Itzuli orri osora
Euskal Herriko sei galerien lanak erakusgai, Arcon
vie, 19 ene 2007 08:35:00 +0100

Madrilen egiten den arte garaikidearen azokak 30 herrialdetatik heldutako 272 galerien ordezkaritza hartuko ditu otsailaren 15etik 19ra. Azpimarratzekoa da, bestalde, Bilboko arte publikoa, Arte Ederren museoa, Guggenheima eta Rekalde aretoa hain zuzen ere, ez direla aurten Arcon egongo, azoka hau antolatzeaz arduratzen direnek esleitu dioten tokiarekin pozik ez daudelako.

Euskadiko sei galerien lanak izango dira erakusgai 2007. urteko Arcon, Madrilen egiten den arte garaikidearen azoka ezagunenean.

Otsailaren 15etik 19ra egingo duten azokaren XXVI. edizioa aurkeztu du Donostian bere zuzendariak, Lourdes Fernandez donostiarrak.

30 herrialdetako 272 galeriak parte hartuko dute erakusketan eta Korea izango da aurtengo gonbidatua. Edizio honetan bildumazale pribatuen lana ezezik, elkarte eta erakundeena ere suspertzea izango dute helburu.

Arte Garaikidearen azoka garrantzitsu honetara euren proposamenak eramango dituzten euskal galerien artean, Altxerri (Donostia), Carreras Mugica (Bilbao), Trayecto (Gasteiz), Vanguardia (Bilbao), Windsor Kulturgintza (Bilbao) eta Moises Perez de Albeniz (Iruña) izango dira.

Besteak beste, Alejandro Garmendia, Dora Salazar, Alejandro Garmendia, Eduardo Chillida, Jose Ramon Amondarain, Pello Irazu, Txuspo Poyo, Jose Ramon S. Morquillas edo Nestor Basterretxearen lanak izango dituzte erakusgai. Basterretxearen obra, gainera, lehenengo aldiz egongo da ikusgai azokan. Halaber, Richard Serra, Jaime Davidovich, Ivan Merino eta Angela Strassheim argakilari estatubatuarraren sorkuntzak izango dira erakusketan.

Arcok bi egun eta erdi eskainiko die profesionalei aurten (2006an baino egun bat gehiago). Baina horrek ez du esan nahi bisitak gutxitu nahi dituztenik, azokaren zuzendariak azaldu duenez. "Publikoa guretzat oso garrantzitsua da" gaineratu du.

"Proyectos" atala, 68 galeriekin, sorkuntza eremurik esperimentalena da eta bertan, euskarri eta joera berriak erakutsiko dira. Gune horrek, proposamen sortzaileenak eta ausartenak batzen ditu (nazioartean ospe handia zein ez hain handia lortu duten artisten lanak).

Teknologia berriek, ikus-entzuteko euskarriek eta arte elektronikoak "Blackbox" atalean izango dute lekua (Carolina Grau eta Marc Olivier Wahler dira erakusketa-koordinatzaileak).

Bestalde, Korea izango da ohorezko gonbidatua aurtengo azokan. Herrialde horrek "dimentsio berria" erakutsiko du Koreako artista garrantzitsuenen "proiektuen aukeraketa" bat eginda.

Bilboko museo publikoak ez dira aurten Arcon egongo

Bilboko arte publikoa, Arte Ederren museoa, Guggenheima eta Rekalde aretoa hain zuzen ere, ez dira aurten Arcon egongo, azoka hau antolatzeaz arduratzen direnek esleitu dioten tokiarekin pozik ez daudelako.

"Zuzendaritza berriak azoka guztiko lekurik txarrena eman digu, bainugelen aurrean alegia, eta Guggenheim bezalako museo garrantzitsu batek ez duela horrelako toki bat merezi uste dugu". Hala adierazi du Administrazio Publikoko diputatua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo arduraduna den Iñaki Hidalgok. "Hobe da bertan ez izatea, merezi ez dugun leku batean egotea baino", gaineratu du.

Kazetariei adierazi dienez, Arcoko edizio berri honi begira, diputazioko arduradunak "bi aldiz bildu ziren zuzendari berriarekin (Lourdes Fernandez donostiarrarekin) eta honek kokapen berdina promestu zien".