Itzuli orri osora
Antxieta eta Landa, Errenazimentuko maisuak
vie, 26 may 2006 08:33:00 +0200

Sarritan egin zuten lan elkarrekin Juan Antxietak eta Juan Landak XVI. mendean. Lehenengoak hainbat elizetako irudiak egin zituen eta bigarrenak horiek margotzen zituen. Garai hartan Erroman modan zeuden arte-mugimenduen eragina nabaria da biengan. Errenazimentu garaiko artista garrantzitsuenak izan ziren.

Juan Antxieta, Juan Antxeta bezala ere ezagutzen dutena, XVI. mendeko euskal eskultorerik ezagunena da. Azpeitian jaio zen 1540 inguruan eta Iruñan hil zen 1588ko azaroan. Nafarroan egin zuen lan batik bat eta han bizi izan zen urte askotan.

Oso informazio gutxi dago gizon honen bizitzari buruz. Gaztetan, Juan de Junirekin eta Gaspar Becerrarekin aritu zen lanean Valladoliden. Briviescako eta Astorgako elizetako erretaulak egiten parte hartu zuen. Hainbat adituren iritziz, Italian ikasi zituen Errenazimentuko eskultoreen teknikak, bere lanetan Michelangelo Buonarrotiren eragina oso nabaria baita. Hala ere, ez dago argi bidaia hori egin zuen ala ez.

Juan Landa, aldiz, Hiriberri Arakilen jaio zen. Artista polifazetikoa izan zen; eskulturak margotzeaz gainera, koadroak egiten, erretaulak urreztatzen, muntatzen eta eskulturak zizelkatzen ere aritu baitzen. Bere lanetan Italiako eragina ere nabaria da, batez ere anatomiaren ezagutzan eta aurpegiak eta keinuak idealizatzen. 1613an hil zen.

Juan Antxietak egin zituen edo egiten lagundu zuen lanen artean daude Briviescako (Burgos) Santa Klara elizako erretaula -Pedro López de Gamizek amaitutakoa-, Las Huelgaseko (Burgos) Monasterioko erretaula bat, Zumaiako San Pedro elizakoa, Jakako eta Zaragozako elizetakoak, Agoitzeko eta Kasedako elizetakoak, Gasteizko San Migel elizakoa eta Iruñako San Migel parrokiakoa. Azkenik, Tafallako Santa Maria parrokiako erretaula nagusia hasi zuen, baina bere ikasleetako batek, Pedro González de San Pedrok, amaitu zuen 1591n.

Proiektu horietako askotan hartu zuen parte Juan Landak. Berak margotu eta urreztatutakoak dira Kasedako eta Tafallako elizetako erretaulak. Kasedako Santa Maria parrokiakoa, ordea, XVIII. mendean berriz margotu zuten eta originaltasuna galdu zuen.

Tafallako Kristo Gurutziltzatua

Tafallako Santa Maria elizan ere bi artistak aritu ziren lanean. Erretaula Juan Antxietak diseinatu eta hasi zuen, nahiz eta bere ikasleetako batek amaitu zuen, eta Juan Landak urreztatu eta polikromatu zuen. Erretaularen erdian, Jesu Kristo Gurutziltzatuaren irudia dago, adituen ustez, Erromanismoak Nafarroan eman zuen irudirik ederrena. Michelangeloren estiloari jarraituz, bikain landu zituen Antxietak irudiaren muskulu guztiak eta ilea, baita jantzien zimurrak ere. Boli koloreko margoa Juan Landak emandako bera da.

Beste lan askotan, garai hartan modan zegoen Buonarrotiren terribilitá estetika erabili zuen Antxietak. Batetik, irudi monumentalak dira, eta mugimenduan daudela dirudite; bestetik, berriz, aurpegiera berezia dute, ezpainak estututa eta bekozko zimurtua. Horrez gainera, Michelangeloren estiloari jarraituz, erretaulak elementu arkitektoniko klasikoekin jantzi zituen.

Juan Landak, eskulturak margotzeaz gainera, beste lan ugari egin zituen. Kasedako Santa María elizan hainbat erretauletarako egindako pinturak gordetzen dituzte.

Irudien iturriak: Universidad de Navarra