Neoklasizismoko arte figuratiboak Euskadin. Egoera zertan den.

Artikuluaren egilea: Julen Zorrozua Santisteban

Lehenago ere azaldu izan dugun bezala, argitaratutako datuei begiratzen badiegu, oso gutxi dakigu aro neoklasikoan Euskadin landutako arte figuratiboei buruz. Historiagileek gutxi aztertu dute garai hartako eskultura eta pintura, eta, beste batzuetan ere adierazi izan dugun moduan, hori eragin duten faktoreak hauek izan daitezke: besteak beste, denboran hurbil izatea, adierazpen horietako askoren uniformetasuna edo nortasun falta, eta lurralde historikoetan arkitekturak hartu zuen garrantzia; hori dela eta, arkitekturari buruzko ikerketa monografikoak eta biografia artistikoak egin dira, bai eta erakusketak ere. Alabaina, haietako batean ¿ Arquitectura neoclásica en el País Vasco/Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian (1990) izenekoan¿ oinarritutako katalogo baten irakurketatik ondorioztatzen dugunez, hori guztia ez da erabat kalterako izan; izan ere, aipatutako ikerketa horietan aintzat hartutako arkitekto asko garai hartako erretaulen eta liturgiako beste altzari batzuen diseinatzaile eta sortzaile ere izan ziren.

Ez dugu informazio askorik, eta, dagoena, gainera, sakabanatuta dago hainbat artikulu eta liburutan; horietan sintesia falta da, batez ere. Gabezia hori are nabarmenagoa da zenbait lurraldetan: halaber, egileei eta lanei buruzko dokumentuen ohiko prospekzioa eginda dagoen arren, ez da egin aipagai izango ditugun adierazpen artistikoei buruzko ikerketa orokorrik. Bestalde, aipagarria da azterketa sistematiko bakarra, Bizkaiko erretaula neoklasikoei buruz nik egina, oraindik ere hedatuta ez egotea. Horregatik, arte plastikoen ikuspegi orokorra ematea izan da gure helburu nagusia, eta ildo nagusi batzuk zirriborratu ditugu, erretaula, eskultura eta pintura neoklasikoen bilakaera ahalik eta ongien jaso dadin; horrez gain, garaiko maisu handienak ere hartu ditugu kontuan. Lana hiru ataletan banatu dugu: lehenik, lagungarri zaigun bibliografiaren ezinbesteko berrikuspena egin dugu; gero, erretaulagintzaren eta eskulturaren bilakaera zein izan den aztertu dugu; eta, azkenik, arte piktorikoez arduratu gara ¿garrantzi gutxiagokoak, eta aurrekoen osagarriak, askotan¿. Badirudi egoera ezin zela okerragoa izan, baina ez da hainbesterako. Aurrerago ikusiko dugun bezala, erretaulagintzak, behinik behin, izan zuen nolabaiteko distira une bat.

Abiapuntutzat hartuko ditugun liburuek, oro har, lurralde bakoitzaren erlijio, historia eta arte ondare aberatsa jaso nahi izan dute idatziz. Alde batetik, Monumentos de Euskadi bildumaren lau liburukiak ditugu: monumentu izendatutako tenpluak baino ez ditu hartzen kontuan, baina artelanei eta horien egileei buruzko informazio interesgarria ere agertzen du. Hori baino garrantzitsuagoa da Catálogo Monumental de la Diócesis de Vitoria (8 liburuki): datu historiko-dokumentalez gain, deskribapenak ere egiten ditu, eta lagungarria izan beharko luke Arabako hainbat alderdi artistikori buruzko sintesirako. Bizkaian, Catálogo Monumental de la Diócesis de Bilbao gaurkotu eta kaleratu bitartean, azpimarragarriak dira Ybarra y Bergeren Catálogo de Monumentos de Vizcaya (2 libk.), Basasen Vizcaya monumental lana, bai eta Monumentos de Bizkaia izeneko bilduma ere (4 libk.). Horietaz gain, aipatuko ez ditugun arren, kontuan hartu behar dira euskal udalerriei buruz egindako tokian tokiko lan ugaritan edo Euskal Herriko zenbait elizaren azterketa zehatzetan egindako hainbat eta hainbat aipamen.

Euskadiko lan edo artista neoklasikoei buruzko ekarpenak egin dituzten egileen artean azpimarragarrienak dira Artearen Historian jada klasikotzat ditugunak; besteak beste, Cean Bermudez, Viñazako kondea, Ossorio Bernard eta Ponz. Horiek guztiek informazio baliagarria utzi ziguten artista nagusietako batzuei buruz ¿esaterako, Jose de Alcoverro, Luis Paret y Alcazar edo Ventura Rodriguezek lan handiak utzi zituzten gure artean¿. Haiek egindako aipamenak lagungarriak dira Neoklasizismoari buruzko ikuspegi orokorra osatzeko. Ikuspegi orokor horixe ematen digu Andres Ordaxek Tierras de España izeneko bilduman, Euskadiri buruzko liburukian. Arte figuratiboei dagokienez, azterketa hori garrantzitsuagoa da beste batzuetan ageri direnak baino; esaterako, Barañano, Gonzalez de Durana eta Juaristiren Arte en el País Vasco lanean, edo Estatuko ikuskera duten Ars Hispaniae eta Summa Artis bildumetan jasotako laburpenetan ¿dagokien liburukietan¿.

Ezin dugu utzi aipatu gabe Pardo Canalisen Los registros de matrícula de la Academia de San Fernando de 1752 a 1815 lana, hainbat datu ematen baititu euskal ikasleei buruz. Horren mailakoa da Euskal Marrazketa Eskolei buruz Ruiz de Aelek idatzitakoa. Azkenik, oinarrizkoa da ¿nahiz espezifikoagoa izan¿ Zorrozua Santistebanek eta Cendoya Echanizek erretaulagintza neoklasikoari buruz egindako azterketa Retablos de Euskadi/Euskadiko erretaulak lanaren barruan. Lan horretan, gainera, garaiko artelanik nabarmenenak azaltzen dira; esate baterako, Araia, Errenteria, Gautegiz Arteaga, Donostiako Santa Maria eta Urduñako La Antiguako erretaula nagusiak, bai eta Bermeoko Santa Maria elizako alboetako erretaulak ere. Azken bi egileenak dira honako hauek ere: batetik, aipatutako lan horretan Euskal Herriko erretaula neoklasikoei buruz dagoen bibliografiaren prospekzio lana ¿guk horri jarraituko diogu gehienbat¿; bestetik, Neoklasizismoa garaiko euskal eskultore handietako bat, Juan Bautista de Mendizabal, ezagutarazteko egindakoa.

Bibliografiari erreparatuta, ohartuko gara gehiago aztertu izan dela Arabako arte figuratibo neoklasikoa, Gipuzkoa eta Bizkaikoa baino. Baliteke han arkitektura gutxiago landu izana eta arte piktorikoek eragin handiagoa izatea garai hartan. XIX. mendean piztu zen interesa, 1899an kaleratu baitzen Diaz de Arcautek egindako lana Mauricio de Valdivielso izeneko euskal eskultore neoklasiko handiari buruz. Geroagokoak dira Lopez de Guereñuk egindako bi ikerketa, Arabako egile familia handi banari buruz; izan ere, Barrokoan egin ziren ezagun, baina Neoklasizismoan ere sortzen jarraitu zuten. Ikerketa horietako bat santeros de Payueta izeneko eskultore ezagunei buruzkoa da ¿lehen aipatutako Mauricio, kasu¿; besteak, berriz, arkitekto eta erretaulagile familia bat aztertzen du: Morazatarrak. Tabar Anitua da beste egile aipagarri bat; izan ere, hari zor zaizkio, besteak beste, Gasteizko arte neoklasikoari buruzko lanak, eta hark eta Pesquera Vaquerok azaltzen dute zein izan den garai hartako arte plastikoen garapena, Álava en sus manos bildumako IV. liburukian.

Echeverria Goñik eta Velez Chaurrik komunikazio bat aurkeztu zuten Francisco de Sabando arkitektoari buruz Artearen Historiarako Espainiako Batzordearen (CEHA) IX. Biltzarrean. Lan horretan, erretaulagintzak XVIII. mendean izandako aldaketen laburpena egin zuten; horrez gain, batez ere Arabaz ari baziren ere, baliagarria da gainerako euskal lurraldeetarako ere. Azkenik, esan dezagun, lehen aipatutako ikerketengatik eta beste zenbaitengatik izan ez balitz, ez genukeela izango arte mota honi buruzko informaziorik ¿gainerako lurraldeetan oraindik ez da batere ikertu¿. Beraz, hona ekarriko ditugu, besteak beste, arestian aipatutako Tabar Anituaren testuak, bai eta beste batzuenak ere; esaterako, Menagaraiko San Pedro elizan dagoen Gines de Andres Aguirreren koadroari buruz Gay-Pobesek egindakoa; edo Garcia Diezek idatzitako Pintura en Álava liburua. Luis Paret y Alcazarri buruz, adibidez, hainbat artikulu idatzi dira, bai eta erakusketa eta katalogo (1991) bana antolatu ere ¿1779tik erbestealdia Bilbaon igaro zuela eta¿, nahiz eta pintura neoklasikoaren aurrekaria baino ez zen izan.

Bizkaiko neoklasizismoari dagokionez, eta dagoeneko egin ditugun aipuak alde batera utzita, Barrio Lozak egindako ekarpen bat aipatuko dugu: 1989ko Bizkaia, 1789-1814 erakusketaren katalogorako egindako egileen eta artelanen bilketa. Geroago, beste erakusketa batean ¿lehen aipatutako Pareti buruzko hartan¿, Santana Ezquerrak artista haren lana erakusten digu; zehazki, haren erretaulak, liturgiarako altzariak eta iturriak aztertzen ditu. Bitxia da, artelan horiei dagokienez, artista neoklasikoa dela erabat. Azkenik, berriro aipatuko dugu Bizkaiko erretaulagintza neoklasikoari buruz neuk egindako lana; bertan azaltzen diren artelanak 1777 eta 1871 artean eginak dira gutxi gorabehera. Bestalde, Gipuzkoan ere informazio eskasia dago, nahiz eta horretan jarri zuen arreta, adibidez, maila handiko historialari batek, Viñazako kondeak, han izen handiko egileek egin baitzuten lan edo beren lana hara bidaltzen baitzuten ¿esate baterako, Ventura Rodriguez, Silvestre Perez eta Diego de Villanuevak¿. Azpimarragarriak dira Cendoya Echanizek Gipuzkoako erretaulagintzari eta eskultura neoklasikoari buruzko hainbat artikulutan eta kongresuetarako komunikazioetan egindako ekarpenak, bai eta Plazaolak egindakoa ere Tolosako Santa Mariako Jose Piquerren eskulturei buruz.

