Itzuli orri osora
Ignacio Zuloaga, inpresionismotik errealismora
vie, 28 abr 2006 08:33:00 +0200

Euskal Herriak eman duen margolaririk esanguratsuenetakoa izan zen. Eibarren jaio (1870) eta Madrilen hil zen (1945). Parisen eta Erroman ikasi zituen pintura teknikak, baina Espainiako Eskolako Errealismoaren ordezkari nagusienetakotzat jotzen dute. Mundu osoan egin zituen erakusketak eta saldu zituen koadroak.

Oso gaztetan sentitu zuen Ignazio Zuloagak marrazteko grina, aitari damaskinatu lanak egiten laguntzen zion bitartean, haren arma-fabrikan. Ondoren, Madrilen, Erroman eta Parisen pintura-teknikak ikasi zituen. Lehendabiziko koadroak, ordea, Eibarren margotu zituen: Fuente de Eibar eta El ciego de Arrate izan ziren.

Erroman eta Parisen bizi izan zen gaztea zela, 1889-1895 urteen artean. Hara joan aurretik, ordea, Prado museoan, Madrilen, koadroak kopiatzen jardun zuen. Frantziako hiriburuan Toulouse-Lautrec, Degas, Gaugin eta beste hainbat artista ezagutu zituen, baita Pablo Uranga gasteiztarra ere. Inpresionismoa zen orduan modan zegoen arte mugimendua eta Zuloagak ere hari jarraitu zion. Garai hartan jarri zituen bere koadroak lehen aldiz erakusketa batean.

1890eko hamarkadaren erdi aldera, Andaluzia ezagutu zuen bidaia batean, eta lurralde harekin maitemindu zen. Ordutik, denboraldi luzeak pasatu zituen han eta bertako ohiko bizimodua islatu zuen bere koadroetan (zezenketak, folklorea...). Nazioarteko artistekin eta pentsalariekin harreman handia izan bazuen ere, Frantzian eta gainerako herrialdeetan nagusi zen Inpresionismoa alde batera utzi zuen eta bere adierazpide propioa bilatu zuen: Espainiako Eskolako Errealismoaren ildo nagusiei jarraitu zien.

Segoviarekiko lotura

Velazquez, El Greco eta Goya miresten zituen Zuloagak. Artista horien koadro ugari erosi zituen, baita Goyaren jaiotetxea ere, Fuendetodos (Zaragoza) herrian. Segovian, Pedraza de la Sierrako gaztelua ere erosi zuen eta, gaur egun, Zuloagari buruzko museoetako bat dago bertan.

Hala ere, horren aurretik San Juan de los Caballeros herrian izan zuen tailerra. Daniel Zuloagak, Ignazioren osabak, ia erorita zegoen eliza bat erosi eta berritu zuen, eta han egiten zuten lan osaba-ilobek, baita horiek gonbidatuta mundu osotik bertara joaten ziren artistek ere. Segovian margotu zituen, besteak beste, Toreros de pueblo, Celestina, El enano Gregorio el botero, Los flagelantes eta Gregorio en Sepulveda koadroak.

Bizitza osoan, bidaia ugari egin zituen eta mundu osoko hainbat hiritara eraman zituen bere artelanak: Bartzelonara, Veneziara, Parisera, Bruselara, Pragara, Rotterdamera, Amberesera, Dresdera, New Yorkera, Bostonera, Mexikora, Buenos Airesera... Leku horietan guztietan arrakasta handia izan zuten bere lanek_ eta sari ugari lortu zituen: Lehen Domina Bartzelonan, Urrezko Domina Handia Dresdenen, Sari Nagusia Erroman eta Venezian, eta abar.

Museo bat, Zumaian

Leku askotan bizi izan ondoren, Gipuzkoan lursail egokia bilatzen jardun zuen bizilekua eta tailerra han jartzeko. Azkenean, 1914an, Santiago Etxea eraiki zuen Zumaian, Santiago hondartzatik oso gertu.

Gaur egun, Zuloaga museoa dago etxe horretan. Artista honek margotu zituen obrez gain, bizitza osoan erosi zituen hainbat artelan daude bertako hormetan zintzilik, hala nola El Cristo en la Cruz Grecorena eta Rodinen eta Beobideren eskulturak.

Irudien iturriak:
http://www.ignaciozuloaga.com
http://www.biografiasyvidas.com