Itzuli orri osora
Bilboko Arte Eder Museoak Picassok ilustratzaile gisa egindako lana du ikusgai
mar, 21 oct 2008 08:43:00 +0200

"Picasso eta liburuak" erakusketak liburu ilustratuz eta grabatuz osatutako bilduma anitza biltzen du, bisitariari Malagako margolari eta eskultorearen lan grafikoa gerturatzeko. Bancaja Fundazioak babestutako erakusketak irailaren 15ean ireki zituen bere ateak eta azaroaren 30a arte bisitatu daiteke.

Eskaintza hau paper gainean eginiko lanak goraipatzen dituen Artearen papera programaren baitan dago. Guernica ospetsua egin zuen egilearen alde ezezagunago bat erakusten dio ikusleari: ilustratzailearena, hain justu.

Horrela, pinakoteka bilbotarrak Picassok grabatzaile gisa egindako ibilaldi emankorra eta luzea omentzen du, 25 liburu ilustratu eta horietako 8rekin lotuta dauden 108 estanpa bilduz.

XX. mende hasierako idazle klasiko handiek (Góngora eta Balzac) eta garaikideek (Breton eta Tzara) sinatutako maisulanen azaletan zein barrualdeetan egin zituen kolaborazioak ikusgai daude "Picasso eta liburuak" erakusketan.

Nabarmentzeko modukoak dira, batetik, Sueño y mentira de Franco libururako marraztutako ilustrazioak, Espainiako alderdi errepublikanoarekin zuen konpromiso politikoa agerian uzten dutenak, eta, bestetik, Tauromaquia lanean zezenetarako zuen zaletasuna erakusten dutenak.

Ikusgai jarritako liburu sorta 1923 eta 1972 artean egindakoa da, eta garai hartako teknika nagusiak erabili zituen bertan, punta lehorra, harri gaineko litografia, akuafortea, urtinta, linolioa, zink-xafla, fotograbatua eta offseta, besteak beste. Halaber, Picassok grabatuak egiterakoan saiakera ugari egin zituen kalitate anitzetako paperekin, tonu desberdinekin, eskuz eginiko argiztapenekin...

Bi hamarkada grabatuaren arteari eskainita

Pablo Ruiz Picassok (Malaga 1881 - Mougins 1973) hogeitik gora urtez jardun zuen grabatuak sortzen eta, guztira, 400 litografia baino gehiago egin zituen. Mugimendu kubistaren sortzaileak sona handiko Fernand Mourloten litografia-tailerrean egin zuen lan Parisen. Matisse, Miró, Léger eta Giomettiren mailako artistekin ezagupenak eta kreazioak partekatzeko parada izan zuen bertan.

"Picasso eta liburuak" artistaren lanaren inguruan Bilboko Arte Eder Museoan eta Bancaja Fundazioaren babesarekin antolatu den hirugarren erakusketa da. Zikloa 2005eko irailean "Picasso. Ausikien kutxa" izeneko erakusketarekin hasi zen. 45 grabatuz osatutako serieak Pablo Picassok bere jarduera artistikoan bidelagun izan zituen obsesioak eta kezkak irudikatzen ditu. 2007ko uztailean, aldiz, artista malagarrak eginiko lan grafikoaren lehenengo bilduma miresteko aukera izan zuten "Picasso. Suite Vollard" erakusketara bertaratutakoek. Ikusgai jarritako 100 grabatuak Ambroise Vollard arte merkatariak eginiko enkargu bat izan ziren.

"Picasso eta liburuak" erakusketa azaroaren 30a arte bisitatu daiteke Bilboko galeriako 33. aretoan.

Museoren mendeurrena

Urriaren 5ean, bertara doan sartzeko aukera ematen zuen egunarekin bat eginez, Bilboko Arte Eder Museoak Patronatuaren lehenengo bilera ospatu zuen. Horren lanari esker, sei urte geroago, otsailaren 8an hain zuzen ere, pinakoteka inauguratu zen.

Javier Viarrek zuzentzen duen museoak 7.000 pieza baino gehiagoko bilduma propioa du gaur egun.

(Argazkiak: Bilboko Arte Ederretako Museoa)