Itzuli orri osora
Chillidaren ametsa gauzatu egingo da
vie, 08 feb 2008 08:39:00 +0100

Kanarietako Gobernuak baimena eman du Tindaya mendiaren (Fuerteventura) bihotza husteko. Bertan, gizaki guztientzako espazio zabala sortzea amestu zuen euskal artistak.

Eduardo Chillida zenaren ametsa gauzatu egingo da azkenean. Kanarietako Gobernuak baimena eman du euskal eskultoreak Tindaya mendirako (Fuerteventura) egin zuen proiektua eraikitzen hasteko.

Chillidak mendiaren bihotza hustu nahi zuen, bertan 50 metro luze, 50 metro zabal eta 50 metro sakoneko espazioa sortzeko, Tolerantziaren alde.

2009ko otsailean hastekoak dira obrak eta, epeak betez gero, 2014an egongo lirateke amaituta, Domingo Berriel Kanarietako Gobernuko Ingurumen kontseilariak zehaztu duenez.

Chillidak duela hamarkada bat baino gehiago amestu zuen proiektua. Honela azaldu zuen 1996an: "Orain urte batzuk, intuizio bat izan nuen, benetan utopikoa iruditu zitzaidana. Mendi baten barruan barne espazio bat sortzea, arraza eta kolore guztietako gizakiei eskaintzeko espazio bat sortzea, tolerantziarako eskultura handi bat sortzea. Egun batez, eskultura hori Tindayan, Fuerteventuran egiteko aukera sortu zen; utopia errealitate bihur zitekeen mendi horretan".

"Mendiaren barruan sortutako espazio handia ezingo zitekeen kanpotik ikusi, baina mendiaren bihotzera sartzen ziren gizakiek eguzkiaren argia, ilargiaren argia ikusiko zuten, itsasora amildutako mendi baten barruan, ostertz iritsi ezinera, beharrezkora, existitzen ez denera amildutako mendi baten barruan...", gaineratu zuen.

Garai hartan, ekologistek eta geologoek protesta ugari egin zituzten eta, ondorioz, Chillidak bertan behera utzi zuen proiektua. Orain, egi bihurtuko den honetan, zoriontsu agertu da haren sendia.

Gune turistikoa

Domingo Berrielek ziurtatu du bermatu egingo dutela ingurumenaren babesa.

Gainera, euskal artistaren obra Kanarietako turismoaren etorkizuna bideratzeko "beharrezkoa" dela azaldu du. Izan ere, obra gaur egungo ingeniaritzaren punta-puntan dagoela esan du.