Itzuli orri osora
Armentiako San Prudentzio eliza, Arabako lehen gotzaindegia
vie, 31 mar 2006 08:33:00 +0200

Garrantzia handia izan du Armentia herrixkak historian zehar, batez ere Erromatarren Garaian eta Erdi Aroan. Izan ere, bertatik pasatzen dira Europako herrien arteko komunikazioan nagusi izan diren bi bide: Astorga eta Bordele lotzen dituen galtzada erromatarra eta Donejakue bidea. Hori dela eta, herrixka hau eta bertako eliza euskal lurretako zaharrenetakoak dira.

Gaur egungo eraikuntza erromanikoa da, XII. mendekoa, baina VIII. mendean eraikitako beste tenplu baten gainean eraiki zutela uste dute adituek. Ondoren, 1776 urte aldera, berrikuntza-lanak egin zituzten eta hasieran zuen egitura asko aldatu zuten. Atearen zati batzuk eta eraikinaren burua (absidearen aldea) soilik gorde zituzten.

Ezaugarri arkitektonikoei dagokionez, erromatar gurutzearen itxurako oina, nabe bakarra, gurutzadura eta zirkuluerdia osatzen duen absidea ditu elizak. Hori guztia estaltzeko gangak jarri zituzten. Absidea eta gurutzaduraren gainekoak eusten dituzten kapitelak apainduta daude: landareak, animaliak eta borroka eszenak ikus daitezke.

Absidea bikain landutako harriz eraiki zuten. Kanpotik begiratuta, zirkulu erdia osatzen duela ikus dezakegu eta apaingarri gisa, leiho estuak eta erantsitako zutabeak jarri zizkioten horman. Goiko partean hamabost modiloi ikusten dira teilatuaren azpian. Horietako bakoitzean, animalia irudi bat (zezenak, arkumeak, txakurrak, hontzak...) edo izaki fantastiko bat (arpiak, basiliskoak, kimerak...) ikus daiteke.

Eskultura erromaniko bikainak tinpanoetan

XVIII. mendean egindako lanetan ia dena aldatu zuten, baita elizako ateak edo portadak ere. Bi tinpano soilik gorde zituzten eta bertako irudiak berriz ere hormetan jarri zituzten. Erliebe erromaniko bikainak dira biak, Euskal Herrikoen artean denboraren joatea ongien igaro dutenak. Horietako batean, Kristo, hamaika apostoluak eta Enoch eta Elias Bibliako pertsonaiak ageri dira, aingeruz inguratuta. Bestean, Arkume Sakratua, Isaias eta San Joan Bataiatzailea ikus daitezke.

Hasiera batean, eliza San Andresi sagaratu zioten. Hala ere, Erdi Aroan bazekiten, dagoeneko, San Prudentzio (Tarazonako apezpikua eta bakearen epailea Osman) Armentian jaio zela. Hori izan daiteke, kokapenaz gainera, eliza honek hartu zuen garrantziaren eta Arabako lehen gotzaindegia izatearen arrazoietako bat. 1087an, gotzaindegia Kalagorrira eraman zuten eta tenplua kolegiata bihurtu zen.

Duela urte batzuetatik hona, indusketak eta ikerketak egiten ari dira basilikan, tenplu honen historia osoa argitu ahal izateko. Momentuz, erromatarren garaiko material ugari eta gaur egungo eliza baino zaharragoak diren hilobiak aurkitu dituzte. Horrez gainera, antzinako arkitekturaren zati batzuk XVIII. mendekoaren azpian daudela jakin dute ikertzaileek. Indusketak zabalik daude bisitarientzat.

San Prudentzio Armentiakoa 1698an izendatu zuten Arabako zaindari. Urtero, ospakizun erlijiosoak eta erromeria egiten dituzte apirilaren 28an bere ohorez eliza honen inguruan eta, otordu gisa, barraskiloak eta perretxikoen nahaskia jateko ohitura dago.

Irudien iturria:
http://www.arteguias.com
https://ojs.ehu.eus/index.php/ARQU
http://www.caminosnorte.org