Itzuli orri osora
Erromatarrak berriro ere Irunen
vie, 04 jul 2008 08:42:00 +0200

Zibilizazio klasikoei errepaso bat emateak gauza asko eskatzen ditu, besteak beste, dokumentatzea, pentsalari handien gainean irakurtzea, kultura horretan murgiltzea edo arkeologia-aztarnategiak ezagutzea. Baina, nola bihur daiteke ikasketa erakargarri publiko guztientzat? Irungo Oiasso Erromatar Museoak horren erantzuna topatu du Erroma bizirik! proiektuarekin, pantaila handiaren laguntzaz erromatarren garaia berrikusten duen proiektuarekin, hain zuzen.

Ciceronek esan zuen behin "denbora betikotasunaren parte zehatza dela", eta hitz zentzudun horiek aintzakotzat hartuz Cesar handiak gobernatu zuen garai hura gogoratu nahi du Irungo Oiasso Erromatar Museoak; geroaldi bat markatu zuen denbora hura, alegia. Erroma bizirik! Zibilizazio erromatarra, zinearen bitartez erakusketa erreminta aproposena izango da zazpigarren artea eta zibilizazio erromatarra batzeko. Fusio honetaz gozatu nahi duenak, irailaren 30a baino lehen joan beharko du bertara.

Asier Mensuro erakusketaren komisarioaren hitzetan, museo irundarrak "aztarnak eta oinatzak baino gehiago" espazio "bizia" aurkeztuko du. Bisitaria antzinako Erroman murgilduko da museoko bi aretotan ezarritako panelen bidez. Agertoki hauetan erromatarren inguruko ekoizpen zinematografiko handien irudiak izango dira ikusgai, pelikulen eta filmazioen argazkiak.

Gainera, ekintza osagarri moduan, ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko lehenengo larunbatetan hainbat film proiektatuko dira. Eguerdiko 12:00etan, La bella Helena (1917) eta Galathea (1935), Charlotte (Lotte) Reiniger zinemagile alemaniarraren film labur grekolatindarrak erakutsiko dituzte. 17:00etan, ostera, Reinhold Schünzelen Amphitryon pelikula eskainiko dute (jatorrizko bertsioan, azpitituluekin).

Irun Oiasso zenean

Estrabon, Plinio edo Ptolomeo bezalako autoreek Oiasso, (Bidasoaren bokalean antzina zegoen portu hiria) aipatu zuten behin baino gehiagotan beraien testuetan. Gaur egun, Oiasso XX. mende amaierako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuena da Gipuzkoan.

Irungo hiri modernoan erromatarren aztarna ugari daude, aintzinako Oiassoren hondakinak. Lur azpian ezkutatuta egon den ondarea ezagutzen laguntzen dute aztarna horiek.

Erromatarren kultura eta eragina mendeetan zehar transmititu da William Shakespeare edo George Bernard Shaw dramaturgoei eta Jean Luc David edo Tiepolo margolariei esker, adibidez. Egun, Irungo Oiasso Erromatar Museoak zinematografoaren asmakuntza erabili du iragan hura hurbiltzeko eta denboran atzera eginda erromatar haien ondarea bertatik bertara erakusteko.

(Argazkiak: Oiasso Erromatar Museoa)