Itzuli orri osora
Inazio Ibero, XVIII. mendeko arkitektoen maisua
vie, 01 dic 2006 08:34:00 +0100

Azpeitian jaio zen Inazio Ibero 1684an, eta gure lurretako arkitektorik onenetariko bat izan zen XVIII. mendean. Eraikuntza ugaritan lan egin zuen eta horietako batzuen diseinua ere berak egin zuen. Bere lanik ezagunenak Bilboko San Nikolas eliza eta Loiolako Basilika dira.

Segurutzat jo daiteke Inazio Ibero lan gehien egin zuen arkitektoetako bat izan zela bere garaian. Eliza ugari diseinatu, eraiki edo berreraiki zituen Gipuzkoan eta Bizkaian. Horrez gainera, bere pasioa ondorengoei zabaltzen ere jakin zuen. Haren semeak, Frantzisko Iberok, eta suhiak, Xabier Inazio Etxeberriak, lan ugari egin zuten Inaziorekin, eta honen lanarekin jarraitu zuten hil zenean.

Inazio Iberoren lan ohikoenetariko bat erretaulak diseinatzea eta eraikitzea izan zen. Azkoitiko Santa Klara komentuko erretaula nagusia hark diseinatu eta egindakoa da (1740-1742); baita Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen elizako San Inazioren eta Gurutzearen aldareak (1743) eta Tolosako Santa Klara elizako erretaula nagusia ere. Horietan guztietan garai hartan ohikoa zen barroko estiloa erabili zuen, eta rokokoaren hainbat ezaugarri jarri zizkien.

Diseinatu edo berreraiki zituen elizetan ere barrokoa da nagusi, baina kasu batzuetan neoklasikoaren ezaugarriren bat antzematen da. Bere diseinurik onenetariko bat Bilboko San Nikolas elizakoa da. 1743an egin zuen proiektua nahiz eta ondoren beste arkitekto batzuk eraiki zuten. Oin oktogonala du eta estilo barrokoa da nagusi.

Beste askotan, dagoeneko eraikita zegoen eliza bat handitzeko, konpontzeko edo berreraikitzeko deitzen zioten Inazio Iberori. Donostiako Santa Mariaren eliza eta Gizaburuagako Santa Katalinarena dira horren bi adibide.

Normalean elizetan lan egiten bazuen ere, eraikin zibilen bat edo beste ere egin zituen, Debako udaletxea adibidez. Proiektua 1747koa da. Horma nagusia bikain landutako harriz egin zuten, barrokoaren arauak jarraituz: beheko solairuan puntu erdiko arkuak ditu, lehenengoan balkoi luze bat eta bigarrenean beste bi balkoi. Horien erdian, gainera, hareharriz egindako hiru armarri dotore jarri zituzten.

Loiolako Santutegia, Inazioren lanik ezagunena

1733an, Sebastian Lekuona maisua hil zenean, hartu zuen Inazio Iberok Loiolako Santutegiko lanen zuzendaritza. 1688an hasi ziren eraikitzen Carlo Fontana arkitekto italiarraren planoak jarraituz, eta dagoeneko hegoaldeko hegala eta eliza borobilaren zatirik handiena jasota zeuden. Iberok egin zuen lehen gauza, kupula amaitzea eta haren gaineko linterna eraikitzea izan ziren. Horrela, 1738an, basilika ofizialki inauguratu ahal izan zuten.

Baina oraindik asko falta zen amaitzeko. Hegoaldeko hegala erabat amaitu eta iparraldekoa osorik eraiki beharra zeuden. Horrez gainera, 1750 eta 1757 artean aldare nagusia diseinatzen eta eraikitzen jardun zuen Iberok.

1766ko ekainaren 30ean hil zen Inazio Ibero, Loiolako lanak amaitu gabe zeudela. Xabier Inazio Etxeberriak, Inazioren suhiak, jarraitu zuen haren lekuan lanean.