Itzuli orri osora
Guggenheim Bilbao Museoan instalazioa sormenaren lanabes
vie, 09 may 2008 08:40:00 +0200

Instalazioak, kreazio eta ekoizpen artistiko bezala, tarte berezia beteko du Guggenheim Museoan gaurtik aurrera: "Instalazioak: Guggenheimeko Bildumetako aukeraketa" erakusketa berriarekin.

Guggenheim Bilbao Museoak bilduma berri bat izango du ikusgai urtarrilaren 5era arte: "Instalazioak: Guggenheim Bildumen aukeraketak". Orain dela gutxi ireki den erakusketa honek instalazioa sormen eta ekoizpen artistiko bezala agertzen du. Horretarako, lau espazio atondu dituzte nazioarte mailako artista batzuen piezak, formatu ezberdinekoak, biltzeko. Lanok mundu osoan dauden Guggenheim museoen bildumetakoak dira.

Museoak areto handi bat prestatu du beheko solairuan, eta bertan jarri dituzte obra guztiak: Rirkrit Tiravanija jatorri thailandiarreko argentinarraren Titulurik gabea 2002 (hark zin egin zuen), Matthew Ritchieren Arazo hirearkikoa, (2003), David Altmejden Unibertsitatea 2 (2004), eta Javier Perezen Sedukzio-maskara (1997).

Instalazio honen bidez, artistek espazio berriak sortu nahi dituzte, ikusleak horien artean aske ibil daitezen, kontenplazio hutsetik haratago joanda. Publikoaren eta sormen lanaren arteko elkarreragina bultzatzea dute helburu nagusi. Horrela, lau artista hauek museoa esparru ireki bihurtu dute, bisitariak ipuin pertsonalak, mitologia pribatuak, gizarte konfigurazio berriak edota agerkunde kosmikoak aurkitu ditzan.

Ekintza ugari

Nat Trotman erakusketako komisarioak Tiravanijaren obra azpimarratu du. Artistak esparru argitsu bat sortu du telebista monitoreak, lorezaintzako landareak eta kuxin handiak baliatuz. Ikusleek altzairuzko eta kromozko eskultura honetan murgiltzeko eta ekintza desberdinak egiteko aukera izango dute. Sorkuntza honek 80ko hamarkadako etxe txiki baten arkitektura eta estudio modernista argentinar bat moldatu nahi ditu, eskala txikian.

Instalazioa da artearen historia garaikidean gehien garatu den adierazpenetako bat. XX. mendearen amaieran garrantzi handia hartu zuen ekoizpen artistiko gisa, esperientzia fisiko batean murgiltzea eskatuta. Horren jatorriak ezagutzeko Dali edo konstruktibista errusiarrak aztertu behar dira ere, 90eko hamarkadako eskulturagileak ere 50eko artista minimalista eta posminimalistetan oinarritu dira. Horien artean Richard Serra nabarmentzen da eskulturen bidez giza esperientzian sakondu baitzuen. Horrela, artelan bat ingurune multimediara eraman du Guggenheimek.

(Argazkiak: 1 eta 2: Guggenheim Bilbao Museoa; 3, 4 eta 5: EFE)