Arte mota bakoitzaren ezaugarriak azaltzen hasi aurretik, beharrezkoa iruditzen zaigu alderdi artistiko horiek lantzen dituzten profesionalen prestakuntzari buruz gogoeta egitea. 1752an ¿Real Academia de Bellas Artes de San Fernando sortu zen urtean¿, Gortean zuten estetika neoklasikorako zaletasuna ezarri nahi izan zen, baina, horretarako, zenbait neurri hartu behar izan zituzten; besteak beste, Barrokotik ahalik eta gehien urruntzen ziren artistak erakarri behar zituzten. Aldatu egin behar zen artista haien gizarte eta lan esparrua: ordura arte nagusi zen gremio sistemaren ordez, profesional berrientzako prestakuntza zentroen, marrazketa eskolen edo akademien aldeko apustua egin zen, eta herrialde osoan zehar hedatu ziren. Hala ere, aldaketa ez zen berehalakoa izan; ez zen bat-batean eta modu traumatikoan gertatu. Gremioen egitura itxi eta hierarkizatuan prestatutako artistek pixka bat gehiago iraun zuten, baina, denboraren poderioz, desagertu egin ziren; gainera, hainbat esparrutatik eraso egin zieten eta haien kontrako neurriak hartu zituzten. Eraso haietan, Real Academia de Bellas Artes de San Fernando nabarmendu zen; haien iritziz, artista talde hura barrokorako zaletasun "kaltegarri" baten ordezkari zen. Jarraitzaile ugari zituen, ordea, espainiarren artean; estilo berriaren aldekoen hitzetan, izan ere, herritarrak hain ziren ezjakinak eta superstiziosoak¿

Bestalde, beste batzuek irakaskuntza arautura jo zuten kontzeptu estetiko berria eskuratzeko; esaterako, lehen aipatutako errege akademiara; bai eta, garrantzi gutxiago izan arren, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1774tik sustatutako Marrazketa Eskoletara ¿Bergaran, Bilbaon eta Gasteizen zeuden, eta errege akademiaren xede bera zuten¿. Guztietan gauza berberak ikasten zituzten: besteak beste, marrazketa, edozein arteren oinarria baita; hori lantzeko inspirazioa izan ziren naturako ereduak eta estanpak (esaterako, Riberarenak eta Maellarenak), eta horietan oinarritu ziren artelanak sortzeko. Ezaguera gehiago ere eskuratzen zituzten literatura ugari irakurriz; hau da, espainiar eta europar tratatuak, bai eta Vitrubio, Serlio, Vignola edo Pozzo apaizaren klasikoak ere. Bestalde, bi taldeen artean, bazen beste maisu talde bat ere: prestakuntza tradizionala jasotakoak, baina estilo berrirantz gerturatu zirenak.

Profesional berriak sormenaren esparrua erabat menderatzera iritsi aurretik, ordea, sistema zaharra deuseztatu behar zen; izan ere, sistema horretan, izen handiko egileak edo aberatsenak ziren nagusi. Egoera hori aldatzeko, zenbait agindu eman ziren: esate baterako, 1785eko maiatzaren 1eko Errege Zedulak zioenez, gizabanako oro, izan bertakoa edo atzerrikoa, libre zen arte nobleen lanbidean jarduteko, eragozpenik gabe; 1782ko otsailaren 28koak eskultore guztiei ematen zien baimena estatuak eta piezak prestatzeko, margotzeko eta urre kolorea emateko. Azken lege horrek alderdi baten liberalizazioa ekarri zuen: erretaulei eta irudiei urre itxura ematearena eta polikromatzearena; izan ere, lehen urre kolorea ematen zutenak profesionalak ziren, baina, lege horren ondorioz, haien lan esparrua mugatuta gelditu zen. Eta, bukatzeko, 1785eko otsailaren 28ko Errege Agindua aipatuko dugu; horren bitartez, ezein auzitegi, hiri, hiribildu edo erakundek, ez elizakoek ez sekularrek, ezin zuen arkitektoen edo obra maisuen titulurik eman, ezta errege akademiako azterketa egin ez zuen inor izendatu ere, lanak zuzentzeko.

Euskal egile ugarik egin zuten matrikula edo azterketa erakunde horretan, edo, bestela, euskal Marrazketa Eskoletan hezitakoak ziren; bi erakundeetan aritutakorik ere bazen. Aztertutako beste alderdi artistikoren batean ere azalduko zaizkigun arren, hemen batzuk aipatuko ditugu. Arkitektoen artean (erretaulagintzan ere arituak): Arabako Justo Antonio de Olaguibel, Antonio Rubio eta Francisco de Sabando; Bizkaiko Juan Bautista de Belaunzaran, Ignacio de Lejarza eta Manuel de la Peña Padura; eta, egile Gipuzkoarren artean, berriz, Mariano Jose de Lascurain eta Alejo de Miranda ditugu. Pintore-urreztatzaile nabarmenenak: gehienak arabarrak izan ziren; batzuk aipatzearren, hor ditugu Valentin de Arambarri, Juan eta Manuel de Herrera, Juan Bautista de Mendizabal III (Eibarkoak ziren izen bereko eskultoreen semea eta iloba) eta Juan Antonio Rico. Eskulturari lotutako izenen zerrenda ¿garaiko eskulturaren kalitatea bezala¿ oso eskasa da, eta bakarra da aipatzeko modukoa: Antonio Miguel de Jauregui gipuzkoarra. Jakina da, bestalde, kanpotik etorritako maisuek ere parte hartu zutela, berez beste Eskola batzuetakoak izan arren; esate baterako, Pedro Leon Sedano eskultorea, Valladolideko errege akademia arkitekturako eta eskulturako maisua zen; Bernardo Costa pintorea, berriz, Valentziako eskolan pinturako eta diseinuko irakasle izan zen. Azkenik, inguruko probintzietako egile batzuek euskal eskoletan jaso zuten prestakuntza: adibidez, Esteban de Agreda eskultore errioxarrak, edo sortzez Calahorrakoa zen Anselmo de Rada pintoreak; azken hori, gainera, errege akademian ere ibili zen.

Espainiako tronua Borboien dinastiak eskuratu ondoren, estetika zaletasunak aldatu egin ziren; arte moten artean, erretaulagintzak izan zuen aldaketa nabarmenena. Izan ere, erretaulagintza zen Barrokoaren adierazpenik nabarmenena eta, hain zuzen ere, Barrokoaren aurkako jarrerak sortu ziren, lehenik, eta, gero, beste modu bateko lanak erakutsi nahi izan ziren haren ordez; herritarrak Barrokoko adierazpenetara ohituta zeuden, eta Neoklasizismoko ereduak ezarri nahi izan zitzaizkien. Alde horretatik, ezagunak dira erretaula barrokoei buruz Espainiar egileek egindako kritikak ¿esaterako, Jovellanos eta Ponzenak¿ edo Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideek egindakoak ¿adibidez, Montehermosoko markesak¿; gainera, barrokoak ez ziren lanetara ere zabaldu ziren kritikak. Horrela egin zuten, esaterako, Antonio de Echaniz eta Agustin de Humaran arkitekto bizkaitarrek: 1808ko maiatzaren 6an, Bilbaoko Santiagoko katedralaren burualdeko erretaula errenazentista desagertuaren egoera aztertu zuten.

Horiek guztiak aldaketaren erakusgarri dira: joera aldaketa, gustuetan ¿seriotasunerako joera hartu zen, Barrokoaren gehiegizko apaingarrien ordez¿ eta erlijioan ¿zorroztasun handiagoa eskatzen zen¿. Joera aldaketaren ondorioz sortutako lege arauetan ikusten da zein izan ziren Barrokoaren adierazpen moduak alde batera uztearen arrazoiak. Esaterako, 1777ko azaroaren 25ean, Floridablancako kondeak dekretu bat sinatu zuen: hor, debekatu egiten zuen erretaulak egur urreztatuz egitea, eta, handik aurrera, kalitate handiagoko materialak (marmola, harria), edo, gutxienez, material erregaitzak erabiltzeko eskatzen zuen. Debekua arrazoitzeko, azalpen hauek ematen ziren: batetik, suteak izateko arriskua, egiturak egurrezkoak zirelako eta hamarnaka kandelak argitzen zituztelako; bestetik, ekonomia, gastu izugarria sortzen baitzen polikromiarako urrea zela eta; eta, azkenik, arrazoi prosaikoen artean, besteak beste, artearen eta erlijioaren arloetan gertatutako mentalitate aldaketak ekarriko ditugu orain ere. Karlos IV.aren 1791ko azaroaren 8ko agindu-gutun baten bitartez, bere aurreko Karlos III.ak agindutakoa berritu zuen; izan ere, Madrilgo kartzelan sute bat izan zen, hango kaperan sortua, hain zuzen. Bitxia da, hala ere, agindu horiek gure lurraldean oihartzun urria eduki izana, gehienek egurra erabiltzen jarraitzen baitzuten, besteak beste, material nobleak baino merkeagoa zelako eta egurra lan horietarako erabiltzeko tradizioa handia zelako.

Dena den, zenbait salbuespen ere aipatu behar dira: Gernikako Batzar Etxearen elizatik eta Bilbaoko Santiagoko katedraletik ¿Sorkundeko Andre Mariaren omenez egindakoa¿ desagertutako erretaulak. Lehenengoa Alejo de Miranda hasi zen egiten 1796an, Arteagako marmol gorria eta Mañariko jaspea konbinatuz; brontzea ere erabili zen zenbait apaingarri egiteko, bai eta iztukua ere eskultura lana egiteko. Bigarrena, berriz, Luis Paretek diseinatu zuen 1781ean, eta jaspea erabili zen, lehenago aipatutako azken herri hartakoa eta Gipuzkoako Azpeitiko harrobitik ateratakoa. Azkenik, nabarmentzekoa da Urduñako La Antiguako santutegiko erretaula nagusia, hori baita Euskal Herrian zeudenetatik geratzen den bakarra; 1804-1805 artekoa da, eta Esteban de Alegriak egin zuen, errege arauek gomendatzen zuten marmola erabiliz (zehazki, Llodioko Vitoricakoa). Floridablancako kondeak lanak zuzenean ikuskatzen zituelako erabiliko zuen, agian, hango marmola.

Arestian aipatutako agindu-gutunetan, erretaulak, aulkiteriak, tabernakuluak eta beste altzari edo objektu batzuk diseinatzeko prozedura xedatu zen: handik aurrera, haiek guztiak Real Academia de Bellas Artes de San Fernandora bidali behar ziren, hango Arkitektura Batzordeak ¿1786an sortua¿ haien eraikuntza plana ikuskatu, eta onartu edo aldatzeko. Egia esan, erabakiak aspalditik ¿1768tik¿ egindako eskaera bati erantzun nahi zion, eta irizpide estetikoak batzeko neurria ere izan nahi zuen, lehen aipatutako debekuarekin batera. Hainbat errege aginduk xedatzen zuten moduan, errege akademiari lana onartzeko edo aldaketak egiteko diseinua igorri behar zitzaion; baina Floridablancak jakin zuen Urduñako La Antiguako Andre Mariaren irudiarentzako erretaula eraikitzeko asmoa zegoela ¿baimenik eskatu gabe¿, eta, 1789ko azaroaren 15ean, herri hartako udalari eskaera egin zion hasitako lana eteteko, eta berari igortzeko erretaularen marrazkia, lana egiteko kontratua eta bildutako diru kopurua.

