Itzuli orri osora
Pablo Palazuelo pintore eta eskultorea zendu da, geometriaren poeta
jue, 11 oct 2007 08:38:00 +0200

Geometriaren poeta esaten zioten, beste ildo batzuetan trebatu ondoren abstrakzio geometrikoa jorratzen bukatu zuelako. Margolaritza eta eskultura izan zituen lagun.

Pablo Palazuelo pintore eta eskultorea, geometriaren poeta eta Espainiako arte garaikidearen artistarik esanguratsuenetakoa, hil da Madrilen 90 urte zituela.

1916ko urriaren 6an jaio zen Madrilen Palazuelo. Geometriaren poeta esaten zioten, beste ildo batzuetan trebatu ondoren abstrakzio geometrikoa jorratzen bukatu zuelako. Margolaritza eta eskultura izan zituen lagun.

Sari ugari eskuratu zituen Palazuelok

Bere ekinak sariak ekarri zizkion. 2004an Espainiako Arte Plastikoen Velazquez Saria jaso zuen. Lehenago, 1999an, beste aitortza garrantzitsua jaso zuen, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala (ex aequo Cristina Iglesias eskultorearekin lortutakoa).

Palazulok arkitektura ikasketak egin zituen Madrilen eta geroago Oxforden. Dena den, Espainiako Gerra amaitu zenean, ekin zion arteari buru-belarri. 1939an pintura sortzen hasi zen. Arte figuratiboa eta kubismoa ezagutu zituen lehen-lehenik, eta gero abstrakziora egin zuen salto. 1948an Frantziako gobernuak beka bat eman zion eta Parisen bere lehen erakusketa egin zuen. Garai horretan, Eduardo Chillidarekin ere partekatu zituen kezka artistikoak.

1955ean izan zen artistaren bakarkako lehen erakusketa

1954an bere lehenengo eskultura sortu zuen, baina atal hori 1963 arte baztertu zuen. Artistaren bakarkako lehen erakusketa 1955an izan zen, Parisen, Maeght galerian. Geroago, Europako eta Amerikako museo garrantzitsuenetara eraman zuen bere obra.

1973an lehen erakusketa egin zuen Espainiako Estatuan. Lau urte geroago bere obra eskultorikoarekin erakusketa antolatu zuen Bartzelonan, eta oihartzun handia lortu zuen.

1995eko apirilean artistaren lehen atzera begirakoa inauguratu zen Reina Sofia Museoan. 70 margolan biltzen zituen erakusketak. Bilboko Guggenheim Museoak, berriz, 350 obra bildu zituen duela hilebete batzuk Palazuelori buruzko atzerabegirako zabalean.

"Bizitza etengabeko mugimendua da, heriotzarekin geratzen ez dena eta haren ostean ere geratzen ez dena", zioen artistak.