Itzuli orri osora
krisia, ARCO 2009ren erronka berria
vie, 13 feb 2009 08:44:00 +0100
Artearen munduan zailtasun ekonomikoak antzematen hasi dira, eta Euskal Herriko galeristen artean ere nabarmena izan da galerien kopuruaren beherakada. Bilboko hiru galeria, Carreras Mugica, Windsor Kulturgintza eta Vanguardia, Trayecto gasteiztarrak, Moisés Perez de Albeniz iruindarrak, eta azkenik Altxerri donostiarrak dira Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokan euskaldunen gaitasun artistikoak erakusteaz arduratu direnak.

Madrilgo azoka, ARCO bezala ere ezaguna, 1981ean egin zen lehendabiziko aldiz, eta gaur arte, urtero-urtero mundu osoko galeria, artista eta arte-merkatariak gerturatu izan dira bertara. Baina arteko jakintsuez gain, mundu guztiarentzako irekitzen ditu ateak ARCOk. Bere sorrera eztanda artistiko, musikal eta plastikoaren garaiarekin lotu behar da, izan ere, orduantxe bilakatu zen Madril munduko hiri moderno eta dibertigarrienean.

Sortu zenetik ARCOk argi izan du lokalismoa alde batera utzi eta nazioartearen aldeko apustua egin behar zuela. Aurten ere, aurreko edizioetan bezala, IFEMAren eskutik Madrilgo Azokan hitzordua dute mundu osoko bildumagile, galerista, artista eta arte adituek, eta aurten, indarra hartzen ari diren merkatuen eta nazioarteko gune artistiko nagusien alde egin du antolakuntzak.

India gonbidatu nagusia

Aurtengo ekitaldiko herrialde gonbidatua India da, izan ere, eskualde hau arte azokaren izar handia bilakatu da. Bose Krishanamachari komisarioak aukeraturiko 13 galeria eta berrogeita hamarren bat artista izango dira bertan, eta horrela, ARCOmadrilek bildumagile eta inbertitzaile europarrei Asiako lurraldearen ikuspegi garrantzitsu bat erakutsiko die.

Jende guztiarentzako erakusketak

Programa orokorrak guztira 196 galeria bilduko ditu, horietatik 73 Estatu espainiarrekoak eta 123 atzerrikoak, Ameriketako, Europako, Asiako eta Afrikako 27 lurraldeetatik etorritakoak. Bigarren urtez jarraian, jendeak ARCO40k eskaintzen duen arte gazte eta berritzailearengana hurbiltzeko aukera eskaintzen du, egungo produkzioaren erreferentzia puntu eta ospe handiko galeria berrien sarbidean bilakatuz.

Erakusketa komisarioak

ARCOmadrid_2009ren eraberritzearen beste ardatzetako batzuk erakusketa komisarioak dira: SOLO PROYECT programak eszena garaikidearen aniztasuna erakusten du egungo sorkuntzan indarrean dauden puntu garrantzitsuenetako 35 proiektu artistiko azalean jarriz.

Bestalde, PERFORMING ARCO performance generoari lotuta dagoen erakusketa da, eta genero honetarako bereziki sortutako gune batean daude erakusgai lan horiek. Bertan, publikoak ekitaldi ezberdinak zuzen zuzenean ikusi ahal izango ditu.

Formatu eta testuinguru berrien hedapenean oinarritutako erakusketak EXPANDES BOX izena hartzen du, artearen espezializazioan eta teknologia berrietan oinarrituta dagoena. Azkenik, CINEMA sailean bideo-arteari zuzenduriko monografikoak atzemango ditu bertaratutakoak, zeinetan STUDIO izeneko gune bat aurkituko duen eztabaida, elkarrizketa, hitzaldi, bakarrizketa, konferentzia eta inprobisazioekin loturikoa.

Aipaturiko guztiaz gainera, erakusketak ARCO erakundearen alor bat ere badu, bildumazaletasunaren bitartez artearen munduan murgildu diren erakunde publiko eta pribatuak sustatu eta indartzeko helburuarekin sortua.

Kalitatearen aldeko apustua

Abangoardia historikoetatik hasi eta teknologia berriekin egindako sorkuntzetaraino abaniko zabal baten erakusleiho gisa, ARCOmadril_2009k jada ateak ireki ditu eta datorren otsailaren 19a bitarte hara inguratzeko parada izango da artea gustuko duen orok.

Europan, Arte Garaikidearen adierazpen handienetako bat da ARCO. Edizio berri honen helburua krisi ekonomikoa saihestea da, 200 stand baino gehiagotan dauden obra eta egile ezberdinak bere baitan hartuz.

2009ko denboraldia jada inauguratu du ARCO azoka madrildarrak. Merkatuaren azken adierazleak kontutan hartuta, aukera paregabea eskainiko die bertara hurbildutako profesionalei estatu mailako nahiz nazioarteko sormen artistikorik onenekin hartu-emanak izateko.

(Argazkiak: EFE)