Itzuli orri osora
Arte estatubatuarraren historia Bilboko Guggenheimen erakusgai
vie, 02 nov 2007 08:38:00 +0100

Art in the USA: 300 urteko berrikuntza bilduma apirilaren 27a arte izango da ikusgai. 200 bat lanek osatzen dute erakusketa. Mendebaldeko Europan gai horri buruz inoiz egindako handiena da, hain zuzen ere.

Bilboko Guggenheim museoak Art in the USA: 300 urteko berrikuntza erakusketa inauguratu berri du. Bildumak, inoiz Mendebaldeko Europan gai horren inguruan eginiko handiena, estatubatuar gizartearen bilakaera eta bertako artearen historioa laburbiltzen ditu, 1700 urtetik gaur egun arte.

1995ean hasi ziren erakusketa prestatzen. Orotara garai guztietako 120 artistaren 200 bat lanek osatzen dute eta Bilboko museoaren erakusketa-guneko 11.000 metro koadroetako 9.000 hartzen ditu, Thomas Krensek, Solomon Guggenheim Fundazioko zuzendari eta erakusketaren komisarioak zehaztu duenez.

Bilduma Txinan erakutsi zuten aurrenekoz, eta Moskun ondoren, baina artelan gutxiagorekin, museoek ez baitzuten behar beste toki.

Hori dela eta, Guggenheimgo erakusketak Txinara eta Errusiara bidalitakoek baino 75 koadro gehiago ditu. Bilboko museoak, gainera, iaz erositako hainbat artelan ere gaineratuko ditu, Cy Twombly artistaren batzuk, kasu. Euskal erakundeek 21,5 milioi euro ordaindu zituzten koadro haiengatik. Aurrenekoz erakutsiko dituzte.

Erakusketak gainbegiratua ematen die estatubatuar artearen 300 urteei. Krensek berak azaldu duenez, mende honetan nekez lortuko da berriro gai horren inguruko horrenbeste lan garrantzitsu bildu.

Erakusketa

Erakusketa sei ataletan antolatuta dago eta AEBetako garapenaren historiaren erakusle da, kolonizazioaren garaitik gaur egun arte.

Hainbat lan batu ditu, hala nola John Singleton Copley, Charles W. Peale, Gilbert Stuart, Henry Inman, Albert Bierstad, Winslow Homer, Mary Cassat, Marsden Hartley, Ralston Crawford, Roy Lichtenstein, Kara Walker eta John Baldessari artistarenak.