Picasso eta Dubuffet artean izeneko erakusketak pintura eta eskultura modernoaren ibilbidea erakusten du Jean Planqueren bildumako obren bitartez.
Bilboko Arte Eder Museoak udazkena-negua denboraldiko erakusketarik garrantzitsuena aurkeztu du aste honetan: Jean Planque bildumagile suitzarrak bere bizian bildutako XIX. mende bukaerako eta XX. eko Europako artista ospetsuen lanak izango dira ikusgai.
Jean Planquek bi mendeotako Europako artista ospetsuen lan garrantzitsuen bilduma lortzeak duen garrantzia azpimarratu du Javier Viar Bilboko museo honetako zuzendariak, kontuan izanda, ez zela pertsona aberatsa. Viarren esanetan, zituen baliabide ekonomiko urriak "zorroztasun, gustu on eta autoreekiko hurbiltasun dosiekin" ordezkatu behar izan zituen.
Haren hitzetan, egoera ekonomiko ona ez izan arren, 12 "picasso" eta 12 "dubuffet" lortu zituen bere bildumarako. Horrez gain, Cezannen bi lan eta Van Goghen bat ere lortu zituen, besteak beste.
Hile honen 18tik azaroaren 18ra bitartean zabalik
Picasso eta Dubuffet artean izeneko erakusketa irailaren 19an zabaldu dute eta datorren azaroaren 18an itxiko da. Pintura eta eskultura modernoari buruzko eta artista garrantzitsuenetako batzuen ibilbidea aztertzen du 150 lanen bitartez. Hala ere, batez ere, Picasso eta Dubuffet aztertzen ditu gehien, bildumagilea euren laguna zen eta.Erakusketaren irudi nagusiak bi artistok izan arren, Planqueri Paul Cezanne inpresionista gustatzen zitzaion bereziki (bera zen bere artista eredua) baina bere koadro bi erosterik besterik ez zuen izan, oso garestiak ziren eta.
Lau ataletan banatutako erakusketa
Lau ataletan banatuta dago erakusketa. Lehenengoan, XIX. mende bukaerako eta XX.eko hasierako "maisu handitzat" jotzen diren artisten lanak daude, besteak beste, Cezanne, Degas, Bonnard, Gauguin, Renoir eta Van Goghenak.
Bigarrenean artistek eurek oparitu zizkioten lanak daude, besteak beste, garai guztietako (1917-1970) zenbait 'picasso' eta abstrakziotik arte informalera doazen garai piktorikoak barneratzen ditu.
Hirugarren atala Dubuffeti dedikatuta dago. Artista honek erakutsi zion Planqueri artea beste begi batzuekin ikusten eta "art brut" (Arte espontaneoa) delakoaren korrontearen ateak zabaldu zizkion. Louis Soutter eta Aloïse Bonjour aritzen ziren, besteak beste, arte mota honetan.
Laugarren eta azken atala "bere lagun suitzarrak" deitutakoaren lanek osatzen dute eta Kosta Alexen (bildumagilearentzat anaia bat bezalakoa zen) eta Sorel Etrogen zortzi eskultura daude ikusgarri bertan.