Itzuli orri osora
Prado Museoa, pinakoteka bat sarean
vie, 30 ene 2009 08:44:00 +0100

Prado Museoak bere bilduma ezagutzeko aukera eskaintzen du Interneten. Bere webgunean, hamabi hizkuntzatan, galeria desberdinetan aritu daiteke erabiltzailea eta, horrela, pinakoteka honek gordetzen dituen maisulanak gehiago ezagutu. Hilabete honetan, gainera, Prado Museoan bertan gordetzen diren lanak Internet bidez kalitate handiko irudiekin ikusteko aukera ematen duen lehen museoa bilakatu da. Aplikazio berri honekin, erabiltzaileak giza begiak bereizten ez dituen xehetasunak ikusteko aukera izango du Meninak edo Hiru Graziak bezalako lanetan, besteak beste. Horretarako, "Pradoko maisulanak Google Earthen" proiektua elkarlanean egin dute Prado Museoak eta Googlek. 14 lan biltzen ditu ekimenak eta "Eraikinak 3D" geruza martxan jarri eta Prado Museoaren gainean klik eginez gero, erabiltzaileak aztertu nahi duen obra ikusi ahalko du.

Googlek eta Prado Museoak elkarrekin aurrera eraman duten ekimenari esker, pinakotekak gordetzen dituen margolaritzako maisulanak munduko edozein lekutatik ikusi eta aztertu ahalko diren lehenengoak dira. Hori guztia, gigapixel irudien aurkezpenaren bidez egin dute. Ekimen honekin, gaur egun teknologia berriek eskaintzen dituzten arte-ondarearen hedapenerako aukeren alde egiten aitzindari izan nahi izan dute. Horrela, obra hauen irudiak, Google Earthen bidez bakarrik ikus daitezkeenak, adituek edo zaletuek aztertuak ahal izango dira eta artistak margotutako xehetasun txikienak ere bereizi ahal izango dituzte; azpiko marrazkiak, bernizaren krakeladura eta begirada zuzenarekin nabari ezin daitezkeen beste hainbat alderdi, alegia.

Google Earthek eta bere teknologia paregabeak 14.000 megapixel inguruko irudi hauetan nabigatzea ahalbidetzen du, 10 megapixeleko kamera digital batek lortuko lukeena baino 1.400 aldiz gardentasun gehiago eskainiz. Horrez gain, Prado Museoak Google Earthen duen aplikazioak eraikinaren 3Dko erreprodukzio bat du.

Joan den maiatzean proiektu honen arduradunak argazkiak egiten hasi ziren eta prozesuak hiru hilabete inguru iraun zuen. Denbora horretan, irudiak ekipo bereziarekin jaso ziren. Gainera, arreta handia jarri zuten artelanak ez kaltetzeko. Materiala bildu ondoren (guztira, 8.200 argazki baino gehiago), Google Earth teknologia erabili zuten gerturatze teknika aplikatzeko.

Ezagutza mundura hedatzen

Prado Museoko zuzendariak, Miguel Zugazak, esan du "Artearen historiaren maisu handiak omentzeko era onena bere obren ezagupena ahalik eta baldintza onenetan unibertsal bihurtzea da eta Google Eartheko proiektu hau, zalantzarik gabe, helburu honetan aurrera pausu garrantzitsu bat da".

Bestalde, Javier Rodriguez Zapaterok, Google EspaƱako zuzendari nagusiak, esan du "Google Earthen teknologiari esker obra hauekin inoiz egin ez den bezala gozatu daitekeela, zuzenean ikusita nabari ezin daitezkeen xehetasunetara iristeko aukera ematen baitu. Emaitza hau jasotzeko lan gogorra egin dugu hilabete hauetan eta emaitza ikaragarria da benetan. Gainera, proiektu honekin informaziora eta kulturara sarbidea demokratizatzeko lanarekin aurrera jarraitzen dugu, oraingo honetan Artea mundura gerturatuz, non zauden axola gabe.

Irudien xehetasun mailak, ia mikroskopikoa, artistek erabilitako teknika desberdinak aztertzeko balio du, begiak ikusi ezin dituen xehetasunak, alegia. "Honekin obra hobeto ulertu dezakegu", adierazi du Laurence Fontinoyk, Google EspaƱako Marketing zuzendariak.

Irizpez egindako aukeraketa

Prado Museoan dauden obra kopuru handia dela eta, Google Earthen azalduko ziren lanen hautaketa zaila izan da. Horrela, erakutsiak izango ziren pintura kopurua zehazteko, Museoak bere webgunean egiten duen proposamena hartu dute irizpide bezala (www.museodelprado.es) Hortaz, Google Earthen ikus daitezkeen Prado Museoko hamalau maisulanak hurrengoak dira: Juan de Flandesen Gurutziltzaketa, El Grecoren Eskua bularrean duen zalduna, Velazquezen Meninak, Riberaren Jacoben ametsa, Goyaren 1808ko maiatzaren 3a, Fra Angelicoren Deikundea, Rafaelen Kardinala, Tizianoren Karlos V.a enperadorea, zaldiz, Moehlbergen, Tiepoloren Sortzez Garbia, Roger van der Weydenen Gurutzetik eraistea, El Boscoren Gozamenaren lorategia, Rubensen Hiru Graziak, Duereren Autoerretratua eta Rembrandten Artemisa.

(Argazkiak: www.museodelprado.es)