluzioaren bizitasuna eta dinamismoa ezagutzeko aukera aproposa eskaintzen du. Solomon R. Guggenheim eta Hilla Rebayren (bilduma honen sorrera eta hazkundearen bultzatzaile nagusiak) lan paregabeak eta beste artista anitzen laguntzak, XX. mende hasierako arte modernoaren mundu mailako bildumarik ikusgarriena gauzatzea ahalbidetu du.

Erakusketa honen bidez bisitariak arte modernoaren oinarrien inguruko eta honek XXI. mendera arte egindako bidearen ikuspuntu interesgarri bat bereganatuko du. Era berean, XIX. mende amaierako eta XX.mendeko arte abangoardistatik hasi eta arte garaikiderainoko bidaia zirraragarria egiteko aukera izango du Vincent Van Gogh, Paul Cézanne, Pablo Picasso, Juan Gris, Vasily Kandinsky, Marc Chagall, Paul Klee, Alexander Calder eta Jackson Pollock bezalako artista ezagunen lanez gozatuz. XX. mendeko arteak ere izango du bere tartetxoa erakusketa honetan Sophie Calle, Jac Leirner, Hiroshi Sugimoto, eta Jane eta Louise Wilsonen lanei esker, besteak beste.

Banaketa zaindua

Bilboko Guggenheim Museoko hirugarren solairuak guztira erakutsiko diren zazpi bildumetatik sei hartuko ditu (Solomon R. Guggenheim, Justin K.Thannhauser, Hilla Rebay, Katherine S. Dreier, Peggy Guggenheim eta Karl Nierendorf). Hango hiru gela klasikoetan zehar, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako mugimendu artistiko esanguratsuenak islatuko dituen pintura eta eskulturak egongo dira, arreta handiz aukeratuak guztiak.

90. hamarkadatik aurrera medio ezberdinen bidez (bideoa, arte kontzeptuala, argazkilaritza, e.a.) gauzatutako beste hogeita hamar obra inguruk osatuko dute erakusketa. Lan hauek 2001. urtean utzi zizkion Bohem Fundazioak Solomon R.Guggenhein Foundationari.

Zer ikusirik baduten zazpi estilo eta bilduma

"Pribatutik publikora" erakusketa osatzen duten artelanen aukeraketa arduratsua dela medio, bildumari, baina batez ere, artearen maitale eta miresle diren eta beren bizian epe ezberdinetan bada ere inoiz gurutzatu ziren sei artista hauen arteko lotura bitxiak aurki daitezke bilduma honen barren barrenean begiratuz gero. Bildumazale bezala zituzten lehentasunak eta beren gustu pertsonalak berberak ez izanda ere, sei bilduma moderno hauek bide beretik doaz zenbait unetan.

Ikusgai jarriko diren hainbat obrek jatorria eta, zenbaitetan, jabeak ere berberak izan dituzte.Franz Marcen Behi horia eta Delaunay hiria (1911koak biak) obrak "Zaldizko urdina" taldearen lehen erakusketan erakutsi ziren 1911ko abenduan Moderne Galerie erakusketa lekuan. Galeria honen jabea Heinrich zen, Thannhauseren aita. Urte batzuk beranduago obra hauek Solomon R. Guggenheim Fundazioak bereganatu zituen.

Era berean, Nierendorfek New Yorken zeukan galeriak Hila Rebayri, Solomon R. Guggenheimi eta Peggy Guggenheimi hainbat obra saldu zizkien berrogeigarren hamarkadan, Fundazioak bere ondasuna eta galeria honen bilduma osorik 1948an bereganatu baino lehen.

(Argazkiak: guggenheim-bilbao)