Itzuli orri osora
Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalak 2009an irekiko ditu ateak
vie, 13 abr 2007 08:36:00 +0200

7.000 metro karratutan bilduko dituzte egun Irargin dauden fondoak, Administrazio Orokorrak sortzen dituenak, emari pribatuak nahiz Eusko Jaurlaritzarenak.

Miren Azkarate Kultura sailburuaren esanetan "Irargi Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren lanarekin jarraitzea eta gure herriaren memoria gorde eta zabaltzea helburu duen" Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalak 2009an irekiko ditu ateak eta 7.000 metro karratu inguru izango ditu.

Artxibo honek egun Irargin dauden fondoak bilduko ditu, baita, emari pribatuak nahiz Jaurlaritzaren fondoak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak "oraindik Salamancako Artxiboan dagoen dokumentazioa jabeei bueltan emateko" eskaera luzatu duela gogora ekarri du Azkaratek. Honek adierazi duenez, "oraingoz honen inguruko erantzun ofizialik eman ez dioten arren", Gabonak orduko Carmen Calvo Kultura ministroarekin hitz egin zuen eta berriz biltzekotan geratu ziren.

Inbertsioa eta birmoldaketa

Artxiboa Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko 3. zenbakian egongo da kokatuta. Eraikina osorik birmoldatu eta Artxibo bezala jarduteko egokituko dute.

Bertan 10 milioi euroko inbertsioa egin dute, eraikina eraberritu eta handitzeko. Aurreikusitakoaren arabera, urte bukaeran ekingo diete berrikuntza lanei.

Sarreran, harrera-lekua, denda, kafetegia, ekitaldi-aretoa eta erakusketa aretoa egongo dira. Lehen solairuan, berriz, zuzendaritza, bulegoak eta bilera gelak kokatuko dituzte, erakusketa gela handi batekin batera.

Prestakuntza-gela eta hezkuntza tailerrak bigarren solairuan egongo dira eta hirugarrenean, laugarrenean nahiz bosgarrenean, katalogazio tailerra, liburutegia, digitalizazio tailerra, zerbitzari gela eta koadernaketa zein bestelako zerbitzuak eskainiko dituen tailerra egongo dira. Azkenik, seigarren eta zazpigarren solairuetan kokatuko dituzte ikertzaile eta erabiltzaileentzako kontsulta gelak.

(Argazkien iturria: www.euskadi.eus)