Itzuli orri osora
Kubo aretoan Josune Amunarriz, Isabel Muñoz eta Gargalloren lanen erakusketak egingo dituzte aurten
mié, 28 feb 2007 08:36:00 +0100

Donostiako Kursaal jauregiko Kubo aretoan lau erakusketa antolatu dituzte 2007. urterako. Bat argazkiena, Isabel Muñozen lanekin, eta besteak Pablo Gargallo, Josune Amunarriz eta Irlandako arte garaikideari eskainitakoak. Gainera, Boulevardeko hiru aretoek, besteak beste, bi erakusketa antologiko jarriko dituzte.

Kursaaleko Kubo eta Boulevardeko hiru erakusketa aretoek eskaintza zabala antolatu dute aurtengo urterako. Kubo aretoak Lausanako (Suitza) museotik ekarritako lanekin hasi du urtea, Art Brut erakusketak dozena bat artistaren lanak biltzen ditu.

Lehenengo aldiz jarriko dute emakume baten lanen erakusketa Kursaaleko Kubo aretoan, martxoaren 8an irekiko dute. Josune Amunarrizen lanak egongo dira ikusgai. Artearen munduan emakumeak egindako lanari eta izandako konstantziari omenaldia egin dio Madrilen bizi den euskal pintore honek. Orain arte Kubo aretoan jarri dituzten koadrorik handienak izango dira Amunarrizenak. Antolatzaileen esanetan, Amunarrizen lanaren ezaugarri nagusiena kolore "indartsuak" dira.

Erakusketa hori apirilaren amaiera arte egongo da zabalik eta ondoren Isabel Muñoz argazkilariaren lanak egongo dira ikusgai. Azken hamabost urteetako argazkirik garrantzitsuenak ekarriko ditu.

Gehienetan XX. mendeko artea eta arte garaikidea erakusten diren arren, Kubon, uztailean, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehen hereneko lanak egongo dira ikusgai. Pablo Gargallo eskultore espainiarraren 60 pieza ikusi ahal izango dira, klasikoak zein xaflekin egindako berritzaileak.

Urteko azken erakusketaren protagonistak artista irlandarrak izango dira: Michael Craig-Martin, Sean Scully eta Willie Doherty, besteak beste. Dublingo Irish Museum of Modern Art-eko lanak ekarriko dituzte Donostiara.

Boulevardeko hiru aretoek bi erakusketa antologiko hartuko dituzte 2007an, biak pintoreenak. Bata, maiatzaren erdialdera, Carlos Ribera Sanchis pintorearena eta bestea, azaroan, Jesus Olasagastirena. Gainera, udan, Debako Eskolaren 25. urteurrena dela eta, erakusketa berezia egingo da.

Kutxaren ekimenez antolatutako hiru erakusketa horiez gain, erakundeak zuzenean antolatzen ez dituen beste hogeiren bat ere ikusi ahal izango dira. Urtero jasotzen dituzten ehunka proposamenen artean aukeratutakoak dira, areto horiek inguruko arteari irekita egoten baitira.

Maria Victoria Arcayak, Kubo eta Boulevardeko aretoen zuzendariak (guztiak Kutxarenak), horien iazko balantzea egin du. Kubo aretoak 110.014 bisita jaso zituen 2006. urtean. Arrakasta gehien izan zuten erakusketak Andres Nagelena eta argazki erakusketa bi izan ziren: Esko Mannikko eta Iñaki Bonillasena, apiriletik uztailera, eta irudi latin-amerikarrari eskainia, Mapa irekiak, irailetik azarora egin zena.