Itzuli orri osora
Juan Muñozen lan onenak biltzen dituen erakusketa Guggenheimen ikusgai
jue, 14 ago 2008 08:42:00 +0200

Londreseko Tate Galleryk osatutako erakusketan 80 pieza bildu dituzte; eskulturaz gain, marrazki, idazki eta irrati-lanak ere egongo dira urriaren 5era arte ikusgai Bilboko museoko bigarren solairuan.

Juan Muñoz eskulturagile madrildar handiari buruz Londreseko Tate Galeriak egin zuen atzera begirakoa dago ikusgai Bilboko Guggenheim Museoan. Hala, lehenengo aldiz, Espainiako Estatuan egongo dira ikusgai 2001ean zendu zen artista madrildarraren artelanak.

Ingalaterrako hiriburutik etorritako erakusketa 80 lanekin osatu dute. Muñoz eskulturgintzan egin zen famatu, baina marrazkiak, idazkiak eta irrati-lanak ere badaude urriaren 5era bitartean museo bilbotarreko bigarren solairuan egongo den erakusketan.

Gero, Muñozi (Madril 1953-Ibiza 2001) buruzko atzera begirakoa Oportora eramango dute eta handik Madrilera.

Uda aldera Bilbo bisitatzen duen edonork Museoaren erakusketa garrantzitsuena izango denaz gozatu ahal izango du. Besteak beste, Many Times (1999), Escenas de Conversacion (1994), Trece riendose los unos de los otros (2001) eta Figura Colgante (2001) artelan handiak daude ikusleentzat ikusgai.

Muñozen lanaren erakusgarri diren lan horietaz gain, Londreseko erakusketan ez zeuden bi lan gehiago daude. 1999ko Figuras sentadas con cinco tambores eta Descarrilamiento dira azken orduan Cristina Iglesiasen, Muñozen alargunaren, kudeaketari esker erakusketari gehitu zizkioten lanak.

Eskulturagile madrildarraren artelanek hamaika ezaugarri dituzten arren, umorea eta ironia dira garrantzitsuenak. Horren adibide garbia da lan bat; horretan, bi gizakiren eskultura txikia ikus daiteke Museoaren ertz batean, Richar Serraren La materia del tiempo-ko eskultura erraldoien parean.

(Argazkiak: EFE)