Itzuli orri osora
Euskal arteari so
vie, 01 jun 2007 08:36:00 +0200

Euskal Herriko arteari eskainitako bi erakusketekin ospatuko du museoak bere hamargarren urteurrena; euskal artearen ikuspegi panoramikoa eta hamabi artistek propio sortutako artelanak erakutsiko dira.

Guggenheim Bilbao Museoak euskal arteari eskainitako bi erakusketa aurkeztuko ditu bere hamargarren urteurrenaren harira. Lehena, datorren uztailerako aurreikusita dagoena, "Ezezagunak:Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak" da eta, atariko gisa, euskal arteak izan duen garapena erakustea izango du helburu.

Bigarren erakusketa, "Bakoitzaren nahiera", urrian inauguratuko da; museoaren hirugarren oina hartuko du osorik, eta abagune honetarako propio artelanak sortu dituzten hamabi artista aurkeztuko ditu, Rosa Martinez erakusketako koordinatzaileak azaldu duenez. "Ezezagunak: Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak" Euskal Herriko arte modernoaren eta garaikidearen kartografiaren erakusketa-saiakera bat da. Erakusketa hau uztailaren 6tik irailaren 9ra arte egongo da zabalik Museoaren 301, 302 eta 304 aretoetan, Juan Luis Moraza erakusketako koordinatzaileak adierazi duenez.

Euskadiko arte garaikidearen ikuspegi orokorra eskaintzea izango du helburu, iradokizun antropologiko eta estetiko desberdinak modu egituratuan jasoko dituzten sistema grafiko batzuen bitartez. Kartografiek oinarri hauek izango dituzte: interpretaziorako baldintzak, produkzioaren testuinguruak, genealogiak, erreferentziak, eta oro har Euskal Herriko arte modernoaren eta garaikidearen panorama osatzen duten artisten ibilbidea eta eboluzioa.

Erakusketa dokumentala izango da artelanen erakusketa bat baino gehiago, nahiz eta zenbaitetan Guggenheim Bilbao Museoaren bildumaren obra batzuk ere barne hartuko dituen. Erakusketako koordinatzaile lana egin duen artistak berak dioenez, proiektu baten planteamendua da, ibilbide-orri antzeko bat, ekinaldi bisuala, lan eskemak agertzea, ahalik eta modu grafikoenean honakoak taxutzeko: faktore, aldaera, autore, obra eta leku adierazgarriak, gertaera garaikideak (politikoak, sozialak, teknologikoak, kulturalak, mediatikoak), elkarreraginak eta posibilitateak.

Gaur egungo Euskal artearen ikuspegi panoramiko hau erakusteko, Juan Luis Moraza arabarra ahalik eta informazio gehiena eta kalitatezkoa biltzen saiatu da oraingo artearen inguruan --artista, artearen historialari, kultur kudeatzaile eta Museoen laguntzarekin--.

"Bakoitzaren nahiera"

"Bakoitzaren nahiera", Rosa Martinez komisario duen erakusketa, urriaren 16an inauguratuko da. 2008ko apirilera arte egongo da zabalik, eta Museoaren hirugarren solairua hartuko du osorik. Artista garaikideen obrak aurkeztuko dituen erakusketa honen helburua da hemengo sortzaileei edota estatukoei eta nazioartekoei, artearen alorrean Euskal Herrian prestatu izan direnei edo beren ibilbidea bertan sendotu izan dutenei, agertoki bat eskaintzea eta haien sormena hedaraztea, Museoaren espazioekin elkarrekintzan arituko diren obra berriak sortu eta, obra horien kalitate eta garrantziagatik, Bilduma Iraunkorra osatzeko aukera emanez.

Hamabi artistek hartuko dute parte "Bakoitzaren nahiera" erakusketan. Sortzaile horiek 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000ren hasieran sendotutako belaunaldia osatzen dute. Beren obretan, tokiko edo eskualdeko identitatearen inguruko gaiak islatzeaz gainera, nazioarteko hiztegia lantzen dutela erakusten duten artistak dira.

Erakusketaren izenburua, "Bakoitzaren nahiera", Dideroten inspiratuta dago, oraingo hizkuntzen aniztasuna eta kontzeptuen hedadura ez ezik, modernotasunaren formalismo puristaren eta gaur egun dauden joera ugarien arteko loturak eta desberdintasunak aditzera emateko.

Oraingo testuinguruan irakurrita, "Bakoitzaren nahiera" esaldia estiloen pluraltasunari eta desberdintasunarekiko errespetuari buruzko manifestu antzeko bat da. Gainera, plazerra ere aipatzen du nolabait, adimenean, emozioetan eta zentzumenetan arteak eskaintzen duen gozamena, alegia.