Itzuli orri osora

Victoria and Albert Museum

Victoria and Albert Museum-ek bi mila urteko tartean, hainbat espresio-modutan, herrialde askotan egindako arte-lanak biltzen ditu.

$alt.getData()

1852an sortu zen, aurreko urtean izan zen Erakusketa Handiaren arrakastaren ildotik. Arte-lanak jende guztiaren irispidean jartzea eta diseinatzaile eta fabrikatzaile britainiarrak inspiratzea hartu zuen xedetzat. Gaur egun dagoen lekura 1857an aldatu zen South Kensington Museum izenarekin. Bildumak laster handitu ziren metalezko objektuak, altzariak, ehunak eta garai guztietako arte apaingarrizko piezak erosiz. Pinturak, marrazkiak, inprimakiak eta eskulturak ere erosi zituzten. Gero zenbait eraikin erantsi zizkioten, burdinazko egiturak eta beirazko sabaiak dituztenak. 1899an Victoria erreginak eraikin berri baten lehen harria ezarri zuelarik, gertakari haren oroigarri gisa, museoari izena aldatu zioten, eta orduz geroztik deitzen zaio Victoria and Albert Museum. XX. mendean zehar bildumak haziz joan ziren. Bilduma historikoak handitzearekin batera, museoak objektu garaikideak erosten jarraitu zuen, adibidez, 1900ean Art Nouveauko altzari-bilduma bat erosi zuen. Gaur egun zeramikak, beirak, ehunak, jantziak, zilarrezko gauzak, burdinazkoak, bitxiak, altzariak, eskulturak, pinturak, inprimakiak eta argazkiak ditu, Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ipar Afrikakoak, antzinatetik hasi eta gaur artekoak. Diseinu garaikidea bultzatzen ere saiatzen da.