Hala eta guztiz ere, ez dago zalantzarik lehen aipatutako 1777ko data hori izugarri garrantzitsua izan zela, orduan hasi baitzen garatzen euskal erretaulagintza neoklasikoa. Hasiera 1774an izan zen: Durangoko Santa Anako erretaula nagusia eta alboetakoak egiteko diseinuak urte hartan egin omen ziren, baina egiten geroago hasi ziren; lan horiek ¿jada ez dira existitzen¿ 1871n amaitu zituzten, eta, urte horretan bertan, Barakaldoko San Bizenteko parrokiarako erretaula nagusia egiteko proiektua egin zuten; erretaula hori, baina, azkenean, ez zen gauzatu. Estilo berria gutxi gorabehera batera iritsi zen hiru probintzietara, gehienetan, mugimenduaren Espainiako ordezkarietako batzuen eskutik; esaterako, Durangoko artelanen ideia Ventura Rodriguezena izan zen, baina beste obra hauek ere diseinatu zituen: Donostiako Santa Maria elizako Jesusen Bihotzeko eta Bakarneko Amaren alboetako erretaulak eta, Errenteria (1777-1784) eta Soraluzeko erretaula multzoak. Berak egin zuen, halaber, Bizkaian kontserbatu den lehenengo lana: Zaldibarko San Andresen erretaulak, nagusia eta alboetakoak (c.1777). Horretaz gain, aipagarria da, alde batetik, Domingo de Villanueva, berak trazatu baitzituen Donostiako Santa Maria elizako erretaula nagusia eta alboetako San Pio V.aren eta Santa Barbararen erretaulak, 1775 inguruan. Beste alde batetik, Silvestre Perez ere nabarmendu behar da, Alegia eta Tolosako multzoak ¿berantiarragoak¿ diseinatu baitzituen, eta bidea urratu zuen Arabako erretaulagintza neoklasikoan, Alegria-Dulantziko erretaula nagusia trazatzean. Urte horretan bertan, 1790ean, Gregorio de Dombrasasek eraiki zuen Araiako San Pedroren erretaula ¿bere garaian mugarri izan zen Araban¿. Horren aurrekoa da, ordea, Audikanan egin zutena, 1777 urte giltzarrian hori ere: Manuel Martin de Carrera akademiko gipuzkoarrari bururatu zitzaion, baina Manuel eta Jose de Morazak egin zuten.

Azken aipatutako Morazatar horien lanean ikusten da estiloa ez zela era traumatikoan aldatu, nahiz eta gortetik beren estiloa hedatzen ari ziren. Data horietantxe, 1780 eta 1790eko hamarkadetan, egile barroko batzuk ¿edo, zehatzago esanda, rococoak¿ pixkanaka erretaula neoklasikora hurbilduz joan ziren. Esandakoez gain, aipatzekoak dira beste hauek ere: Gipuzkoako Francisco de Azurmendi (Mutiloakoa) eta Juan Asensio de Ceberio Lizargarate (Itsasondokoa), Bizkaiko Juan de Urquiza eta haren seme Juan Ignacio, Jose Ignacio de Urrutia ¿Ziortzako Kolegiatarako egin zuen tabernakuluaren diseinuan (1782) ikusten denez, karrera bikaina egingo zuen, istripu latz batean hil izan ez balitz¿, eta Juan de Iturburu. Horiek, beren lan barrokoetan (Mallabia, Muxika), zenbait berrikuntza sartu zituzten pixkanaka; esaterako, erretaulako apaingarriak gutxitzea. Izan ere, ordura arteko ugaritasunaren ordez beste estilo bat erabili nahi zen erretauletan, "Madrilen, Erroman eta beste gorteetan egun erabiltzen dena, alferrikako dotoreziarik gabea", Joaquin de Arizcorretak zioenez ¿1790 inguruan Segurako komentuan Guadalupeko Amaren alboetakoa sustatu zuenak¿.

Hainbat egilek esandakoaren ildotik, Penintsulakoaren bide berari jarraitu zion euskal erretaula neoklasikoak. Estatuko eskema eta motibo apaingarriak errepikatzen ziren hemen ere, eta berberak ziren iturriak eta tratatu-idazleak; hala nola, Milizia, Serlio ¿haren diseinuetan oinarritzen dira, adibidez, Donostiako Santa Mariaren erretaula nagusia eta Bermeoko erretaulen multzoa¿ eta Vignola. Oro har, lan hotzak dira, soilak, lerro xumekoak. Dekorazioa gutxitzearen ondorioz, forma arkitektonikoak argiagoak dira; askotan, tenplu klasikoek ¿berriro ere aintzakotzat hartuak¿ izan ohi zituzten fatxaden eskema soilak dira. Nolanahi ere ¿beste lurralde batzuetan eta lehenagoko garaietan ikusten den bezala¿, garapena ez zen uniformea izan; hiru aldi izan ziren 1774 eta 1871 artean: lehenean, ezaugarri barrokoen eta motibo berri neoklasikoen nahasketa egin zuten; bigarrenean, erabat lan klasizistak; eta hirugarrenean egindako lanek, berriz, zenbait eklektizismo iragartzen zituzten.

Bizkaiari buruzko nire lanean egin nuen periodizazioak Euskal Herri osorako balio du, oro har. Lehen etapan, erretaula barrokotik neoklasikorako bilakaera gertatu zen; horrek, kasu bakan batzuetan 1800. urtea igaro arte iraun zuen. Hurrena, erretaula neoklasikoaren sendotzea eta garapena izan zen, XIX. mendearen erdialdera arte. Eta, azkenik, forma neoklasikoen desagertzea , gutxi gorabehera lehen aipatutako 1871 urtera arte. Fase horietako bakoitzak bere ezaugarri arkitektoniko eta dekoratiboak izan zituen, baina, oro har, ezaugarri hauek izan zituzten: lan soilak ziren, konposizio eta ornamentazio argikoak, eta zirkuluerdi formako oinplanoak (oso erabiliak Araban) eta oinplano lauak ¿jadanik ezagunak¿ izan ohi zituzten. Aldi bakoitzaren xehetasun guztiak aipatzea ezinezkoa denez, geure ustez funtsezkoa den alderdi bat jorratuko dugu: multzoak eraikitzeko orduan erabilitako ereduak.

Lehenbiziko fasean, erretaula ganbila izan zen nagusi; bigarrenean, zutabedun aldareak; eta estiloa desagertu zenean, berriro azaldu ziren oinplano lerronahasiak. Aipatu dugun lehen eredua ezaguna zen Rococoan ere: oinplano hautsikoa zen ¿alboko bi kaleak kale nagusiarekiko diagonalean zeudelako¿, eta Barrokoan ere erabiltzen ziren zenbait alderdi dekoratibo zituen ¿kiribildurak, arrokaiazko formak¿. Era berean, apaingarriak gutxituz joan ahala, zabalduz joan ziren estilo berriaren elementuak: adibidez, fuste erabat lauko oinarriak. Eredu horretakoak dira, esaterako, Amurrion (Araba) dagoen Armuruko San Anton baselizakoa edo Lekeitioko Santa Mariaren girolan ikusten diren San Antonio Paduakoa eta San Migelekoa, Francisco de Ugartemendiak eginak (1787-1788). Lehen aldi horretan azaldutako bigarren tipologia ere, zutabedun aldarea, guztiz neoklasikoa zen, eta goian aipatu ditugun kanpoko artisten eskutik iritsi zen ¿adibidez, Rodriguezen edo Pareten eskutik¿. Ezaugarri hauek zituen: egitura ¿kale bat edo gehiagokoa¿ zutabeen edo zutabe pareen gainean jarriak, fuste laukoak eta kapitel korintiar edo konposatukoak, taulamendu klasikoduna eta gutxi apaindurik, eta horren gainean plinto bat, apaingarririk gabea eta gailurrean frontoi mota desberdinak zeuzkana. Aipatzeko modukoak dira, esaterako, hauek: Bizkaian, Zaldibarkoak, Karrantzako Laman dauden nagusia eta albokoak ¿Manuel Ortiz Gargollo kantabriarrak eginak 1787 eta 1788 artean¿, eta Lemoako alboetakoak, oso berantiarrak ¿Juan Esteban de Barrenechea (1857-1862)¿; Araban, Cuchokoak ¿Eustaquio Diaz de Güemesek 1799an eginak¿, Asteguieta (1824) eta Amaritakoak (1830) ¿biak Benigno de Morazarenak¿, eta alboetakoak Andagoian ¿Jose de Montoya (1804-1806)¿, Heredian ¿Antonio Rubio, 1803¿ eta Maestun ¿Pedro Martinez de Lahidalga, 1807¿; Gipuzkoan, berriz, aipatu ditugun Donostia, Errenteria eta Tolosakoak (1805), eta Beasain eta Gabiriako alboetakoak.

Azken eredu horrek aldaera berezi bat du; Bizkaian, batez ere. Ezaugarri hauek ditu: zutabedun aldarearen alboetan bi espazio berri ditu, laukizuzenak eta, askotan, apainduak (greka eta errosetez); goian itxiak dira, eta zirkuluerdi formako arku batez amaitzen dira, tenpluaren burualdeko itxiturari jarraituz. Lehenbiziko aldiz Bilbaoko Santiago katedralaren erretaula nagusiko proiektuan azaldu zen ¿Luis Paretek egina, 1780 inguruan¿, eta, haren ondoren, beste lan franko egin ziren: La Antiguako (Urduña) erretaula nagusia ¿geroago, 1862-1863an, haren imitazioa egin zuen Juan Antonio de Echevarriak herri bereko Mendeika herrixkan¿; Bautista de Belaunzaran arkitektoak egindako diseinuak Gautegiz Arteagan (1810-1811); desagertuta dagoen Larrabetzukoa (1815-1819 artekoa) edo Arratzukoa ¿Lazaro de Legarreta edo Lejarretarena, 1826-1827¿. Araban ere ageri da aldaera hori; adibidez, Elorriagako alboetakoak, Antonio Rubiok 1827an eginak. Hala ere, rococoak Araban eragin txikiagoa izan zuen ¿horrek oskoldun erretaularen garapena ekarriko zuen¿, eta, horregatik, bertako zutabedun aldareak egokituta daude zirkuluerdi formako absideetara: oinplanoak ahur-ganbilak dira eta errematea esfera-laurdenekoa, rococoan bezala. Horrelakoak dira lehenago aipatutako Araiako eta Audikanako erretaulak, eta bai beste batzuk ere; esaterako, Retanakoa ¿Manuel de Estalarrarak egina, 1775ean¿ eta Okarizkoa ¿Manuel Martin de Carrerak trazatua, 1796an¿.

