Itzuli orri osora
Twombly, eztanda kromatikoa Guggenheimen
vie, 12 dic 2008 08:43:00 +0100
Espresionismo abstraktu estatubatuarra Bilbora iritsi da. Cy Twombly Amerikako Estatu Batuetako margolariaren ehundik gora margolan, eskultura eta marrazki ikusgai izango dira Guggenheim Museoan datorren otsailaren 15a bitarte.

Cy Twomblyk laurogei urte bete ditu eta gaur itzal handiko artista aktibo eta garrantzitsua izaten jarraitzen du. Hori dela eta, Bilboko Guggenheim Museoak talentu handiko sortzaile honen atzera begirako erakusketa monografikoa jarri du martxan, bere ibilbide luze eta zabala aztertzen duen lana, hain zuzen ere. Erakustaldiak bere ibilbidean egindako lanaren funtsezko gakoak erakustea du helburu.

Londresko Tate Modernen lankidetzarekin batera antolatu du erakusketa Guggenheim museoak, eta Cy Twomblyni zuzendua dago. Artistak bide luze honetan garaturiko serie tematiko garrantzitsuenei egiten die erreferentzia aurkezpenak.

Obra eta museoan ibilaldia

Irudikapena kronologikoki dago antolatuta, hasi 50 eta 60ko hamarkadetan eta egungo lanetaraino. Gainera, aipatzekoa da obra horietako batzuk lehendabiziko aldiz daudela jendaurrean ikusgai.

Erakusketa museoko bigarren solairuko "salas clasicas" delakoan dago kokatua. Lanak nabarmentzeko argiztapen bereziak dituzte gela hauek, Juan AriƱoren emaitza.

Twomblyk Amerikako Estatu Batuetan 1951an egindako lan batzuekin emango zaio ibilaldiari hasiera. Bisitariak artistarengan mundu mediterraneoak izandako eragina ikusi ahal izango du, nahiz eta, batez ere, kolore zuri beltzak, pinturarekin nahasturiko marrazkiak, eta bere ondorengo lanetan lerro eta trazuak hobetzeko saiakerak nagusitzen diren.

Erakusketak trazuaren eta kolorearen bilakaera ematen du aditzera, eta hasieran lotsakor ageri badira ere, geroago egindako sailetan obrek bizitasuna irabazten dute.

Aipaturiko guztiaz gainera, erakusketak azken urteotan museoak artista honekin izandako harremana eta konpromisoa azpimarratu nahi izan du. 2007an, esaterako, Nine Discourse on Commodus (Komodori buruzko bederatzi gogoeta) seriea eskuratu zuen museoak, 1963an sortua, Cy Twomblyk aleka eginiko lehendabiziko saila. Erakustaldia azken lan honen ingurukoa da.

Obra honek bederatzi oihal barneratzen ditu, eta horietan aipatzekoak dira "Ferragosto" (1961), bakarkako pintura gisa ikus daitezkeen bost oihal, "Hero and Leandro" sailak (1984), eta "Quattro Stagioni" (1993-1994) lana.

Artistaren ibilbidea

Cy Twombly Lexingtonen, Virginia (AEB), jaio zen 1928an. Bostonen egin zituen ikasketak, New Yorkeko Art Students Leaguen, eta bertan, 1950. urtean Robert Rauschenberg ezagutu zuen. Urte bete geroago Black Mountain Collegen sartu zen, Ipar Karolinan, eta arte amerikarreko pertsona famatu asko ezagutu zituen, Ben Shahn edo Franz Kline, besteak beste.

1952an eta Rauschenbergen laguntzarekin, Europa eta Afrika aldera jo zuen, eta 50eko hamarkada erdialdean, elkarrekin egin zituzten ikasketak. Garai honetan akrilikoaren eta oleoaren gainean arkatza eta margo-arkatza nagusitzen zen.

1957an Italia aldera joan zen, eta New Yorkeko dinamika artistikoarekin hautsi egin zuen. 1959. urtean eskultura alde batera utzi zuen, nahiz eta, 1976an, eta hamasei urte geldi egon ostean, berriz ere diziplina hau berreskuratu. Hasi 80ko hamarkadan eta gaur egun arte, batasun handiko gogoeta artistikoak garatzen dihardu Twomblyk.

Carmen Jimenez erakusketako komisarioak adierazi du erakustaldiak ez duela soilik bere magia pertsonala erakusten, pintura garaikidearen muga nahaspilatsuetara eramaten gaituela baizik. Bertara inguratzen denak artista estatubatuar handi honen adierazpide aberatsa ikusteko aukera izango du.

(Argazkiak: www.guggenheim-bilbao.es)