Itzuli orri osora
Museoaren Lagunek Guggenheimeko artelanak eskuratzeko aukera izango dute
vie, 27 abr 2007 08:36:00 +0200

Ekimena abian da jada. Museoaren Lagunek galeria ezberdinek aukeratutako artista garaikideen obrak izango dituzte eskuragarri, "oso baldintza onuragarrietan".

Guggenheim Bilbao Museoaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldien artean, kategoria guztietako Museoaren Lagunei zuzendutako programa bat jarri da abian. Programaren helburu nagusia da arte garaikidea Museoaren Lagunengana gerturatzea eta, aldi berean, bildumagintza bultzatzea 15.400 pertsona baino gehiagok osatzen duten elkarte honetan.

Ekimena abian da eta bertan Bilbao Contemporáneo ekonomia-intereseko taldea (E.I.T.) osatzen duten ondorengo galeriek hartzen dute parte: Aritza, Carreras Múgica, Ederti, Espacio Marzana, Juan Manuel Lumbreras, Vanguardia, Windsor Kulturgintza eta Xanon, pinakoteka bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez.

Lagunek galeriek aukeratutako artista garaikideen obrak izango dituzte eskura, oso baldintza onuragarrietan. Horretarako, hilabetero diru-kopuru finko bat aurreztuta (100 euro behe-mailakoentzat eta 200 euro goi-mailakoentzat), Museoaren Lagunek aukeratutako lanak erosi ahal izango dituzte.

Artelanak erosteko eskabideak datorren maiatzean zehar helaraziko zaizkio Guggenheim Bilbao Museoari. Lagunek metatutako diru-kopuruak artelanak erosteko bakarrik erabil daitezke, Bilbao Contemporáneo Erosketa Elkartearen bitartez.

Hala ere, parte-hartzaileek proposatzen zaien eskuraketa ez egitea aukeratu dezakete ekitaldiaren amaieran. Horrela eginez gero, diru-kopuru hori beste urteetarako saldo erabilgarriari gehituko zaio.

Apirilaren 2tik, Museoaren Lagunek programan parte hartzeko eskaera-orria dute eskura museoaren hamargarren urteurrenaren webgunean (www.gubilbao.com), edo Museoaren Lagunen Zuzendariordetzan.

Gainera, ekimen honek Museoaren Lagunei informazioa bidaltzea eta Erosketa Elkartean eskainiko diren artelanak aurkeztea aurreikusten du, apirilaren amaieran hasita, Bilbao Contemporaneo osatzen duten galeriak bisitatuz.