Itzuli orri osora
John Martinen grabatuak Bilboko Arte Eder Museoan
vie, 21 jul 2006 08:34:00 +0200

Pintore eta grabatzaile britainiarraren lanik esanguratsuenak daude Bilboko museoan ikusgai. Erakusketa urriaren 1era arte egongo da zabalik. John Martin Europako erromantizismoaren ordezkari nagusiena da, zeukan irudimen apokaliptikoagatik egin zen ezagun.

"Iluntasun ikusgarria. John Martin, 1789-1854", erakusketa John Martini Europan eskainitako lehen erakusketa da, eta Mallorca eta Madriletik pasa ostean Bilboko Arte Eder Museora iritsi da. Bertan 66 irudi eta akuarela daude bilduta, guztiak Michael J. Campbell bildumatzaile pribatuarenak dira, urteetan artistaren ia lan grafiko guztiak biltzea lortu du.

John Martin (Haydon Bridge, Northumberland, 1789-Douglas, Man Uhartea, 1854) sublimetasunaren estetikaren erakusgarririk handienetakoa izan zen, objektuen handitasuna nabarmentzen zuen, pertsonaiak txikituz. Grabatuengatik egin zen ezagun, arkitektura eta paisaiagatik, eta baita Bibliako atalen inguruan egindako serieengatik ere. John Milton poeta ingelesaren Paradisu Galdua liburuan oinarritutako irudietan gaueko mundua erakusten du, eta ¿modu beltza¿ edo mezotinta delako teknika erabiliko du: grabatuaren teknika horretan, erabateko beltzetik abiatuta, forma eta objektuen kolore zuriak argi zehatzekin nabarmentzen dira.

Martinen lanek arrakasta handia izan zuten eta William Turner paisajista Erromantikoak baino entzute handiagoa hartu zuen. Martinek erabiltzen zituen plantxetako batzuk erosi egin zituzten eta, ia erabat gastatu arte, bere grabatuen kopiak egin ziren. Bere garaikideek askotan imitatu zuten John Martinen lana eta, hori dela eta, bere lanetan (izkina batean) sinadura jartzen zuen lehen artista izan zen eta Britainia Handiko Parlamentuari egileen eskubideei buruzko lehen legea onartzeko ere eskatu zion.

Grabatzaile britainiarraren lanik garrantzitsuenetakoak daude Bilboko Arte Eder Museoan: The Deluge, The Fall of Nineveh, Satan presiding at the Infernal Council adibidez, eta baita Bibliaren inguruko gaiak lantzen dituzten grabatuak ere: The Crucifixion, Sadak in Search of the Waters of Oblivion edo The Last Judgment.

Martinen lanek izan zuten ospea noraino iritsi zen jakiteko, adierazgarria da lan horiek lortu zuten balioa, 1.000 eta 2.000 ginea artean kostatzera heldu ziren, garai hartako eliza oso baten beste gutxi gorabehera. Bildumatzaile pribatuen esku gelditu ziren gehienak. Artistaren heriotzaren ostean lanen prezioa jaitsi zen, baina ehun urte geroago berriz balioa hartzen hasi ziren, eta bere lanetako bat, egin zuen garaian 35 ginea (45 dolar) balio zituena, bost milioi dolarrengatik saldu zuten iaz.

"Iluntasun ikusgarria. John Martin, 1789-1854", erakusketa Artearen Papera ekimenaren barruan dago kokatuta. Programa horren helburua era iraunkorrean erakutsi ezin diren lanak publikoari hurbiltzea da; hau da, paper gainean egindako marrazki eta grabatuak erakustea, izan ere euskarri hori oso sentibera da kalte egiten diotelako argiak, hezetasunak eta tenperatura aldaketek eta horregatik ezin dira erakusketa iraunkor batean jarri lan horiek.