Itzuli orri osora
Anselm Kiefer artistaren obra-sorta Guggenheim Museoan
vie, 29 jun 2007 08:37:00 +0200

Guggenheim Bilbao Museoak bere hamargarren urteurrenaren programazio artistikoaren barruan erakusketa gailenetako bat aurkeztuko du irailaren 3 arte: Anselm Kiefer. Erakusketa berezia izango da, gure garaiko artista garrantzitsu eta goraipatuenetakoak azkeneko hamar urteotan sortutako obra-sorta bilduko duena.

Germano Celant da erakusketaren komisarioa, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-eko Arte Garaikidearen Kontserbatzaile Nagusia, eta bilduma publiko eta pribatuetako obrak, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoak eta artistaren fondokoak aurkeztuko dira.

Gaika dago antolatuta erakusketa eta bat eginda agertzen dira bertan Kieferren sortze-lan zirraragarria eta Frank Gehryren eraikin ikusgarria. Hala, sormena alde guztietatik darion espazioan barneratu ahal izango da ikuslea, artista honen berealdiko lanak inguruan dituela.

Erakusketa honen berezitasunetako bat hauxe da: artistak Museoaren Atriorako bereziki eskala monumentalean egindako neguko paisaia mortuaren -15 metroko altuera duena- eta Frank Gehryk diseinatutako espazio bereziaren artean sortutako elkarreragina.

100 obra baino gehiago biltzen ditu erakusketak. Multzotan edo banan-banan, obra horiek bederatzi aretotan daude banatuta Museoaren lehenengo eta bigarren solairuetan, eta azkeneko hamar urteotan egindako obrak badira ere, Anselm Kieferren sortze-lana zehaztu duten gai, inspirazio eta kezka desberdinak aditzera ematen dituzte. Beraz, artista honen ibilbidearen ikuspegi osatua eta heterogeneoa eskaintzen zaio bisitariari.

Anselm Kiefer erakusketaren osagarri bezala eta bisitariari bertan ikusgai jarritako obrak hobeto ulertzeko beharrezko gakoak eta tresnak eskaintzearren, Guggenheim Bilbao Museoak gune didaktiko bat diseinatu du artistaren oraingo bizileku eta lan lekua (Frantzia, Barjac herria) berreginez. Bertan, lurrazpiko galeriak, eskailera-mailak, pilatutako material desberdinak, lantze-prozesuan dituen obrak eta abar ikusi ahal izango dira.

Didaktika ikus-entzunezko materialekin osatzen da. Hala nola, Anselm Kieferri egin zitzaion elkarrizketa bat eskainiko da, artistaren planteamendu artistikoan eta bere lanaren filosofian sakontzeko; eta baita programa interaktibo bat ere, bere sortze-prozesuaren oinarriak eta bere biografia biltzen dituena.