Azken etapan, aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren arkitekturan eta dekorazioan. Garai hartan, 1845-50etik 1871ra bitartean, eskema zaharren araberako multzoak egiten jarraitzen zuten, baina osagai nagusiak guztiz berriak ziren. Neoklazisismoak azken urratsak eman ahala eta estilo eklektikoei lekua utzi ahala, horiek aldaketak ekarri zituzten erretaularen egituran eta dekorazioan. Arkitektura mota horiek, oro har, mugimendu handiagoa adierazten dute, eta hainbat motatako oinplanoak izaten dituzte: bai lerronahasiak, bai ganbilak, bai eta ¿erretaula txikietan¿ linealak baina hautsiak ere. Albo batera utzita zeuden euskarriak ere berreskuratu ziren ¿esaterako, ildaskak¿, eta garai hartako ohiko hausturen eta etenduren bidetik, frontoiko osagairen batek osotasuna puskatzen zuen. Bukatzeko, apaingarri gehiagoko multzoak ziren: motibo klasikoak ez ziren erabat desagertu ¿arraba, dentelloi eta mentsulatxoak, garai guztietan erabiliak¿, eta beste batzuk berreskuratu egin ziren, gehienbat jatorri barrokoa zutenak ¿kartelak, taila mentsulak, bukaera kiribildunak¿, eta ezarkinen forman jartzen ziren. Aipatzekoak dira, Artziniegako Ama Agustindarren komentuko erretaula nagusiaz gain (c.1859), Bizkaiko beste hauek ere: Abandoko San Bizentekoak ¿Bilbaon¿ (Juan Blas de Hormaeche, 1860-1864) eta Ajangizekoak (Esteban de Capelastegui, 1867-1868), Bermeoko Santa Mariaren exedretakoak (Pedro de Lumbreras, 1869) eta, azkenik, Pedro de Corberos arkitektoak 1871n Barakaldoko San Bizenteko erretaula nagusirako egindako proiektua.

Aipatutako lan horien egileak, aurreko garaietan gertatzen zen bezala, hainbat lekutakoak ziren. Aipatu dugu gorteko egile batzuen lana garrantzitsua izan zela erretaula neoklasikoa Euskadin sartzeko, eta horietaz gain, beste hauek ere aipatu behar dira: Antonio Fernandez ¿Gernikako Batzar Etxean desagertutako erretaulak trazatu zituen (1794-1796)¿ eta Isidro Velazquez ¿Otxandioko parrokiakoa (1821)¿; eta Manuel Ortiz Gargollo, Marcos de Sopeña eta Juan Antonio de Vierna kantabriarrak, zerikusia izan baitzuten Karrantzako Laman dagoen multzoarekin, nahiz eta jatorri hartako artisten jardun nagusiak eskultura eta polikromia izan ziren. Horiekin batera, aipatzekoak dira euskal egile asko; adibidez, Bilbao, Durango, Lekeitio, Mutriku, Urduña eta Gasteizkoak. Leku horietakoak dira proiekzio handiko artista familia batzuk: Andoaingo Belaunzarandarrak ¿Juan Bautista aita eta Hermenegildo eta Pedro semeak lehenbizi Lekeition eta gero Bilbaon bizi izan ziren, eta esandako lanez gain, Bilbao, Ereño, Galdames, Gernika eta Lekeition egin zuten lan¿; Lumbrerastarrak ¿Carlos aita, eta Joaquin eta Pedro semeak Araba eta Bizkaian aritu ziren¿; Echevarriatarrak ¿Felix Hilario aita, eta Jose eta Juan Antonio semeak Urduña aldean aritu ziren¿; eta Arabakoen artean, Martinez de Lahidalgatarrak ¿Mauricio de Valdivielso eskultorearen koinatua, Pedro, eta haren semeak, Santiago eta Ulpiano¿, Morazatarrak ¿Manuel, Jose, Juan Antonio eta Benigno¿ eta Rubiotarrak ¿Roque eta haren seme Antonio¿.

Jakina, askoz gehiago dira erretaula neoklasikoak egin zituztenak; ezin dira ahaztu beste egile batzuk ere: esaterako, Francisco de Sabando ¿bastidar horrek eginak dira Laguardiako San Joaneko bi alboetakoak (1782) eta Maestuko alboetakoen diseinua (1805)¿ eta Manuel de Agreda, Lezako erretaula nagusiaren egilea (1798). Gipuzkoan, alde batetik, Francisco de Azurmendi arkitektoa ¿eta eskultorea¿ dugu hainbat erretaularen egilea; besteak beste, Alegiakoa (Silvestre Perezek trazatua), Errenteriakoa eta Segurakoa ¿Guadalupeko Andre Mariari eskainia, lehenago aipatu dugun bezala¿. Eta, beste alde batetik, aipatuak ditugun Ugartemendia eta Lascurain ¿Bizkaian ere jardun zuten¿, eta Mutrikuko Jose Miguel de Mendizabal ¿hark egin zituen Berriatuan San Gregorio eta Arima Bedeinkatuen alboetakoak (c.1857)¿. Bizkaitarren artean ditugu, esaterako, Ignacio de Lejarza ¿Erandion San Antonio Paduakoa eta Andre Maria Arrosarioko alboetakoen arduradun (1804- 1806)¿, Manuel de la Peña Padura ¿Urduñako akademikoa, bertako Santa Mariako Karmenen erretaula desagertuaren egilea (1808)¿, Francisco Antonio de Echaniz ¿Errigoitiko erretaula nagusiaren egilea (1817-1819)¿, eta beste batzuk: Bilbaoko Manuel de Unanue, edo Durangoko Francisco Maria de Aguirre, Jose Manuel de Alday eta Manuel Fermin de Vidaurre.

Garaiko eskulturaren arlo ia bakarra egurrez egindako eliz imajinagintza da. Izan ere, gero aipatuko ditugun eskultura profano bakanak alde batera utzita, guk dakigula, behintzat, bitan bakarrik erabili zen beste material bat: iztukua, Alfonso Giraldo Bergazek, Errenteriako erretaularen Jasokundearen multzoan; eta marmola, Urduñan aingeruak eta horiek eusten dioten medailoia egiteko. Eskemak, sarritan, artista barrokoen grabatu eta estanpetatik kopiatuak dira ¿adibidez, Jose de Ribera edo Pedro Pablo Rubensenetatik¿, eta Barrokoko ikonografiatik ere bai; baina, hori bai, zuzentasun tekniko handiagoa eman nahi zitzaion, eta konposizio argiagoa. Irudiak estatikoagoak dira ¿jarrerak lasaiak eta oihalak ez hain hegaldatuak¿, eta ez hain adierazkorrak, aurpegi idealizatuak lortu nahi baitzituzten. Eskultura neoklasikoa ez zebilen bere onenean, eta ez zen iritsi Romanismoaren edo Barrokoaren maila gorenera. Genero horren gainbeheraren arrazoiak hauek dira: egitura berriek espazio txikiagoa uzten zuten; Barrokoaz geroztik erretaula asko irudiz beterik zeudenez, erlijio eskaera gehiena aserik zegoen; eta aurreko faktore horiengatik egile gutxiago aritzen zen taila lanetan.

Erretaula neoklasikoak eskema ikonografiko jakin bati jarraitzen dio: kale nagusia gailentzen da, eta, horretan, derrigorrean titularrak azaldu behar du, erretaula nagusietan zein albokoetan. Multzoak kale bat baino gehiago baldin baditu, alboetan irudi berriak joango dira, horma hobi nagusiko titularrarekin zerikusi zuzena izan ala ez. Harreman hori ¿oso ohikoa aurreko garaietan¿ noizbehinkakoa da, besteak beste, aprobetxatu egiten zirelako garai hartakoak ez ziren eskulturak. Horregatik, batzuetan, ez dago erretauletan egituraren garaiko irudirik; berrerabilpen horren arrazoiak ekonomikoak edo debozioari lotutakoak izan daitezke.

Horren ondorioz, garai hartako gaiak gutxiago ziren, eta egurrez gauzatzen ziren ¿bai mukulu biribilean bai erliebean¿, ez margotuz; izan ere, genero horri berriro balioa ematen hasi zitzaion. Hala ere, badago salbuespenik; hala nola, Gurutziltzaketaren multzoa Audikanako erretaula nagusian ¿Jose de Murgak egina, 1778 inguruan¿. Baina ez dira jadanik aurkitzen beste gai haiek ¿Kristiferoak, Pasioa edo Ama Birjinaren Jaiotza eta Heriotza¿, Kontrarreformak bultzatu ohi zituenak fede katolikoaren misterioak irakasteko, eta XVII. mendearen lehen bi herenetako erretaula errenazentista eta barrokoetan leku nabarmenetan agertu ohi zirenak. Aipatutako data baino geroagokoak dira erretaula churrigueresko eta rococoak, eta horien bidetik jo zuten guri dagokigun garaian ¿heresia protestantearen aurkako borroka gogor haietatik urruti¿, eta, horrela, eszena dogmatikoetatik deboziozko irudi isolatu izatera igaro ziren. Horiek herriak maite zituen santuak izan ohi ziren ¿erlijio ordenatakoak edo ez¿, apostolu batzuk, Ama Birjina hainbat deiturarekin, eta lehenagotik ere sarri predikatutako gai bat: Purgatorioko Arima Bedeinkatuak.

Gehien irudikatu zirenen artean dago San Jose eta Haurraren irudia, bertsio ikonografiko hauetan: San Jose bidean doala, Jesus eskutik helduta, Gregorio Fernandezek lehenago zabaldutako ildotik. San Antonio Paduakoa eta San Anton Abad ere sarri agertzen dira, beren ohiko ikonografian; lehenbizikoaren irudi eder bat Francisco de Azurmendik (1787) egin zuen altuerliebean, Lekeitioko Santa Mariaren erretaulan; eta bigarrenaren adibide ugari daude: egile ezezagunekoak ¿adibidez, Gordexola eta Urduñan¿, eta ustez Mauricio de Valdivielsorenak diren Amurrio eta Gobeoko irudikapen batzuk. Fededunen aitorpen handiko beste santu batzuk hauek dira: San Isidro, San Roke, San Joan Bataiatzailea eta San Pedro apostolua, eta zein bere atributuekin agertu ohi da. Angeologiak garrantzitsua izaten jarraitu zuen garai hartan: halako irudiak ageri dira erretaulen atikoetan, baita adoratzaile moduan ere ¿Berniniren estiloari jarraituz¿ Gautegiz Arteagako erretaula nagusian ¿Juan Bautista de Mendizabal II.arena¿, eta Gasteizko Santa Maria katedralekoan ¿Mauricio de Valdivielsorena¿.

