Itzuli orri osora
Igartubeiti museoko interpretazio zentroak ateak ireki ditu
vie, 10 ago 2007 08:37:00 +0200

Zazpi baserri-tipologiaren berreraikuntzak 3D formatuan, dolare tradizionalaren inguruko ikusentzunezkoa edo Igartuko Kattalinek baserriak nola sortu ziren azaltzen duen muntaia bat daude, besteak beste, ikusgai.

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserriak, XVI. eta XVII. mendeetako zurezko arkitektura tradizionalaren adibide onenetarikoa eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren isla dena, ateak ireki ditu.

Baserri-museoaren interpretazio zentro berriak gure arbasoen bizimodua eta lana zer nolakoa zen ezagutzen sakontzeko aukera paregabea eskaintzen dio gerturatzen den orori.

Igartubeiti baserria urtean 2.000 sagardo litro egiten zituen dolarea "barruan biltzeko" eraiki zuten bere garaian. Zaharberritu eta publikoari ireki ondoren, XVI. mendeko dolarea berriro martxan ikusteko eta jotako sagarraren, belar lehorraren, ontzen jarritako larruen eta sutondoko kearen usaina barneratzeko aukera eskaintzen duen gune bakarra da gaur egun.

Hemendik aurrera, interpretazio zentro berriak Igartubeitiko bizilagunen eta jardueraren inguruko informazio gehiago emango du eduki multimedia eta ikusentzunezkoen bidez.

3Dko irudiak multimedia pantailetan

Igartubeiti museoko interpretazio zentroak hainbat gune ditu baserri zehatz horri buruz nahiz euskal baserriari buruz, oro har, informazioa emateko.

Lehen informazio puntuan, iradokizun menua ageri da, adibidez, bisitariak bere inpresioak eta iritziak utz ditzan bisitaren aurretik eta ondoren.

Bigarren informazio puntuan, hainbat multimedia pantailek zazpi baserri-tipologiaren berreraikuntzak eskaintzen dituzte, 3D formatuan. Irudia "mugitzeko" aukera ematen dute pantaila ukigarriek, baserriaren xehetasunak hurbiltzeko aukera emanez, adibidez, leihoak eta gertu-gertuko elementuak ikusteko. Gainera, zaharberritze edo lehengoratze prozesuri buruzko informazioa ere ematen da, baserriaren alderdi kulturalekin batera.

Txotx Gunea

Upel handi baten alboan (dolarea martxan izaten da 15 egunez, urrian), ikus-entzunezko muntaia interesgarri bat ikusteko aukera ere badago, dolarearen funtzionamendua eta sagardoa nola egiten den ikasteko.

Erakusketa gunea

Zentroaren gune ludikoa ezagutu ondoren, erakusketa gunera sartzen da bisitaria. Bertan, Katalina Kortabarria Igartuko Kattalin-ek ongietorria ematen du, bideo-mugikor baten bidez, baserriak nola jaio ziren eta bertako biztanleak nola bizi izan ziren azaltzen duen bitartean.

Zati horretan, 3D proiektu batek baserrien aurretik egon ziren Erdi Aroko txabolak nolakoak ziren azaltzen du eta hiru dimentsiotako ikusmena ahalbidetzen duten betaurreko berezien bidez, dolarearen funtzionamendua ezagutzen da.

Kattalin-ek baserrien eraikuntzari buruz eta bertako bizimoduari buruz ematen dituen azalpenak XIX. mendean amaitzen dira, euskal baserriaren gainbehera hasten den garaian, hain zuzen ere.

Beira-arasen gunea

Espazio horretan ikusgai daude baserriko bizimoduarekin zerikusia zuzena duten elementu tipikoak: "Oinordetza baserrian" (garai bateko ezkontza-kontratua eta guzti), "Sineskeriak baserrian (argizaiola eta eguzkilorea, besteak beste), "Ezkontza eta arreoa", "Lihoaren prozesua" etab. Gaika, elementu guztiak beira-arasetan babestuta ageri dira.

Horren ondotik, Igartubeitiko 3Dko irudi handiak erakusten diren gune batera sartzen da bisitaria eta bertan 1630eko Igartubeitiko bizilagunak ezagutzeko aukera du, bideo baten bidez. Bisitarekin amaitzeko, "gela ilun" antzeko batera sartu eta paretetan, baserrian ohiko diren eszenak proiektatzen dira.