Itzuli orri osora
Guggenheimek surrealismoaren eraginak aztertzen ditu
vie, 11 abr 2008 08:40:00 +0200

Londresko Victoria and Albert Museumek antolatuta eta Guggenheim Bilbao Museoarekin batera ekoiztuta, "Surrealismoaren gauzak" abangoardiako mugimendu honek diseinuaren munduan izan dituen eraginak erakusten dituen lehen erakusketa da. Guztira 250 lan daude ikusgai, hainbat alorretakoak: pintura, antzerkia, barne diseinua, altzariak, moda, zinea, publizitatea eta arkitektura.

Guggenheim Bilbao Museoak aldi baterako erakusketarik garrantzitsuenetakoa aurkezten du 2008ko negu honetan: "Surrealismoaren Gauzak", Londresko Wictoria and Albert Museumek antolatua eta BBVAren babesarekin. XX. mendeko mugimendu garrantzitsuenetako batek diseinuaren munduan (pintura, antzerkia, barne-diseinua, moda, zinea, arkitektura, altzariak eta publizitatea barnean hartuz) izandako eragina aztertzen duen lehenengo erakusketa da.

Berrehun piezatik gora biltzen dituen "Surrealismoaren gauzak" erakusketak lehen aldiz aztertzen ditu abangoardiako mugimendu artistiko honek -XX. mendeko itzal handienekoa beharbada- arkitekturan, diseinuan eta dekorazio arteetan izan duen eragina. Bertan ikusi ahal izango ditugu, besteak beste, Elsa Schiaparellik diseinatutako objektuak, Meret Oppenheimen obrak edo Giorgio de Chiricok Le Bal-erako sortutako jantziak, Joan Miróren eta Jean Arpenen zeramikak eta pinturak, Alberto Giacomettiren eskulturak, Alexander Calderren bitxiak edo Carlo Mollinoren altzariak ahaztu gabe. Objektuak, Guggenheim Bilbao Museorako bereziki sortutako gaikako diseinu baten bidez, eszenografia berezi batean kokatuta ikusi ahal izango ditugu.

Eszenografia miresgarria

Frank Gehryk diseinatu zuen Museoaren hirugarren solairua erabat aldatuko da surrealisten eszenaratze harrigarri eta miresgarrietan oinarrituriko eszenografia baten bidez. Londresko Metaphor arkitekto-taldeak diseinatu du bereziki Bilboko museorako.

Eszenografia liluragarri honen bidez, bisitariak Karl Marxen ideologia politikoan eta Sigmund Freuden psikoanalisian oinarritu zen joan den mendeko abangoardiako arte-mugimendu nagusiaren garapen eta ibilbidea ikusi ahal izango du, bere artista nagusien lan berezien bidez: Salvador Dalí, René Magritte, Jean Arp, Joan Miró, Giorgio de Chirico, Isamu Noguchi, Eileen Agar, Jean Michel Frank, Frederick Kiesler edo Max Ernst-enak, besteak beste. Gainera, erakusketako piezetako asko lehenengoz daude ikusgai.

Bost gaikako ataletan banatua -"Baleta"; "Surrealismoa eta objektua"; "Natura bitxi bihurtzen da"; "Gorputza erakustea"; eta "Ametsezko barnealdea"-, erakusketak Surrealismoaren bilakaera azaltzen du: politikoki erradikala zen abangoardiako arte-mugimendu gisa sortu zenetik, hamarkada baten buruan artea, diseinua, moda, publizitatea, bitxigintza, argazkilaritza, zinema eta dekorazio-arteak aldatuko zituen eta egun ere arlo ezberdinengan eragiten duen kultura-fenomenoa izan arte.

"Surrealismoaren Gauzak" erakusketa irailaren 7ra arte izango da ikusgai Bilboko Guggenheim Museoan.