Itzuli orri osora
Chacun à son goût erakusketa Guggenheim Museoan
vie, 07 dic 2007 08:39:00 +0100

Hamargarren Urteurrena bete duenean, Chacun à son goût (bakoitzaren nahiera) erakusketa izango da 2008ko otsailaren 3 arte Guggenheim Bilbao Museoan, hamabi euskal artista garaikidek erakusketa honetarako propio sortu dituzten obrekin.

Tokiko sortzaileak, eta Estatukoak edo nazioartekoak, Euskal Herrian prestatu eta euren ibilbide artistikoa bertan sendotu dutenak, ezagutzera eman eta bultzatu nahi ditu Rosa Martinez komisarioa duen erakusketa honek, haiei Museoaren espazioekin elkarrekintzan arituko diren obra berriak sortzeko aukera emanez.

2007ko urriaren 17tik 2008ko otsailaren 3ra bitartean, Museoaren hirugarren solairua osorik hartuko dute ondorengo artisten lanek: Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia, 1963), Elssie Ansareo (Mexiko Hiria, 1979), Ibon Aranberri (Itziar-Deba, Gipuzkoa, 1969), Manu Arregui (Santander, 1970), Clemente Bernad (Iruña, 1963), Abigail Lazkoz (Bilbao, 1972), Maider López (Donostia, 1975), Asier Mendizabal (Ordizia, Gipuzkoa, 1973), Aitor Ortiz (Bilbao, 1971), Itziar Okariz (Donostia, 1965), Sergio Prego (Donostia, 1969) eta Ixone Sádaba (Bilbao, 1977).

Hizkuntza artistikoen aniztasuna

Hamabi sortzaile horiek, Guggenheim Bilbao Museoan euren lanak lehenago inoiz aurkeztu ez dituztenak, laurogeita hamarreko urteen amaieran eta 2000. urtearen hasieran sendotutako belaunaldi batekoak dira, eta haien ibilbideak agerian uzten du, euren nortasun lokalarekin edo erregionalarekin zerikusia duten tentsioak aztertu eta zalantzan jartzeaz gainera, nazioarteko hizkuntzen egile ere direla.

Museoaren hirugarren solairuko aretoetarako eta beste espazio batzuetarako propio artista horietako bakoitzak egindako lanak, gaur egun dauden hizkuntza anitzen eta kontzeptuak zabaldu diren moduaren erakusgarri dira, eta agerian uzten dute nola aldatu den eskultura material astunetatik beste arinago batzuetara, marrazkiak bizirik jarraitzen duela, argazkilaritza eta bideoa espresio garaikiderako baliabide pribilegiatuak direla, eta performancea eta eszenaratzea, gorputzarena paisaiarekin harremanetan edo obrarena hartu duen arkitekturarekin harremanetan, funtsezko bitartekoak direla oraingo tentsioak aztertzeko.

Chacun à son goût

Gustua gizabanakoaren askatasun maila gorena agerian uzten duen kategoria da. Hortik dator Chacun à son goût (bakoitzaren nahiera) erakusketaren titulua, Denis Diderot (Langres, 1713¿Paris, 1784) filosofo frantsesari egotzitako esaldia, eta plazera eta norbanakoak aukeratzeko duen askatasuna errebindikatzen dituena. Denboran aldatzen doan pertzepzioaren eta balorazioaren fenomeno gisa hartuta, gustua ez da norbanakoari bakarrik dagokion zerbait, lehentasun sistema batek (gizartean, hezkuntzan, historian...) baldintzatzen duen fenomenoa baizik.

Erakusketa honetan parte hartzeko aukeratutako artistek lan handia egin dute euren hizkuntzak eguneratzen, orain dauden eraikuntza kulturalek historian duten pisua gainditzearren, eta garrantzi handiko proposamenak eskaintzen dizkiote publikoari, eztabaida soziala, intelektuala eta estetikoa piztearren.

(Argazkien iturria: Guggenheim Bilbao Museoa)