Itzuli orri osora
Joaquim Mir: naturaren kolorea
vie, 22 may 2009 08:45:00 +0200

Bilboko Arte Eder Museoak Joaquim Mir XX. mende hasierako Kataluniako margolari ospetsuenetakoaren erakusketa antologiko bat eskaintzen du datorren uztailaren 26ra arte. Proposamenak artistaren obrarik esanguratsuenetako batzuk biltzen ditu. Horrez gain, lan ezezagun batzuk ere ezagutzera ematen ditu. Bildumak Mirren ibilbidean argiak eta koloreak izan duten garrantzia azpimarratzen du. Guztira, 80 lan izango dira ikusgai datozen hilabeteetan bilbotar museoan.

Joaquim Mir XX. mende hasierako pintura kataluniarreko margolaririk ospetsuenetakoa eta eraginkorrenetakoa da. 80 lan inguruko aukeraketatik abiatuta (tartean daude olioak, pastelak eta marrazkiak, batzuk inoiz jendaurrean erakutsi gabeak), La Caixa Gizarte Lanak orain arte Bartzelonako artista honen obrari buruz egin den erakusketarik zorrotzena antolatu du Bilboko Arte Eder Museoan.

Erakusketaren helburua bere ibilbide artistikoaren ikuspuntu osoa eskaintzea da, naturalismo goiztiarrean hasi eta inpresionismotik eta abstrakziotik hurbil dagoen estilo pertsonalagora heldu arte. Horrekin batera, Joaquim Mirren panorama biografikoa ere eskaini nahi da eta, ondorioz, erakusketak artistaren bizitzako zenbait une errepasatzen ditu, kronologikoki. Hori horrela, bere bizitokiak ezagutuko ditu bisitariak: Bartzelona sorterritik hasi eta Mallorcan, Camp de Tarragonan, El Vallès eskualde bartzelonarrean eta Vilanova i la Geltrú hiri bartzelonarrean egindako egonaldietara heldu arte.

Francesc Miralles komisarioak urte asko eman ditu ikerketak eta interpretazioak egiten eta Nadia Hernández eta Olga Sauquet alboko komisarioekin batera egindako lanari esker, erakusketa antologiko honek artistaren piezarik heldu eta zuhurrenetako batzuk erakusten ditu. Horrez gain, publikoarentzat ezezagunak diren beste dozena bat lan ere ikusi ahalko dira, denak ere zenbait bilduma pribatutatik ekarritakoak. Gainera, margolariak berak familiartean egindako filmazioen aukeraketa bat dago, Josep Mir i Estalella bere semeak erakusketa honetarako lagatakoak.

Bilbon aurkeztu aurretik, "Joaquim Mir. Erakusketa Antologikoa 1873-1940" Bartzelonako CaixaForumen ikusi ahal izan zen, 2009ko otsailaren 4tik apirilaren 26ra bitartean.

Kolorea eta argia

"Nahi dudan bakarra da nire lanek jendearen bihotzak alaitzea eta begiak zein arimak argiz betetzea". 1928an, Joaquim Mirrek (Bartzelona, 1873-1940) horrela laburbildu zuen bere artista manifestua. Bartzelonako margolariarentzat, kolorea eta argia den-dena ziren eta, horri jarraituz, estilo pertsonala eraiki eta oso obra modernoa sortu zuen. Horrela, egotzi nahi izan zaizkion mugimendu artistikoak, besteak beste, inpresionismoa edo sinbolismoa, baino urrunago joan zen margolaria.

Bere bilakaera artistikoa errealismoaren eta abstrakzioaren artean ibili zen, baina bere produkzio piktorikoan bi konstante agertzen dira: naturaren ikuspegi berriaren ezarpena eta edertasunaren bilaketa irmo baina tentsio sortzailez betea.

(Argazkiak: Bilboko Arte Eder Museoa)