Ama Birjinaren irudikapen ohikoenak Mariaren Jasokundea eta Arrosarioko Andre Maria dira, baina badaude beste aldaera batzuk ere: Andre Maria Mesedetakoa ¿Alejandro de Valdivielsok egina (1827), Markina-Xemeinen dagoen ordena bereko komentuko erretaula nagusi desagerturako¿, Karmengoa ¿normalean Purgatorioko Arimei eskainia, erliebe edo pinturatan¿, eta Sortzez Garbia. Jasokundearen irudien jatorria Rubensen eskema ezaguna da: Ama Birjina beso zabalik azaltzen da, gora begira, hodeien artean, eta hainbat neurritako aingeru tropa baten gainean; eskema hori Pontius eta Bolswertek grabatu zuten, eta batzuetan aldaeraren batekin azaltzen da (Errenteria, Gautegiz Arteaga). Deskribatutako era horretan ageri da ¿bai mukuluan, bai erliebean¿, aipatu kasuetan, eta Erandion (Pedro Venero,1829) eta Urduñako Santa Mariako erretaula nagusi barrokoetan. Azken hori Mauricio de Valdivielsok egin zuen 1795ean, eta, gero, beste herri batzuetarako errepikatu zuen ¿esaterako, Labraza eta Gasteizerako. Arrosarioko Andre Maria da XVI. mendeaz geroztik gehientsuen zabaldu zen Andre Mariaren debozioa, ugari baitziren haren deiturako kofradiak. Horren eskulturek beti eredu berari jarraitu ohi izan diote: Ama Birjina zutik ageri da; batzuetan, hodeiz eta burutxo hegaldunez egindako idulki baten gainean, ezkerreko eskuan Haurra eta eskuinekoan Arrosarioa. Irudi azpimarragarriak dira Juan Bautista de Mendizabal II.arenak, sarri errepikatu baitzituen Euskal Herriko lurralde guztietan: Arratzun, Gabirian, Ibarrangelun, Marieta-Larrínzarren, eta abarretan.

Erretaulen atikoek aipamen ikonografiko berezia merezi dute, hainbat motibo eskultoriko baitauzkate: aingeru bikoteak egoten dira zimalen plintoetan, eta eskuetan izaten dituzte hainbat motibo alegoriko, koroak, palmak, apezpikuen eta nekaldiko atributuak, zenbaitetan tondoak, eta horietan pinturak ¿adibidez, Gasteizko Santa Maria katedraleko Andre Maria Doloretakoaren erretaulan¿ edo, salbuespen gisa, San Migelen erliebe eskultorikoa Urduñako La Antiguaren erretaula nagusian. Erretaulen errematean azaldu ohi dira, gainera: flameroak ¿Jainkoaren maitasunaren sinboloak¿, Donostia, Errenteria eta Mendozako erretaula nagusietan, adibidez; medailoiak; Gurutziltzatuaren eskulturak edo eskultura multzoak ¿bereziki, Jainko Aita, Ceballosen ustez ideal jansenistekin zerikusia duena¿, Abadiñoko alboko batean eta Araiako nagusian, bai eta Hirutasun Santuaren barruan ere, Errenteriako erretaulan, Gautegiz Arteagakoan, eta abarretan. Sarri azaltzen dira Gloriak: tximisten eta hodeien printzen artetik jaiotzen da Hirutasunaren hirukia (Cuchon), edo Espiritu Santuaren Usoa (Lezan) eta bi motiboen konbinazioak ere azaltzen dira. Gutxitan ageri da, ordea, beste osagairik ¿San Joseren zurgin atributuak edo haren eta Ama Birjinaren anagramak¿. Pinturak hainbesteko garrantzirik ez zuenez, atikoan bakanak dira irudikapen piktorikoak, baina haietatik azpimarragarrienak hauek dira: Donostiako Santa Mariako erretaulakoak ¿San Sebastianen martirioa¿ eta Zamudiokoak ¿San Andresen martirioa¿.

Garai horretan, Aste Santua ospatzeko Pasioaren eskulturak ere egiten ziren, eredu barrokoari jarraituz, baina estilo berriaren eraginez goxatu egiten zen oinazea ¿historian zehar gaiari oso lotua¿. Erretauletako irudiak egin zituztenak ziren eskulturen egileak ere. Herriko bi maisu nabarmentzen dira: Juan Bautista de Mendizabal II.a eta Mauricio de Valdivielso. Lehenarenak dira Forua, Gautegiz Arteaga eta Ibarrangeluko Bakarneko Andre Mariaren eskulturak, Gernikako Santa Mariako Kristo etzana eta Kristo Piztua (1814an) ¿Bilbaoko Arte Sakroaren Elizbarrutiko Museoan (Museo Diocesano de Arte Sacro de Bilbao) dago¿. Valdivielsoren lan azpimarragarrienak, idatziek diotenez, Betoñon, Lezan, Navaridasen eta Urizaharran zeuden, eta horietatik, 1795ean Betoñon egindako Ecce Homo gorde da. Juan Bautista bezala eibartarra zen beste egile batena, Jose de Mendizabalena, da Urduñako Santa Mariako Zigorraldiaren pasoa (1800); artista arrotzen artean, Pedro Leon de Sedano legoke, Valladolideko eskultorea: 1790ean egin zuen Pietatearen irudia Areatzako izen bereko ermitarako, eta, askoz geroago egina izan arren, argi imitatzen du Gregorio Fernandez eskultore barrokoaren eredua.

Egile horien artean bi talde daude: prestigio handiko edo txikiko egile akademikoak, eta maisu tradizionalak, imajinagintzaren tradizioari lotuagoak. Lehenbizikoen artean, eta berez neoklasikoa den eskulturaren aitzindari, hauek dira aipagarrienak: Kantabriako Manuel de Acebo ¿lan ugari egin zituen Bizkaian, eta Araban ere aritu zen¿, Juan Pascual de Mena ¿1754 eta 1756 artean eskultura multzo harrigarria egin zuen Bilbaoko San Nikolas elizako erretauletan¿, Robert Michel ¿San Pio V.aren erliebea, Donostian¿ eta Isidro Carnicero ¿1784an, Arrosarioko Andre Maria egin zuen, gaur egun Bizkaiko Gordexolako elizan dagoena¿. Gero, espiritu neoklasikoa txertaturik zuten egile akademikoak eskatu ziren, baina enkargu jakinetarako, erretaulak apaintzeko eta betetzeko. Horretan aritu ziren, aipatutako Sedanoz gain, Esteban de Agreda ¿Araban eta Bizkaian aritu zen, eta 1824an San Migelen mukulu bat egin zuen Arretxinagako ermitan, Markina-Xemeinen¿, Jose de Guerra ¿1791n San Bartolomeren martirioko multzoa egin zuen, Riberaren grabatu ezagunean inspiraturik, Aldeacuevako (Karrantza) elizan¿, Alfonso Giraldo Bergaz ¿haren ardura izan zen aipatu dugun Jasokundearen multzoa, Errenterian, eta lan profanoa ere egin zuen¿, eta Pedro Venero y Vierna ¿lan asko egina Durango, Erandio eta Muruetan (Orozko)¿. Horiekin batera, Erromantizismoaren garaian, artista talde batek espainiar imajinagintza tradizionalari jarraitzen zion, baina patetismo eta sentimentalkeriarik gabe. Aipatzekoak dira Valentziako Jose Piquer ¿XIX. mendearen erdialdean aritu zen, Tolosan¿, Jose de Bellver ¿1850ean Arrosarioko Andre Mariaren eskultura egin zuen Luiaondon¿, eta Kataluniako Jose de Alcoverro ¿1869 eta 1871 artean multzo bat egin zuen, oso-osorik, Bermeoko Santa Mariarako¿.

Bertako maisuen artean, lehenbizi aipatu beharrekoak dira premisa barroko tradizionaletatik abiatu eta forma neoklasikoagoetara eboluzionatu zutenak ¿urteen poderioz eta aurreko artisten lanak ezagututa¿. Hori gertatu zitzaion Kantabriako Jeronimo de Argosi eta Gipuzkoako Francisco de Azurmendi eta Juan Bautista de Mendizabal II.ari ¿seguru asko, mugimendu horrek bertan izan duen ordezkari onena, Arabako Mauricio de Valdivielsorekin batera¿. Azken horrek eta familiako batzuek ¿adibidez, Alejandro eta Inocencio ilobek¿ Payuetako santeroak izeneko tailerra osatu zuten; izen hori eman zitzaien herri hartan zuelako jatorria familiak eta erlijio irudietan espezializatu zirelako. Horien denen ondoan aritu ziren euskal maisu batzuk, lehen aipatutako erakunde akademikoetan ikasiak: Antonio Miguel de Jauregui ¿Miguel Antonio ere deitua¿, Eugenio Murga eta Francisco de Urruela ¿ikasitakoaren aztarna gehiegirik gabea¿. Berezia da Alejo de Miranda arkitektoa; eskulturak egiteko gaitasuna onartzen ari zaio, Abadiñon bere izena duen erretaulan 1790ean egindako Arimen erliebearengatik, eta Asteasuko erretaula nagusian lehenago egindako tailengatik.

Eskultura profanoak garrantzi xumea izan zuen ¿eskaera txikiagatik eta bertako espezialistarik ez zegoelako¿; harrian egiten zuten, gehienbat Gasteiz aldean. Real Academia de Bellas Artes de San Fernandoko artistak aritu ziren horretan; horregatik, hasieran barroko berantiarreko edo gorteko estilo bat izan zuen, eta, gero, purismo neoklasizistaren ildoko lanak egin zituzten. Esaterako, Robert Michelek egina da Karlos III.aren bustoa, barroko berantiarrekoa; 1785ean egin zuen, marmol zurian, eta Arabako Foru Aldundiaren Jauregian dago gorderik. Antzeko estiloa du Bizkaian dagoen horrelako obra bakarretakoak: Sebastian de la Quadra jaunaren bustoak. Somorrostroko (Muskiz) elizan dago, eta ez dakigu nork egina den, baina litekeena da Juan Domingo Olivieri eskultorearena izatea, irudian agertzen denaren laguna baitzen. Autonomia Erkidegoaren hiriburura itzuliz, aipa dezagun errege godoen lau eskultura daudela Florida parkean, Aita Sarmientori Madrilgo Erret Jauregia dekoratzeko bururatu zitzaion sail batekoak: Espainiako erregeen sailekoak, alegia; dena den, azkenean ez ziren horretarako erabili, ziklo bereko beste imajina batzuk sakabanatuta baitaude gaur egun ¿besteak beste, Burgos, Logroño edo Madrilen¿. Gasteizen badaude beste obra batzuk ere: San Prudentzioren mukulua Armentian, 1805ean Alfonso Giraldo Bergazek egina ¿hark egin zuen 1800 inguruan Elkanoren monumentu zaharra Getarian¿; umezurtz-etxe zaharraren fatxadan dagoen Karitatearen alegoriako altuerliebea, egile ezezagunekoa; eta Arabako diputatu nagusien gorputz osoko eskulturak ¿Miguel Ricardo de Alava jaunarena eta Prudencio Maria de Verastegui jaunarena¿, Carlos Imbertek 1864an harriz eginak, baina gaur egun brontzetan fundituak ¿aipatu Jauregiaren eskailera buruan daude¿.

