Itzuli orri osora

Londresko Historia Naturaleko museoa

Museo hau XVIII. mendearen erdialdean sortu zen Bloomsbury-n Sir Hans Sloane (1660-1753) sendagile londrestar ospetsuaren bildumarekin.
$alt.getData()
Bera hiltzen zenean bildumari gertatuko zitzaionaz kezkaturik, Sloanek testamentuan eskatu zuen bilduma ez sakabanatzeko eta Londres inguruan mantentzeko, eta Ingalaterrako errege-erreginei eskaintzen zien, bizi zituen bere bi alabentzako 20.000 liberaren truke. Sloane hil zenean baldintza horiek onartu egin zituzten. Hau 1753an gertatu zen. Bilduma honi beste batzuk erantsi zizkioten erosketa bidez. Sorrerako bilduma, batez ere, liburuz, eskuizkribuz, natur zientzietako gauzaz, zenbait zaharkinez eta etnografiako gauzaz zegoen osatua. 1757an Jorge II.a erregeak bere liburutegia eman zuen. Hasieran XVII. mendeko jauregi batean jarri zuten museoa, gaur egun dagoen lekuan. 1759an ireki zizkion ateak publikoari. Bi Mundu Gerrateean eduki guztiak leku seguruan gordeta egon ziren denboran izan ezik, beti egon da zabalik. Antzinateko lehen zaharkin aipagarriak 1772an erosi zituzten ontzi greziar batzuk izan ziren. Gero, 1802an, Rosetta Harria eta Egiptoko zaharkin batzuk etorri ziren, 1806an eskultura klasikoen bilduma bat, 1816an Partenongo eskultura batzuk. Etxea txikia geratzen hasi zen eta are eskasago Jorge IV.a erregeak 1823an bere aitaren liburutegia eman zuenean. Orduantxe erabaki zuten gaur egun duen eraikina jasotzea. Gero beste atal batzuk erantsiz joan ziren. XIX. mendean bisitariak onartzeko arauak aldatu zituzten jende arruntari sartzen uzteko. Bestalde landa-lanari ekin zioten arkeologoak munduan zehar indusketak egitera bidaliz. 1880ko hamarkadan natur zientzietako bildumak Historia Naturaleko Museora eraman zituzten. Horrek eta eraikinari hegal berri bat egiteak ahalbidetu zuen eten gabe hazten ari ziren bildumak sartzea. Gero beste atal batzuk erantsi zitzaizkion. XX. mendean jendearentzako hainbat zerbitzu berri jarri zituzten: gidaliburuak, denda, etab. Bi Mundu Gerrek eta diru-eskasiak eragindako geldialdi bat gainditu ondoren, museoak hazten jarraitu du.