Itzuli orri osora
Max Beckmannen akuarelak eta pastelak Guggenheimen
vie, 23 jun 2006 08:33:00 +0200

Irailaren 17 arte, Max Beckmann artistaren akuarelak eta pastelak Guggenheim Bilbao Museoan ikusgai izango dira. XX. mende hasierako artista esanguratsua izan zen Beckmann, eta bere lana erreferentzia gisa hartzen dute artearen munduan, baina paperaren gainean egindako obrak ez dira duela gutxi arte ezagutu.

Historia garaikidean, mitologian eta bere biografian inspiratuta sortu zituen lanak Max Beckmannek (Leipzig, 1884¿New York, 1950), eta arte modernoaren lorpen ikonografiko garrantzitsuenen artean daude. Hala eta guztiz ere, 1980 arte bere lanak ez zuen gaur egun duenaren adinako osperik lortu. Azken urte hauetan, New Yorken, Zurichen eta Parisen egin dizkioten atzerabegirako erakusketek, dena dela, interesa piztu dute berriz Beckmannen lanaren inguruan, eta Picasso, Matisse eta Léger maisuen lanekin parekatu izan dute.

Beckmannek ibilbide profesional osoan zehar egin zituen pinturak eta marrazkiak; ez, ordea, akuarelak eta pastelak. Horiek oso une jakinetan gauzatu zituen. Hasi zenetik 1914 arte, pinturan kontzentratu zituen indar artistiko guztiak. Urte hartan hasi zen, hain zuzen, I. Mundu Gerra, eta margolariak esperientzia oso gogorra bizi izan zuen: zerbitzu medikoan sartu zen boluntario gisa, baina nerbioetako kolapso bat izan zuen. Ondoren, han ikusitako guztiak irudikatu zituen eta bere arteak espresionismorako joera hartu zuen. Hala, deformazioa eta ziurgabetasuna bilakatu ziren artistaren teknikaren ezaugarri nagusi.

Garai lazgarri haren ondoren eta 1920tik aurrera, aldaketaren aldia etorri zen. 1917an, Frankfurtera joan zen bizitzera eta bere lekua hiriko giro burgesean aurkitu zuen. Katedra bat izan zuen Städelschule Unibertsitatean, 1925etik 1933an naziek kargutik kendu zuten arte, eta Weimarreko Errepublikaren kultur bizitzan nabarmendu zen orduan. Egoera pertsonal hura bere lanetan sumatzen da, bai aukeratu zituen gaietan bai eta haiek irudikatzeko moduan ere: polemikaz inguratutako salaketa ilunen ordez, erretratuak, natur paisaia hilak, bainulariak, emakumezko biluziak eta beste motibo batzuk lantzen jardun zuen.

Paper gaineko pinturak

Dena den, 20ko hamarkadaren erdira arte oso obra gutxi egin zituen paper gainean, eta ezin dira pisuzko lan-multzo gisa hartu. Halako lanak hamarkada horren bukaeratik aurrera soilik ugaritu ziren eta formatu handiko pinturen antzekoak ziren.

Pastel batzuetan, Begegnung in der Nacht (Topaketa gauean) 1928ko obran esate baterako, ikuspegi berria landu zuen. Oso irudi gutxi margotu zituen eta silueta laburreko gorputz plastikoak izan ziren nagusi. Ondoren sortu zituen triptikoetarako garrantzi handia izan zuen planteamendu horrek.

Abfahrt (Agurra, 1932-1933) Beckmannen lehenengo triptikoa izan zen eta aldaketa ekarri zuen artistaren ibilbidera, mitoaren munduan murgildu zelako. Harrezkero, mozorro mitologikoaren bidez gizarte honetatik ihes egiten saiatzen ari zen artista bilakatu zen. Aldi berean, historiaren eta gaien ikuspegi zabalagotik aztertu zuen mundua, mitologia erabiliz.

30eko eta 40ko hamarkadetan, lasaitzeko erabiltzen zituen akuarelak Beckmannek; izan ere, ideiaz betetako triptiko konplexu ugari egiten zituen bien bitartean, eta lan nekagarria zitzaion. Akuarelaren bat-bateko teknikak esperimentazio ikonografikoa egiteko aukera eskaini zion, baita pinturaren gainerako tekniketan aplikatu ahal izango zituen ezohiko konponbideak aurkitzekoa ere.

Fausto II Goetheren obran oinarrituta, lumaz eta tintaz egindako marrazkien ondoren, konbinazio konplikatuak (luma eta tinta, akuarela, gouachea, ikatz-ziria eta abar) erakusten zituzten lanak sortu zituen. Amsterdamera atzerriratu zutenean (1945) eta Amerikara bizitzera joan zenean (1947) egin zituen horietako gehienak.

Bere pintura lanek, lan grafikoek eta marraztutako konposizioek Beckmann esperientzia handiko artista zela erakusten dute, munduari lasai baina arreta handiz begiratzen dion artista.