Arte piktorikoei dagokienez, esan dezagun ¿sarrera gisa¿ interes gutxi piztu izan dutela, horri buruzko bibliografiak erakusten duen bezala; izan ere, genero horrek ez du indar handirik izan gure lurraldean. Gainera, une haietan garrantzitsuagoak ziren erretaula eta eskulturetako polikromia lanak, beste euskarritan egindako margolanak baino. Berez Neoklazisismokoa den polikromiak gustu estetikoa aldatu zenean hartu zuen garrantzia, Borboiak tronura heltzean; horretaz gain, eragina izan zuen zenbait ilustratuk ¿Jovellanos eta Ponzek, adibidez¿ eskultura polikromatua kritikatzeak, eta, bestalde, Real Academia de Bellas Artes de San Fernando sortzeak. Baina aldaketa horren arrazoi nagusia, abiapuntua, 1777ko azaroaren 25eko agindu-gutuna da; horrek, lehen esan bezala, debekatu egiten zuen egurrezko erretaulak, altzariak eta teilatuak egitea eta polikromian urrea erabiltzea.

Baina agindu hori ez zen zorrotz bete leku askotan, ezta Euskal Herrian ere. Bertan, egurrezko erretaulak eta imajinak egiten jarraitu zuten, baina egurra ezkutatuz, material nobleen koloreak eta kalitateak imitatzen dituen polikromia erabiliz. Urrea, berriz, erretaulen alde apaingarrietan bakarrik erabiltzen zuten ¿harroin, kapitel eta apaingarri tailatuetan¿; ia ez zuten batere jartzen eskulturen arropetan. Dokumentazioaren arabera, XVIII. mendearen hirugarren hamarkadan hasi zen jaspeen eta marmolen simulazioa erabiltzen, baina 1780ko hamarkada arte ez zen hedatu. Eskulturen pinturari dagokionez, Juan Pascual de Menak Bilbaoko San Nikolas elizan egindako mukuluak pintatu zituen Jose Lopez Perellak ¿pintura irakasle madrildarra¿ 1754 eta 1756 artean, tonu planoak eta irudi distiratsuak erabiliz, Neoklazisimoaren ildotik. Bilbaoko lanaren garrantzia zenbatekoa izan zen ikusteko, begiratu besterik ez dago zer finkatu zuten mende bat baino gehiagora, 1867-1868an, Ajangizko erretaula nagusian: eskultura guztiak Bilbaoko parrokiako irudien estiloan pintatuko dira .

Azken agindu-gutuna ezarri ondoren arte barrokoarekiko hartu ziren jokaeren adibideak baditugu Euskal Herrian. Esan dugun bezala, argi dago balio estetiko batzuen ordez beste batzuk sartu zirela: aurreko garaietako erretaulak estilo berrira egokitu ziren, polikromia erabiliz. Horrelakoak daude, adibidez, Araban: Abeziako erretaula nagusia XVII. mendeko barrokoa zen, baina Neoklasizismoan margotu egin zen, eta jaspearen itxura eman; Bizkaian, Lemoako erretaula nagusia aurreko horren garaikoa zen, baina 1832-1833 bitartean berritu egin zuten; horretarako, Juan Esteban de Barrenechea arduradunak, oro har, idulki, horma eta frisoetatik kendu beharko ditu adabaki eta nabarmenkeria itsusiak, eta ildaskak estali beharko ditu fusteak lauak izan daitezen .

Aro neoklasikoko piezetan, beste aro batzuen aldean merkeagoa zenez, lan arkitektonikoa amaitu bezain laster erabiltzen zen polikromia ¿marmolak eta jaspeak imitatuz¿ erretaula apaindu gabe zegoen lekuetan. Ondoren, leundu eta bernizatu egiten zen, ardo espirituaz , distira eta sendotasun handiagoa izan zitzan. Bestalde, urreztatua edo sutan urreztatutako brontzearen imitazioa sagrarioetan eta multzoen aipatutako apaingarrietan ¿harroin, kapitel eta molduretan¿ erabiltzen zen; zilarreztatu, berriz, gero eta gutxiago egiten zen: erremateko Glorietan eta imajinen idulki batzuetan ateratzen ziren hodeietan baino ez zen erabiltzen polikromia. Ez zen sarri gertatzen, baina, zenbaitetan, adierazi egiten zen nolako marmolak imitatu behar ziren eta zer urre (normalean, Madrilgoa eta Gasteizkoa) erabili behar zen. Hala, Bizkaian, eragina izan zuten Azpeitiko Loiolako Santutegiaren aurrealdeko erretaulek. 1783an hara joan zen Francisco Ruiz pintore-urreztatzailea, hango multzoa ikusteko eta, horrela, hobeto egin ahal izateko albokoaren jaspeatua San Markosen Kofradia Gernikako Santa Marian ¿egun, desagertua¿. Azken lan hori aintzakotzat hartu zen, gainera, Getxoko elizako erretaula nagusia ¿hori ere desagerturik dago¿ pintatzerakoan, 1790ean; Gregorio de las Cajigas eta Antonio del Corralek egin zuten lan hori.

Laburbildu dugu zer gertatu zen aro horretan irudi eta erliebeen polikromian: soildu eta gutxitu egin zen koloreen gama, bai eta jantzien estofatze lanak ere. Estatuan gertatzen zen bezala, hor ere polikromia soildu egin zen; oihalak naturalak eta tonu lisokoak (berdeak, urdinak, gorriak) erabiltzen ziren, eta enkarnazioak, gehienetan, leunduak. Marmol zuria imitatuz egindako aingeru taila batzuk ere badira; esate baterako, Mauricio de Valdivielsok eginak ¿lehenago ere aipatuak¿ Gasteizko Santa Marian, eta Bizkaiko erretaulen erremateetan ikusten direnak ¿Lendoño de Abajon (Urduña) eta Albizu-Elexagan (Orozko)¿, bai eta erliebe batzuetan ere ¿Urduñako Familia Santuaren elizan, erretaula nagusian eta albokoetan; horiek ere erretaula barrokoak dira (1688 eta 1689 artean eginak), aro honetan polikromatuak, eta kolore bereko tailaketa dute brontzea imitatzen duten kapitelek eta zutabeen fuste jaspeatuek¿.

Polikromien egile nagusiak ­¿aurreko aroen aldean gutxiago ziren, eskaera txikitu egin zelako¿ hainbat jatorritakoak ziren, arkitekto eta eskultoreen antzera. Hasieran, erretaula barrokotik neoklasikorako trantsizioan kantabriarrak ziren nagusi: Gregorio de las Cajigas eta Antonio del Corral ¿lehenago aipatuak¿, eta Jose Solano eta Agustin de Lainz, adibidez. Gero, nahiz eta Kantabriako urreztatzaile batzuek jarraitu ¿hala nola, Manuel Fernandez de la Vega eta Hermenegildo de Somarriba¿, artista euskaldunek agindu zuten: Azkoitiko Felipe Agustin de Elorza, eta Foncuevatarrak ¿Mariano eta Pedro Pantaleon¿ eta Antonio de Ruigomez ¿Foncuevatarrak eta Ruigomez, berez, Kantabriakoak ziren, baina Bilbaon finkatu ziren¿. Horiez gain, aipatzekoak dira euskal artisten sagak ¿arkitekturan eta eskulturan ere baziren¿; erretaulak eta imajinak margotzen zituzten, eta batzuk ­¿gero ikusiko dugu¿ astoko pinturan ere aritu ziren. Dinastia gehienak arabarrak ziren eta bertan zuten tailerra; adibidez, Gasteizkoek: Herreratarrak ¿garrantzitsuena, Manuel, Gasteizko Marrazketa Eskolako ikaslea, Antonio Ricoren suhia¿, Jimeneztarrak ¿batez ere, Pablo polifazetikoa¿ eta Ricotarrak ¿kide asko aritu ziren lanak urreztatzen eta estofatzen; adibidez, aipatu duguna eta baita Anselmo, Juan Antonio, Carlos eta Pedro ere¿. Gasteiztik aritu ziren Bartolome eta haren seme Manuel de Basco (edo Vasco) ere; eta hiritik kanpo, beste pintore familia bat aritu zen, Gaviñatarrak (Blas, Joaquin eta Pedro). Azken horiek urduñarrak ziren eta herri horren kokapena zela eta, Bizkaian ere aritzeko deitu zieten.

Horiez guztiez gain, kanpoko pintoreek ere parte hartu zuten Euskadiko arte piktorikoetan. Berako Juan Jose de Lanz ¿Bizkaiko kostaldeko herrietan eta Errioxan aritua¿, Haroko Gallardotarrak, Calahorrako Garridotarrak, 1792an Calahorratik Real Academia de Bellas Artes de San Fernando akademiara joandako Anselmo Jose de Rada ¿aitarekin, Domingorekin, bizi izan zen Bilbaon, eta han ezagutu zituen Jovellanosek¿, eta, azkenik, Jose Bejes ¿kantabriar logroñotartu horren ardura izan zen Durangoko Santa Anaren erretaulak (galduak) urreztatzea, eta haren lana aztertu zuen 1782an Luis Paret y Alcazarrek¿. Ohikoa ez izan arren, Ipar Euskal Herriko artista bat ere izan zen: Vicente Decreps (edo Decrept). Hori, Muxikan aritu zen, 1846an, eta haren familiako Sebastian Luis, berriz, Gasteizko San Pedroko Doloretakoaren erretaulan, 1868an. Parte hartze puntuala izan zuten ¿agirietan agertzen denez¿ zenbait arkitektok erretaulen eta imajinen polikromia lanetan: batzuek baldintzak ezarriz ¿Pedro de Belaunzaranek Aulestin (1851) eta Bermeon (1869)¿, eta beste batzuek lan horiek eginez ¿Pedro de Lumbrerasek Bermeon¿. Bestalde, badakigu pintore-urreztatzaile batzuk aritu zirela erretaulen eraikuntza zuzentzen: Antonio de Ruigomez Orozkoko San Pedro de Muruetan (1829-1830), eta Valentin de Aramberri Forondan (c.1797).

Aipatutako maisu batzuk, gainera, gai ziren oihalak eta hormetako irudiak egiteko; askotan, horiek ere erretaulen parte edo erretaula ondoko gune batekoak ziren. Neoklasizismoaren zati handi batean, eskulturan gertatu zen moduan, adierazpen mota haiek egiteko erabiltzen ziren eskemak ezagunak ziren, batez ere Barrokotik etorritakoak, hainbat lan ¿Carreño de Miranda, Ribera...¿ eta grabatu ¿Cort, Bolswert, Wiericx...¿ oinarri hartuta; ikus dezakegunez, XVI. mendera arteko lanak izan daitezke. Horren adibide dira San Miguel Goiaingeruaren zenbait oihal: Erroman kaputxinoen elizarako 1636an Guido Renik egindako oihalean oinarrituta daude, eta Axpe-San Bartolomeko elizan dauden Santiagoren erretauletan eta Beasaingo Arimen erretauletan ikus daitezke. Eskaera handiena zuen generoa eta, horregatik, gehien landu zena erlijiozkoa izan zen; dena den, egile batzuek erretratuak ere egiten zituzten: Bernardo de Costak, 1808an, pintore eta erretratugile aurkezten zuen bere burua, eta ezagunak dira, halaber, Matias Garrido ¿Manuel Francisco de Navarrete Burgosko apezpikuaren erretratua, Elciegon¿ eta Jose Lopez de Torre ¿1788 inguruan, Gasteizko Santo Domingoko komentuko sakristia aurrerako zenbait erretratu egin zituena¿.

Beraz, oro har, pintura atzerakoia zen. Noizean behin baino ez zen berritasunen bat izaten; esaterako, konposizio sinpleagoak, kolore hotzagoak eta adierazkortasun gutxiagoko irudiak. Berrikuntza horiek gehien sartu zituzten maisuek Gortearekin edo Marrazketa Eskolekin zuten harremana edo haietan jaso zuten prestakuntza ¿esaterako, lehenago aipatutako Arambarri, Manuel de Herrera, Anselmo Jose eta Domingo de Rada edo Juan Antonio Rico¿. Gainera, kontuan hartu behar da beste artista batzuen bilakaera naturala ere; horiek, beste baliabide batzuen artean, lehengoen lanak aztertu zituztelako izan zuten bilakaera hori. Horiez guztiez gain, Espainiar Estatuan ospe handia izandako artista batzuk ere aipatu behar dira. Artista haiek unean-unean jasotzen zituzten euskal sustatzaileen eskaerak: Yeclako Gines Andres de Aguirrek 1764an bukatu zuen San Pedrok tenpluaren aurrean elbarria sendatu zueneko mirariari buruzko koadroa (Menagaraiko parrokian gordea), eta harenak dira Bilbaoko Arte Ederren museoan dauden Karlos IV.aren eta Maria Luisa Parmakoaren erretratuak ere; Antonio Gonzalez Ruiz nafarrak Gasteizerako egindako oihalen artean daude San Prudentzioren Alegoria eta Araba (1763- 1765), azken hori lurralde horretako Batzar Nagusiek eskatuta egina; Antonio Carnicerok erakunde beraren enkarguz egin zituen Mariano Luis de Urquijo eta Francisco de Urquijo diputatu nagusien erretratuak, 1800an. Geroagokoak dira Pablo Baussac-en lanak ¿Ramon Sandalio de Zubia diputatu nagusiaren erretratua¿ eta Antonio Giulanirenak ¿San Frantzisko, Aguraingo ordena horren komenturako egina¿, biak 1858koak.

Aipamen berezia merezi du Luis Paret y Alcazarrek, Luis Antonio Borboikoa infantearen pintore izandakoak. Gortetik urrun bizitzeko agindua zuela-eta, 1779 eta 1788 bitartean Bilbaon bizi izan zen, eta lan ugari utzi zituen; lan horiek Rococoaren berezko dotorezia zuten. Gainera, lan interesgarria egin zuen ¿gero eta balio handiagoa aitortzen zaio¿ iturriak eta liturgiarako elementu apaingarriak (erretaulak, tabernakuluak edo aldareetako mahaiak) diseinatzen. Lanik aipagarrienak hauek ditu: Karlos III.aren aginduz egindako Kantauriko portuen bilduma (1786) eta Santa Luziaren martirioari buruzko oihala, 1784an egina eta izenpetua Larrabetzuko Santa Maria elizarako (baina gaur egun Bilbaoko Arte Sakroaren Elizbarrutiko Museoan dago). Vianarako (Nafarroa) ere egin zuen lanik. Dokumentuetan ageri denez, Bizkaian, 1790ean, 1.500 erreal ordaindu zen Karmengo Andre Mariaren margolan batengatik; Rafael Ximeno pintoreari agindu zitzaion egiteko, Aldeacuevako (Karrantza) San Andresen eliza sortu zuenaren omenezko kaperan jartzeko.

Astoko pintura ere egiten zuten euskal pintoreak jada agertu dira testuan, eta, orain, haien lan nabarmenenak aipatuko ditugu, bai eta orain arte agertu ez den egileren baten izena ere. Guztien artean Jose Lopez de Torre arabarra da aipagarriena: Euskadiko hiru lurraldetan aritu zen erretaulak eta irudiak polikromatzen eta arte figuratiboak lantzen. Araban egindako lanak baino ezagunagoak dira beste batzuk: Lekeitioko moja domingotarren komentuko erretaula nagusia urreztatu eta beste batzuk polikromatu zituen, eta lan horiek egiteagatik ordaindu zioten 1804ko azaroan; gainera, Donostiako Santa Mariako erretaula nagusian ikusten diren zenbait santaren oihalak ere hark eginak direla uste da. Araban lan izugarria egin zuen, askotan beste egile batzuekin elkartuta: alde batetik, bere arloko beste artista batzuekin batera altzariak dekoratzeko, eta, bestalde, arkitekto eta eskultoreekin ¿esaterako, Mauricio de Valdivielsoren lanei behar zuten polikromia eman zien¿. Arlo horretan, aipatu behar da erretaula nagusiak urreztatu zituela Mendozan (c.1788), Argandoñan (1794), Lezan (1803), Okarizen (1807) eta Asteguietan (1825), bai eta beste erretaula ugari ere Hermua, Maestu eta Argandoñako elizetan.

Astoko pintura atzerakoiagoa egiten zuen, eta grabatu flandestar eta italiar ugari erabiltzen zituen. Egile ospetsuen lanen antzekoak egiten ere saiatu zen; esaterako, Carreño de Miranda kopiatu zuen 1791n, Sortzez Garbia margotu zuenean Gasteizko Udalarentzat, eta gero gauza bera egin zuen Urizaharran eta Vianan; Luca Giordanoren lana hartu zuen eredu, Argomanizeko elizarako Bataiatzailearen Predikua oihalean egitean. Kontuan hartzeko moduko beste lan batzuk hauek dira: Galarretako Kristoren Bataioa (1780- 1781), Urizaharrako sakristiako tiraderen oihalak eta erretauletako zenbait pintura Heredian. Hark 1825ean margotu zuen Herediarako Aste Santuko monumentua eta Bermeoko Santa Mariakoa dira Euskal Herrian osorik gordetzen diren Neoklasizismoko ale bakarrak. Bermeokoa egile ezezagunekoa da, baina kalitate handiagokoa, eta gaur egun Bilbaoko Arte Sakroaren Elizbarrutiko Museoan dago (bere garrantziarengatik, Kongresu honetako komunikazio bateko gaia da). Bestalde, dokumentatuta dago Aste Santurako arkitektura horiek egiten beste maisu batzuek ere parte hartu zutela: Luis Pareti bururatu zitzaion, 1780an, XX. mende hasierara arte Santiagoko Katedralean (Bilbao) ikus zitekeena, eta Manuel Ricok beste bat egin zuen Elorrioko Sortzez Garbiaren elizarako, 1783an.

Kontuan hartzeko moduko egile berriak ere aipatuko ditugu. Araban, dokumentatuta dago Herreratarren arteko batzuek ¿esaterako, Manuel, Jose eta Fermin¿ lanak egin zituztela Landan, Lermandan eta Hermuan; Pablo Jimenez ere aipatzekoa da, eta, gainera, horma-pintura ere egin zuen ¿adibidez, Munainen (1790)¿; Matias Garridorenak dira arestian aipatutako Burgosko Apezpikuaren erretratua, eta Navaridaseko gurutzadura eta kapera nagusiko horma-pinturak (1775); eta Manuel Vascok Purgatorioko Arimen pintura utzi zigun Ibarran (Aramaio), bere izena duen erretaulan. Bizkaiko egileen artean, Francisco de Oleaga aipatu behar dugu, Bilbaoko Marrazketa Eskolako irakaslea, hark margotuak baitira Muxikako San Bizente Martiriaren elizan dauden alboetako erretaulen buruak; Rococo berantiarreko erretaula horien egilea Juan de Iturburu (1781-1783) izan zen. Bizkaikoekin jarraituz, lehen ere aipatuak ditugu batzuk: Bernardo Costak, Gautegiz Arteagako erretaula nagusiko tabernakuluan ikusten den Isaaken Sakrifizioa egin zuen (1810-1811); Anselmo Jose de Radarenak ziren Gernikan eta Lekeition desagertutako zenbait koadro (Jesukristo bihotza agerian, c.1830); haren aitari, Domingori, zor dizkiogu Axpe-San Bartolomeko alboetako erretauletan ikusten diren oihalak (1792) ¿Santiago Matamoros, San Migel Goiaingerua, Purgatorioko Arimak eta Amabirjinaren agerraldia San Frantziskori¿. Lurralde horretan bertan, Rococo garaian margotutako etxe batzuk daude Markina-Xemeinen, Zearkaleko 3. eta 7. zenbakietan, 1805 eta 1804koak. Motibo atzerakoiak dituzte, batez ere (pitxerrak, arrokaia...); horien artean, frontoi klasizista bat dago 3. zenbakian. Gipuzkoako lanei buruz gutxiago dakigu, eta, horregatik, ez da asko aipa dezakeguna: batetik, Donostian dagoen Martirioa, ustez Luis de Bocciak egina (1819); bestetik, Tolosako erretaula nagusian buru den Jasokundearen irudia, Antonio de Zabala pintore gipuzkoarrak egina.

Bibliografia

  • ANDRES ORDAX, S.: "Arte", in ZENBAIT EGILE: Tierras de España. País Vasco , Madril, 1987, 288.-303. or.
  • ASTIAZARAIN ACHABAL, M. I.: Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Martín de Carrera y Manuel Martín de Carrera , Donostia, 1991, 269.-271. or.
  • ASTIAZARAIN ACHABAL, M. I.: Gipuzkoako erretablistika I. Tomás de Jáuregui , Donostia, 1994.
  • BARAÑANO, K. M. DE; GONZALEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco , Madril, 1987.
  • BARRIO LOZA, J. A. (Zuzend.): Monumentos Nacionales de Euskadi , 3 liburuki., Bilbao, 1985.
  • BARRIO LOZA, J. A. (Zuzend.): Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica , 3 liburuki, Bilbao, 1989-1991.
  • BARRIO LOZA, J. A.: "Algunos aspectos del Arte", in ZENBAIT EGILE: Bizkaia , 1789-1814 (Erakusketako katalogoa), Bilbao, 1989, 173.-197. or.
  • BASAS FERNANDEZ, M.: "Las épocas neoclásica y romántica", in Vizcaya monumental , Bilbao, 1982, 97.-106. or.
  • CAMON AZNAR, J.; MORALES Y MARIN, J. L.; VALDIVIESO GONZALEZ, E.: "Arte español del siglo XVIII", in Summa Artis , XXVII. liburukia, Madril, 1984.
  • CEAN BERMUDEZ, A.: Diccionario histórico de los más ilustres profesores de las Bellas Artes en España , Madril, 1800.
  • CENDOYA ECHANIZ, I.: "Erretablo neoklasikoaren hasiera Gipuzkoan", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País , XLV-3,4, 1989, 355.-373. or.
  • CENDOYA ECHANIZ, I.: "Dotación artística del convento de Segura (Guipúzcoa). Sor María Beatriz Antonia de Cristo Arrúe y la aportación de los indianos", in La Orden Concepcionista , Leon, 1990, 2. liburukia, 35.-36. or.
  • CENDOYA ECHANIZ, I.: "El retablo mayor de la iglesia parroquial de Asteasu", Artes Plásticas y Monumentales , 10 zk., 1992, 153.-176. or.
  • CENDOYA ECHANIZ, I.: "Ruptura y continuidad en las primeras manifestaciones escultóricas del neoclasicismo en Guipúzcoa", in Actas del IX C.E.H.A. El arte español en épocas de transición , Leon, 1992, 205.-212. or.
  • CENDOYA ECHANIZ, I.; MONTERO ESTEBAS, P. M.: "Pintura de los siglos XVIII y XIX en el convento de Brígidas de Azcoitia", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País , XLVII-3,4, 1991.
  • CHUECA GOITIA, F.: "Ventura Rodríguez y la escuela barroca romana", Archivo Español de Arte , 52. zk., 1942, 185.-210. or.
  • DELGADO, O.: Luis Paret y Alcázar , Madril, 1957.
  • DIAZ DE ARCAUTE, M.: Vida y obras del escultor alavés don Mauricio de Valdivielso (El Santero de Payueta) , Gasteiz, 1899.
  • ECHEVERRIA GOÑI, P. L. (Koord.): Retablos de Euskadi / Euskadiko erretaulak , 2 liburuki, Gasteiz, 2001.
  • ECHEVERRIA GOÑI, P. L.; VELEZ CHAURRI, J. J.: "Transformaciones en el mundo del retablo durante el último cuarto del siglo XVIII. Francisco Sabando, profesor de arquitectura", in Actas del IX C.E.H.A. El arte español en épocas de transición , Leon, 1992, 193.-204. or.
  • GARCIA DIEZ, J. A.: La pintura en Álava , Gasteiz, 1990.
  • GAY-POBES, P.: "San Pedro de Menagaray: una respuesta ortodoxa al movimiento ilustrado", Sancho el Sabio , 2. aldia, 6. zk., 1996, 315.-338. or.
  • GAYA NUÑO J. A.: "El arte del siglo XIX", in Ars Hispaniae , XIX. liburukia, Madril, 1958.
  • GOMEZ MORENO, M. E.: "Pintura y esculturas españolas del siglo XIX", in Summa Artis , XXXV, Madril,1993.
  • LARUMBE, M.: Justo Antonio de Olaguibel, arquitecto neoclásico , Gasteiz, 1981.
  • LARUMBE, M.; MUGA, E.; AMIGORENA, M.: Euskal Artearen Historia. Neoklasikoa , Donostia, 1992.
  • LOPEZ ALEN, F.: "Arquitectura donostiarra. Diego de Villanueva", Euskal-Erria , L, 1904, 557.-559. or.
  • LOPEZ ALEN, F.: "Arquitectura donostiarra. Ventura Rodríguez", Euskal-Erria , LI, 1904, 39.-41. or.
  • LOPEZ DE GUEREÑU, G.: "Los santeros de Payueta", Boletín de la Institución Sancho el Sabio , XX, 1976, 327.-364. or.
  • LOPEZ DE GUEREÑU, G.: "La familia Moraza", Boletín de la Institución Sancho el Sabio , XXIII, 1979, 215.-233. or.
  • MARTIN GONZALEZ, J. J.: "Problemática del retablo bajo Carlos III", Fragmentos , 12.-13.-14. zk., 1988, 33.-43. or.
  • MARTIN GONZALEZ, J. J.: "Comentarios sobre la aplicación de las Reales Órdenes de 1777 en lo referente al mobiliario de los templos", Boletín del Seminario de Arte y Arqueología , LVIII, 1992, 489.-496. or.
  • OSSORIO Y BERNARD, M.: Galería biográfica de artistas españoles del siglo XIX , 2. argitaraldia, Madril, 1975.
  • OTERO TUÑEZ, R.: "La imaginería española y la crisis neoclásica", in ZENBAIT EGILE: España en la crisis del arte europeo , Madril, 1968, 195.-203. or.
  • PALOMEQUE TORRES, A.: "Esteban de Agreda. Escultor riojano (1759-1842)", Archivo Español de Arte , 51. zk., 1942, 154.-162. or.
  • PARDO CANALIS, E.: Escultores del siglo XIX , Madril, 1951.
  • PARDO CANALIS, E.: Escultura neoclásica española , Madril, 1958.
  • PARDO CANALIS, E.: Los registros de matrícula de la Academia de San Fernando de 1752 a 1815 , Madril, 1967.
  • PESQUERA VAQUERO, M. I.; TABAR ANITUA, F.: "Las artes en la Edad de la Razón. El Neoclasicismo", in ZENBAIT EGILE: Álava en sus manos , IV liburukia, Gasteiz, 1983, 169. or. eta hurrengoak.
  • PLAZAOLA, J.: "Las esculturas de José Piquer en Santa María de Tolosa", Goya , 235.-236. zk., 1994, 7.-10. or.
  • PONZ, A.: Viaje de España , 18 liburuki, Madril, 1772-1794.
  • PORTILLA VITORIA, M. J.: "El busto de San Prudencio en la llamada Casa del Santo", Fiestas de San Prudencio 1980 , 2.-5. or.
  • PORTILLA VITORIA, M. J. eta beste batzuk: Catálogo Monumental. Diócesis de Vitoria , 8 liburuki, Gasteiz, 1968-2001.
  • REYERO, C. eta FREIXA, M.: Pintura y escultura en España, 1800-1910 , Madril, 1995.
  • RODRIGUEZ DE CEBALLOS, A.: "La reforma de la arquitectura religiosa en el reinado de Carlos III. El neoclasicismo español y las ideas jansenistas", Fragmentos , 12.-13.-14. zk., 1988, 115.-127. or.
  • RUIZ DE AEL, M. J.: "Aspectos sobre teoría artística e Ilustración en el País Vasco. La Real Sociedad Bascongada de Amigos del País y las Artes", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País , XLVI-1-2, 1990, 103.-114. or.
  • RUIZ DE AEL, M. J.: "Las Bellas Artes en la Sociedad Bascongada de Amigos del País. Sus Escuelas de Dibujo", Las Bellas Artes en la Sociedad Bascongada de Amigos del País (Catálogo de la Exposición) , Donostia, 1992.
  • RUIZ DE AEL, M. J.: "Las Escuelas de Dibujo del País Vasco en el siglo XVIII: sus modelos académicos", Sancho el Sabio , 2. aldia, 3. zk., 1993, 149.-165. or.
  • RUIZ DE AEL, M. J.: La Ilustración artística en el País Vasco. La Real Sociedad Bascongada de Amigos del País y las artes , Gasteiz, 1993.
  • SAINZ GIL, A. M.: "Los artistas que nacieron y/o trabajaron en el País Vasco durante el siglo XIX a través de la obra de Mariano Ossorio y Bernard, Galería biográfica de artistas españoles del siglo XIX y propuestas para nuevas investigaciones que lleven a completar el panorama de los artistas vascos del siglo XIX", Kobie (Arte Ederrak-Bellas Artes), 8. zk., 1991, 43.-72. or.
  • SAMBRICIO, C.: Silvestre Pérez. Arquitecto de la Ilustración , Donostia, 1975.
  • SANCHEZ CANTON, F. J.: "Escultura y pintura del siglo XIX", in Ars Hispaniae , XVII, Madril, 1965.
  • SANCHEZ CANTON, F. J.: "La crisis del barroquismo al neoclasicismo", in ZENBAIT EGILE: España en la crisis del arte europeo , Madril, 1968, 189.-193. or.
  • SAN MARTIN, J.: "Los escultores Mendizábal de Eibar", Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País , XLIV-1,2, 1988, 177.-183. or.
  • SIERRA FERNANDEZ, L. A. de la: "El retablo gaditano del Neoclasicismo", Imafronte , 3.-4.-5. zk., 1987-1989, 447.-467. or.
  • SIERRA FERNANDEZ, L. A. de la: El retablo neoclásico en Cádiz , Cadiz, 1989.
  • TABAR ANITUA, F.: Vitoria Neoclásica , Gasteiz, 1986.
  • TABAR ANITUA, F.: "Neoclásico", in ZENBAIT EGILE: Vitoria-Gasteiz en el Arte , Gasteiz, 1997, 448.-517. or.
  • VIÑAZA, C. de la: Adiciones al Diccionario histórico de los más ilustres profesores de las Bellas Artes en España de Don Juan Agustín Ceán Bermúdez , Madril, 1899.
  • YBARRA y BERGE, J. de: Catálogo de Monumentos de Vizcaya , 2 liburuki, Bilbao, 1958.
  • ZENBAIT EGILE: Monumentos de Bizkaia , 4 liburuki, Bilbao, 1987.
  • ZENBAIT EGILE: Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian / Arquitectura Neoclásica en el País Vasco , Bilbao, 1990.
  • ZENBAIT EGILE: Luis Paret y Alcázar, 1746-1799 (Erakusketako katalogoa), Gasteiz, 1991.
  • ZORROZUA SANTISTEBAN, J.: El retablo neoclásico en Bizkaia (BBK, Ikerketarako bekak eta dirulaguntzak, argitaragabea), Bilbao, 1995.
  • ZORROZUA SANTISTEBAN, J.; CENDOYA ECHANIZ, I.: "Precisiones sobre los Mendizábal, escultores guipuzcoanos del siglo XVIII. Nuevas obras en Bizkaia y Gipuzkoa", Kobie (Arte Ederrak-Bellas Artes), 7. zk., 1990, 5.-24. or.
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana