Frankoen eta bisigodoen artean

Artikuluaren egilea: Juan Plazaola

IV. mende bukaeran, Euskal Herriko egoera politikoa aldatu egin zen. Aurreko mendean, barbaroek baskoien lurretan egindako inbasioek ere Behe Inperioan izandako elkarbizitza baketsua asaldatu zuten, baina inbasio horietaz berri gutxi eta ilunak ditugu. Hala ere, hori frogatzen dute hiribildu batzuetako suteek, baita gure arkeologia ezagutarazten duen Pompaelokoak ere. Gertaera horiek zirela eta, ulergarria da Lapurdum (Baiona), Iluro (Oloron), Beleia (Iruña), Juliobriga (Kantabria) eta abarretan soldadu taldeak kokatzea. Herri germaniarrak etengabe hurbiltzea Inperioarentzat mehatxu handia zela sentitzen hasi ziren. Merkataritza -lehenago goraldia izan bazuen ere- hiri handietara mugatu zela egiaztatu da (adibidez, Zesaraugusta, Barcino eta Tarracora), eta gertuko beste hiri batzuk, berriz, (Kalagorri, esate baterako) hutsik geratu zirela.

Estilikon basatia Honorio enperadorearen zerbitzura zegoen, eta haren talentu militar eta politikoak ez zuen galarazi beste herri batzuk etortzea. V. mendearen hasierako urteetan, mertzenario barbaroez osatutako Britaniako armadak bere ofizialetako bat Galietako enperadore izendatu zuen. Konstantino III. a izena hartuta Galiako hegoaldera iritsi zen; Pirinioetako pasabideetako babesle izendatu zuen bere burua eta Hispanian sartu zen. Osorioren arabera, armada horiek izan ziren barbaroak Inperioaren lurretan sartzearen erantzule.

Mugimendu militar horiek, ezbairik gabe, Euskal Herriko jendea asaldatu eta herriaren bilakaera soziala eta ekonomikoa bizkortu zuten. IV. mendearen amaiera aldetik indarrez sartutako herri arrotzek barruko egoera baketsua nahastu zuten. Agian, horiek bagauden (bide lapurretan eta arpilatzen zebiltzan talde erreboltariak) fenomeno ilunarekin lot daitezke. Fenomeno hori ez da oraindik behar bezala argitu; Tarrakonensen sortu zen, eta ezin da jakin protesta sozio-ekonomikoak edo errebolta politikoak izan ziren. Seguru asko, landa inguruko baskoiek hartu zuten parte bertan.

407. urte hasieran, herri barbaro batzuek (alanoak, sueboak eta bandaloak) Rin zeharkatu, beste aldeko frankoen artean pasabidea ireki eta (Osorio eta Isidorok directo impetu esango zuketen) Galiaren Hegoalderaino jarraitu zuten, Akitania eta Novempopulaniako probintziak, Ludgunense eta Narbonense suntsituz. Didimo eta Veriniano "erromatar noble boteretsuak" militarren bidez Pirinioetako pasabideak ixten saiatu ziren, baina ahalegin horiek alferrik izan ziren. 409. urtean, berriz, lehenengo inbaditzaile horiek beste herri germaniar batek suntsitu zituen: bisigodoek.

Alarikok zuzenduta, Bisigodoen armada nahasia -tartean, beste herri germaniar batzuen dibisioak- Erroman sartu eta "caput munditzat" hartutako hiria arpilatu zuen. Alariko hil zenean, haren koinatu Ataulfok (Ravenan zegoen gordeta) Honorio enperadorearekin hitzarmena egin zuen; haren arrebarekin, Gala Placidiarekin ezkondu zen, eta Inperioaren defendatzaile aitortu zuen bere burua. 412. urtean, Italiatik Narbonenseraino eraman zuen bere armada, eta tribu germaniarrei Toulouse eta Bourdeaux kendu zien. Ondoren, Tarrakonense ere okupatu zuen. Bartzelonan hil zutenean, haren ondorengo Walia izan zen errege, urte batzuetan, Galiaren hegoaldean: Akitania, Novempopulania eta Narbonenseren mendebaldean. Bisigodoen erreinua Rodanotik Ozeanoraino hedatzen zen garai hartan. Akitanian eta baskoien herrialde guztian bisigodoen egonlekuak izan ziren. Alanoak Afrikara igaro ziren, eta sueboak Teodorikoren armadak suntsitu zituen laster.

Gerra eta inbasio aldi horien laburpen gisa, esan behar da baskoiak, nahiz eta egoera kaotiko horren biktimak izan, baztertuta sentitu zirela barbaroen eta erromatarren arteko gerran -funtsean, bi zibilizazioren arteko liskarrak izan ziren-. Barbaroen oldarraldiek ez zuten erromatarren kargatik askatutako herri baskoi haien berotasuna piztu. Aitzitik, areriotasun orokor eta etengabea ekarri zuten Pirinioetako bi aldeetara. Hain zuzen ere, areriotasun horrek independentzia lortzeko aukeren kontzientzia sortu zuen baskoien artean,1 eta, historian lehenengo aldiz, herrien arteko batasuna eragin zuen: "ordura arte, funtsean hizkuntza eta psikologia bera zuten arren, barreiatuta eta ia bananduta zeuden herriak elkartzen zituena".2 

Oraindik ez da argitu zer lotura izan zuten herrialde barruko ordena asaldatu zuten baskoniako bagauda haiek inbasio horiekin. Pobretutako nekazari herriak hiribilduko jauntxoen kontra emandako erantzun gogorra izan al ziren? Hiri baskoiak gutxi eta txikiak zirela eta bertako biztanle gehienak nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen zirela kontuan hartuz gero, landa/hiria oposizioa ez zela hainbestekoa pentsa daiteke;3 Baskonia esklabo eta kolono iheslarien babeslekua izan ezean, behintzat.4 Baskoniako biztanleen sektore batzuek eta besteek inbaditzaileen gehiegikerien kontra egindako gaitzespen normala izan al ziren? Bestalde, baskoien lurrean izandako bagauda galiarren zabalkuntza fenomenoa izan zitekeen. Horiek 435. urte inguruan Alpeetara hedatu eta Pirinioetara iritsi ziren, eta Tarrakonense suntsitu zuten, baina, 443. urtean, Magister Militum Merebaudesek Aracoelin5 garaitu zituzten. Edo, Baskonia finkatzearen eta zabaltzearen prozesuaren barruko gertakari endogeno bat zela ulertu behar al da?6 

Bestalde, ez da zaila talde gogor horiei buruz azalpen bat ematea, kontuan hartuta urte horietan inbaditzaileak behin eta berriz igaroko zirela Baskoniako lurretan zehar eta horrek giro sozial eta politikoa nahasiko zuela. 448an, Requiario errege sueboak, Tolousera egindako espedizio batean, Pirinioen bi aldeetako "Baskonia" arpilatu zuen. Heruloak Galiziaraino iritsi ziren, baina 456an handik bota zituzten, eta kantabriar eta barduliarren lurrak suntsituz itzuli ziren, eta, seguru asko, baita Baskoniako Novempopulania ere, Pirinioetako beste aldean. Baina, han, Galiako lurretan, bisigodoak izan ziren nagusi. Eurico godoak (455-484), kode entzutetsu bat egin zuen hark, mendiak igaro, eta Iruña eta Zaragoza garaitu zituen, Tarrakonense probintzia menderatzeko leku estrategikoak izango zirelakoan. 476an, erromatarrekin zuen foedusa eten, eta ozeanotik Mediterraneoraino Loirak zeharkatutako erreinuaren subirano izendatu zuen bere burua.

Haren ondorengoak, Alariko II. a ariotarrak, ez zuen erraza izan herri kristaua eta katolikoa menperatzea, horiek nahiago baitzuten Clodoveo buruzagi frankoaren menpean egon, eliza katolikoan batailatuz (497) kristautu zen paganoaren menpean, alegia. Alariko II. aren Vouilleko porrotaren ondoren, Galiako erreinu godoak suntsituz jarraitu zuen eta haren lekuan erreinu frankoa ezarri zen, historialari baten ustez, Gascogne ere barnean zuela.7 Orduan gertatu zen Iberiar Penintsulako bisigodoen immigrazio handia, Alariko II. aren menpean dagoeneko hasia zen okupazioa.

Historialariek ez diote ezer baskoiek borroka horietan izan zuten jarreraz, eta, aldi horretan, normala da Baskonian herri independentearen kontzientzia sendotuz joan izana. Hortik aurrera, erlijio eta sistema politiko desberdina zuten bi herriren arteko giltzarri izateak eragina izan zuen Baskoniaren historian. Hegoaldeko godoen erreinua, garai hartan, ariotarra zen erlijioz eta politikan batasuna zen nagusi; iparraldeko frankoak, aldiz, katolikoak ziren eta erreinua zatikatu egin zuten, erregeen seme-alaben artean banatzeko.

Pirinioen iparraldean, mendi aldeko baskoiek Behe Novempopulanian 587an zenbait eraso harrapari egitearen ondorioz, historialari batzuek, Gregorio de Toursen testu bat gaizki interpretatuz, inbasioa izan zela adierazi zuten. Horien ustez, horregatik finkatu ziren egun horretatik aurrera lehen aldiz Pirinioez beherako baskoiak Akitanian, eta Dioclecianoren Novempopulaniari Wuasconia (Gascogne) deitzen hasi ziren. Gaur egun, teoria hori defendaezina da hizkuntzalaritzaren aldetik, inskripzio baskoi-akitaniarrak aspaldikoak baitira. Antzeko hedapena aldarrikatu dute zenbait historialarik (Schulten, Gomez Moreno, Sanchez Albornoz) hegoaldeko Euskal Herriari dagokionez, (antropologia, toponimia eta hizkuntzalaritzako datuetan oinarrituta J. Caro Baroja, Barbero eta Vigil, Sayas Abengoechea eta beste autore batzuek emandako iritzien kontra). Gainera, baskoiak garai bateko barduliar eta karistiarren lurretan mugitzearen ondorioz Gipuzkoa eta Bizkaia berandu euskaldundu zirela susmatu zuten historialari horiek.8 Mende ilun horiei dagokienez, argi utzi behar da inbasioak izan zirela esan beharrean, Iparraldeko baskoiek frankoen kontra egindako erasoak izan zirela esan behar dela, eta gauza bera esan liteke hegoaldeko baskoiek bisigodo hispaniarren kontra egindako borrokei buruz ere.9 Dena den, hegoaldeko Baskoniako hainbat nekropolitan berriki merovinjioen armak aurkitu dituztenez, berriz ere mahaigaineratu da Clodoveoren oinordeko erregeek Iruñako eskualdearekin zuten harreman politikoaren arazoa.10 

Egia esan, ezin da ziurtasun osoz esan Iparraldeko baskoiek frankoen erreinuaren aurka aurrez aurreko borrokak egin zituztenik, ez behintzat VII. mendera arte, Dagoberto erregearen garaira arte, alegia. Errege horrek, armada indartsu baten laguntzaz, garaipen izugarria lortu zuen 635. urtean, baina hurrengo guduan porrota izan zuen, Zuberoako lurretan. Borroka horiek, baskoiek Froya erreboltariari Recesvintoren kontra emandako laguntza militarrak bezala, honako hau frogatzen dute: baskoiek, Pirinioetako eskualdean independenteak izateaz gain, antolaketa eta indar handia zuten, eta, horren ondorioz, eurak baino askoz boteretsuagoak ziren nazioen bizitzan eragiten zuten (" demuestran que los Vascones, además de ser independientes en la región de los Pirineos, tenían una organización y una fuerza que les hacía capaces de tomar parte en la vida de las naciones mucho más poderosas que ellos "11 ). Baskoiek, gaskoiekin eta akitaniarrekin bat eginda, frankoen botereari aurre egin zioten etengabe, Duke handien agintea onartuta. 602. urtean, Clotario I. aren oinordekoek Baskoniari, eta seguru asko baita Baskonia hispanikoari ere, Duke Bikaina ezarri ziotenetik (ez dago ziur jakiterik nagusi indigena bat edota frankoa zen), Dagoberto erregearen itxurazko mendetasunean, hainbat Dukek agindu zuten, eta badirudi Lupo I. aren ondorengoek nahikoa autonomiarekin gobernatu zutela: Eudes Handiak, Hunaldo I. ak, Waifarok, etab. Akitaniako dinastia izan zen, eta, Abderramanen inbasioek ahulduta, erori aurretik Austrasiako errege Carlos Martel (668-741 inguru) eta haren oinordeko Pipino Laburra (714-768) urduri jartzen jarraitu zuen, baskoien laguntzarekin.12 Horrela jarraitu zuten Karlomagnok (742-814 inguru), indarrez sartu eta Hunaldo II. a bahitu ondoren, Baskonia bere Inperio handian forupean hartu zuen arte.13 

Bitartean, hegoaldean, Hispania bisigodoko erregeek bi mendez agindu zuten, arabiarren inbasioa arte; errege horiek ariotarrak izan ziren hasieran, baina Recaredoren (586) ondorengoak katoliko egin ziren. Godoek baskoien kontra izandako liskarra Leovigildoren garaian hasi zen; hori Victoriacumen -kontuz, Vitoriarekin14 nahasi gabe- sortzaile izan zen. Liskar horiek etengabeak izan ziren Recaredo eta Fundamaroren garaitik (610eko baskoien kontrako kanpaina) Rodrigoren garaira arte; hau da: Sisebutoren garaian (rukoien edo euskaldun errioxarren kontrako gerra), Suintilaren garaian (beste kanpaina bat 621ean, eta Oliteko gotorlekua eraikitzea), Recesvintoren garaian (Zaragozan egindako kanpaina baskoi bortitza), eta Wambarenean ere bai (Baskonia "zazpi egunetan" suntsitzea). Rodrigo erregea ustekabean harrapatu zuen arabiarren inbasioak, Penintsularen iparraldean euskaldunen kontra borrokan ari zela. Ez da erraza argitzea zer-nolako erlazioa izan zuten baskoiek eta musulmanek, arabiarren eta berbereen inbasioa gertatu (711-734) eta haiei, Poitiersen porrota izan ondoren, Penintsulako lurretara atzera eginarazi ondoren. Garai hartako kronista karolinjioek "baskoi erreboltariak" aipatzen jarraitu zuten; hain zuzen ere, Karlomagnok otzandu egin nahi izan zituela zioten. Horregatik pentsa daiteke Orreagako porrota ez zela gertaera isolatua izan; hau da, 778ko abuztuaren 15ean, Zaragozatik bueltan zetozela, Iruñako harresiak suntsitu ondoren, enperadorearen armadaren atzealdeak izandako porrota frankoen eta baskoien arteko borroka luzeen erantzuna izan zela.15 

Beraz, argi dago euskaldunek tinko egin ziotela aurre franko-bisigodoen nagusitasunari, Pirinioen bi aldeetan. Aldi hori Iruñako Erreinuaren hasieran, 824an, mugatzen badugu, esan daiteke erresistentzia horrek lau mende iraun zuela; bai behintzat, frankoen kontra, VIII. mendean musulmanek godoen monarkia garaitu baitzuten. Etengabeko gerra horrek baskoien familia elkartu zuen (egun nazioa deituko genuke, garai bateko kronisten "gens Vasconum" eta "Vasconum patriaren" itzulpena eginez), independentzia lortzeko borroka tematuan.

Iturri gutxi izateak zaildu egiten du mende horietan Baskoniako Dukerria dei zitekeen herri horren mugak zehaztea. Gerra istiluen mugak ez dira batere finkoak izaten historialarientzat. Garona eta Ebroren arteko eremua bakean bizi zen. Bi ibaietan edo horien inguruetan -esaterako, Erriberri-Gasteiz-Kalagorrin lehenengo kasuan, eta Garonan bertan, bigarrenean- gertatu ziren baskoien eta horien etsaien arteko gerrak ("Es en ambos ríos o en sus cercanías, Olite-Vitoria-Calahorra en un caso, o el Garona mismo en el segundo, donde se establece el contacto bélico de los vascones y el enemigo"16 ).

Arkeologiaren isiltasuna

Harrigarria dirudi Baskoniaren historialariek hainbat mendetako isiltasuna aipatzea kultura artistikoaren hondarrei dagokienez. Herri honen jatorrian pentsatzen jarrita, ordea, isiltasun horrek azalpen bat izan dezake; herri hau geografikoki mugatua izan baita, nagusiki landa inguruan kokatua, batez ere mendialdera baztertua, independentziaren senak bultzatua, bizirauteko premiak hartua eta armada inbaditzaile eta monarkia boteretsuei aurre egitera behartua. Baldintza horiek ez zuten erraztu hurrengo mendeen mirespena sortzeko moduko garapen kultural eta sorkuntza artistikorik.

Talde horren barruan bi sektore tradizionalak bereizi behar dira: mendialdekoa eta artzaintzakoa, batetik, eta Ebroko haranekoa, bestetik. Bi talde horiek batzen zituen faktore kulturala euskara zen; hau da, ekintza ofizialetan latina erabiltzen zen arren, herrialde osoan egoskor eutsi zioten euskarari, mendeetan zehar. Baliteke giza eta gizarte adierazpenerako zuten irmotasunak -inprobisatutako bertsolaritzaren genero berezian ikusten da hori- arte plastikoko beste adierazpide forma batzuk gutxiestera eraman izana; hau da, denborari aurre egin ahal izango zieten adierazpideak baztertzera.

Bestalde, arkeologiaren isiltasun hori ez da harritzekoa, kontuan hartzen bada beste kultura garaikide batzuek ere ez digutela V., VI. eta VII. mendeetako arte plastikoaren arrasto aipagarri eta ugaririk utzi (Toledoko monarkia boteretsuaren kristau arkitektura izan ezik). Euskal Herriari dagokionez, neurri handi batean, materialaren -egurraren- hauskortasuna izan daiteke arkeologiako isiltasun horren arrazoia; batez ere, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroako Iparraldean, zuhaitz sarriz beteriko lur hezeak baitaude bertan.

Baldintza geografiko horiez gainera, kontuan hartu behar da arkeologo euskaldunek ia historiaurreko garaiak edo erromatarren mundua desagertu aurrekoak bakarrik ikertu dituztela. Beraz, pentsa daiteke arkeologoek gure Goi Erdi Aroko kulturan material iraunkorragoak (harria, zeramika, metala) sakonago aztertu izan balituzte, egungo museo arkeologikoek erakusten digutena baino informazio emankorragoa izango genukeela.17 Ezusteko eta bat-bateko aurkikuntzek -esaterako, azken urteetan Buzaga (Nafarroa) eta Aldaietako (Araba) nekropolietan egindakoak- adierazi digute gure iragan urruneko eta Goi Erdi Aroko ezjakintasuna behar bezalako ikerketa arkeologikoak ez egitearen ondorio dela, eta ez monumenturik ez egotearen ondorio.

VII. mendean Akitaniako Dukerriak zuen garrantzi historikoaren eta Baskoniarekin zuen harreman estuaren ondorioz, zenbait historialarik akitaniar-baskoi taldea osotasuntzat hartu zuten. Bertan, mendiko euskaldunak "azkon muturra" izan ziren, eskualdearen autonomia lortzeko etengabeko gerran. Beraz, horrek pentsarazten du "frankoengandik guztiz bereizita zegoen beste talde politiko bat"18 zela, eta Pirinioetako bi aldeetako baskoiak orain arte uste izan dena baino estuago zeudela lotuta. Hegoaldeko Euskal Herriko nekropolietan aurkitu diren azken armamentuek hipotesi hori frogatu dute.

Apaingarriak eta lanabesak

Erromatarren mundutik mundu erromanikorako trantsizio aldian Euskal Herrikoaren historian ageri den iluntasun luze eta sakon hori artean ere ageri da.

San Isidorok jakinarazi zigun bisigodoek, 466. urte inguruan, Iruña, Zaragoza eta beste hiri batzuk hartu zituztela. Gregorio de Toursek, berriz, adierazi zuen Armorikako jaun Childeberto I. ak eta Austrasiako jaun Klotario I. ak Pirinioak zeharkatu (511 urtetik 561 urtera bitartean) eta Iruña bereganatu zutela. Beste kronista baten arabera, Chindasvinto Iruñako tronura igo zen 642ko apirilaren 7an.

Ez dakigu zehatz-mehatz zer-nolako erregimen politikorekin bizi izan ziren Baskonian mende horietan. Era berean, ez dakigu inbasio eta gerrako arrakasta horiek -kronista merovinjioek erregistratuak- zenbateraino diren adierazgarriak frankoek eta bisigodoek Baskoniako lurretan kokaleku eta agintaritza jarraitua izan zutela esan ahal izateko.

Germaniarren inbasioen ondoren, garai bateko barduliar, karistiar eta autrigoi izendapenak desagertu egin ziren, eta, geroztik, kronistek baskoiak eta Baskonia aipatu zituzten. Horrez gain, Iruñak Baskoniako hiriburu izaten jarraitu zuen; eta, dirudienez, bisigodoen garaian, gotzain hiri izan zen, bertako gotzainen sinadurak Toledoko kontzilio batzuetan agertzen baitira. Agian, indusketa kanpainekin jarraitzen bada, arkeologiak franko-bisigodoen garaiko aztarna gehiago erakutsiko ditu, erromanizazioarekin gertatu den bezala.

 Argarayko mugan -egungo Iruñako lur azpia, zezen plazatik hurbil- aurkitutako nekropoli bisigodoak horien -edo, agian, frankoen- artisautzako objektuen bilduma bat ezagutarazi zuen: 18 gerriko belarri eta xafla, guztiak brontzezkoak, eta horietako batzuk Penintsulako bisigodoen hilerrietan ikusitakoen nahiko antzekoak; bi fibula zati eta bi brontzezko besoko; sei belarritako eta zilar eta brontzez landutako hogei bat eraztun;19 eta arma multzo eder bat (labanak eta lantza eta gezi puntak).20 Guztia oso interesgarria arkeologoentzat, baina ez hainbeste artearen historialarientzat; hala ere, ezin da ukatu pieza horietako batzuk edertzen dituzten apaingarri geometrikoetako gustu estetikoa. Horien jatorriari dagokionez, arkeologoek honela laburtzen dute: "de once broches de cinturón, seis nos remiten inequívocamente al norte de los Pirineos y cinco, en cambio, son más frecuentes en el contexto funerario penisnsular. Llama la atención, no obstante, la ausencia total en Pamplona de los ejemplares más característicos de la toréutica visigoda e hispanovisigoda".21 Blas Taracenaren arabera, Nafarroa bisigodokoa da Arroitzen aurkitutako gerrikoaren krisketa, baita Gastiainen aurkitutako apaingarrien zenbait hondar ere.22 

Nafarroako hiriburua hiri erromanizatua zen, baina, era berean, armada eta tropa bisigodoak hainbatetan egon ziren bertan. Beraz, guztiz harrigarria eta, era berean, tamalgarria da Katedraleko artxidiakonoen egoitzaren lurrean egindako indusketa kanpainek IV. mendeko maila baino geroagoko geruzarik ez aurkitzea; hau da, hiatus bat dago Erromatarren Inperiotik hasi eta hasierako katedral erromanikoa eraiki zen arte. Datu horrek ez du adierazten V. eta X. mendeen artean leku horretan hiri eraikinik ez zegoenik; seguru asko, aldi horri zegozkion geruzak suntsitu egingo zituzten katedrala eraiki behar zuten eremua berdintzeko ("los estratospertenecientes a este período debieron ser arrasados para allanar el terreno al edificarse la catedral"23 ).

Horrez gain, Nafarroatik kanpo, ziurtzat eman da bisigodoen garaikoak direla Arabako Goros haitzuloan, Hueto Arriban (egun Arabako Arkeologia Museoan), aurkitutako hainbat objektu. Pedro de Palolek euskal lurraldean mota horretako objektu gutxi aurkitu direla azpimarratu zuen, eta, hain zuzen ere, horrexegatik, historialarientzat oso garrantzitsuak direlako, objektu horien deskripzioa eta balorazioa egin zuen. Hainbat objektu aurkitu dira, eta horietatik interesgarriena gerriko krisket bat da; hori zaharberritu ondoren, teknika eta estetika aldetik kalitate handikoa dela ikusi da. 105 mm luze eta 35 mm zabal da krisket hori, profil liriformea du, eta ohikoa zen VII. mendeko hispano-bisigodoen etxeko horniduretan. Zinez, merezi du arte hispano-bisigodoaren espezialista handi horrek krisketa nola deskribatu zuen hitzez hitz transkribatzea:

"Conserva la hebilla articulada e incluso la pestaña de la misma. Pero la sorpresa está en la rica decoración damasquinada en plata y cobre que recubre enteramente la cara anterior de la placa del broche. Técnicamente, la pieza es de hierro y en la cara decorada tiene aplicada encima una plancha de bronce, de color verde oxidado. En reserva aparece el hierro que dibuja dos ciervos o un ciervo y un lobo o perro en la parte central, y otro carnicero en el lóbulo blanco conseguidas por la aplicación, en técnica de damasquinado, de hilos de plata o de oricalco. La decoración así lograda consiste en una orla periférica con círculos troquelados unidos por una simple línea y una zona central con un ciervo; además, en la parte anterior, tiene una especie de ala. No creemos que se trate de un grifo como los que tan corrientemente aparecen en el arte franco o burgundio de la misma época y que tanta influencia tienen en los talleres hispanovisigodos del siglo VII. En la parte posterior del broche, en un lóbulo circular, se representa otro cuadrúpedo en posición de salto, quizá un perro también, y debajo del mismo, el damasquinado dibuja algo como unas alas de pájaro; pero el estado de la pieza en ese preciso lugar nos impide identificar totalmente este tema".24 

Haitzulo berean burdinazko labana bat ere aurkitu zen. Xafla angeluzuzena da eta puntan amaitzen da. Heldulekuaren aztarnak ditu; 145 mm da luze, eta 22 mm zabal. Horren ondoan, 145 mm-ko aizkora bat aurkitu zuten; 102 mm-ko luzerako ahoa du, beso luzea, eta tutuaren luzapenak heldulekua babesten du, ahoaren kontrako aldean. Aurkitutako laugarren pieza kurbatutako aihotz bat da; horrek 220 mm-ko luzerako eta 65 mm-ko zabalerako aho bikoitz zorrotza du bi aldeetan.

Aurrez aipatutako gerriko krisketari dagokionez, esan daiteke gordetako arte hispano-bisigodoan nekez aurkitzen dela teknika aldetik horren antzekoa den krisketik; oro har, gurera ez da iritsi lantegi hispanikoetan aurkitutako damaskinatutako burdinazko piezak bezalakorik. Frankoek eta Burgundiakoek sarri erabili zuten teknika hori. Baina Palolen ustean, nahiz eta merovinjio eta burgundiarren eragina dela pentsa daitekeen, Gorosko haitzuloetan aurkitutako piezak hispanikoak dira -ezagutzen diren beste batzuen antza baitute-, eta VII. mendeko bigarren erdikoak, gainera. Seguru asko, ehorzketa iragankor baten arrastoak izango dira, eta ez nekropoli batenak.

Ezusteko aurkikuntza baten ondorioz, Arabako Arkeologia Museora artisautza bisigodoko beste zenbait objektu eraman zituzten:25 bi lantza punta, erronboide formako ahodunak, tutu formako kirtenari lotuak; labana bat; eta beste gerriko belarri zati bat.

Era berean, Azua herri zaharrean, oskulatorio bat aurkitu zuten ustekabean.26 Oskulatorioak nahiko ezagunak ziren beranduko erromatar aldian eta bisigodoen artean; ustez, eukaristiaren ospakizuna bukatzean,27 fededunei aldaretik bedeinkapena emateko erabiltzen ziren. Hala ere, badira beste interpretazio batzuk ere: batzuek ohitura paganoekin lotzen dituzte, eta beste batzuek, berriz, amuleto gnostikoekin. Aurkitutako pieza osoa da: 8, 6 cm-ko luzerako eta 0, 35 cm-ko ebakidurako hagatxo edo helduleku bat du; alde batean, ohiko eraztun biribila eta, bestean, bi uso estilizatu ditu aurrez aurre. 13, 1 g-ko pisua du eta galdatutako brontzez eginda dago. H. Zeiss-en lanean,28 mota horretako asko daude erregistratuta.

 Iñurriteko marmolezko harrobien haitzulo batean, Mañarian (Bizkaia), errituetarako pitxer bat aurkitu zuten (egun Bilbaoko Arkeologia Museoan dago). Orain gutxi zaharberritu dute, eta, orain, erdiguneko motibo apaingarria oso agerikoa da: hirustak eta kiribilak txandakatzen dituen zurtoin izurtua da; parez pareko bi eraztunen artean dago kokatuta, eta pitxerraren perimetroa inguratzen du. Hona hemen horren neurriak: 16, 60 cm-ko luzera; 5, 20 cm-ko diametroko ahoa; 5, 80 cm-ko diametroko oinarria; eta 6, 30 cm-ko gehienezko diametroa.

Ale dezente gorde diren korronte hispano-bisigodoen motakoa da, eta horri buruz bibliografia ugari idatzi da.29 Palolen ikerketa sakonean, mota horretako ontziak Mediterraneo ekialdeko tradizioan sartzen dira; seguru asko, Espainiara Italiatik pasatuz iritsi ziren; hala ere, Penintsulan bazeuden lantegiak. Erabilpena dela eta, hiru hipotesi aipatu dira: bataioa administratzeko balio zuela; eukaristiarako altzaria zela, patena bezalaxe; eta apaiz ordenazioren errituan erabiltzen zela ("Sobre su función se han barajado tres hipótesis: que sirvieran para la administración del bautismo, que fueran, junto con las patenas, parte del mobiliario eucarístico, y que se utilizaran en el rito de la ordenación sacerdotal"). Pieza horrek 680. urtetik mozarabiarren garaira arte iraun zuen.

L. Garcia Valdesen iritziz, Mañarian aurkitutako alea, tipologiari begiratuta, bigarren taldekoa da -I. motakoa-: galdategian egina eta, La Horadadako (Mave) haitzuloan aurkitutakoa bezala, mailuz landua. Oinarrian, apaindura izurtua du, tarte libreetan kiribil eta hirustaduna, eta, hori dela eta, Palolen V. motan sartu behar da; hau da, liturgiarako brontze mota horretako apainduretarako Palolek ezarritako taldean. Denborari dagokionez, zazpigarren mendekotzat hartu dira, edo, agian, apur bat geroagokotzat.30 

Euskal arkeologoak ikaragarri poztu ziren orain gutxi euskal lurretan - Buzagan (Elortz, Nafarroa) eta Aldaietan (Langara-Ganboa, Araba)- ustekabean bi nekropoli aurkitu zituztelako, nahiko etsita baitzeuden Berant Antzinaroko eta Goi Erdi Aroko Baskoniako aztarnarik ez zela eta.

1986ko otsailean Buzagan (Iruñatik 13 km-ra) egindako ustekabeko aurkikuntzak zenbait ekarpen egin zituzten arkeologiarentzat: hainbat motatako lantza punta ugari, "scramasax" (aho bakarreko ezpata) ugari, bi sastakai, hogei bat labana, hainbat gezi punta, zazpi gerriko xafla, era askotako gerriko belarriak eta etxeko edo apaintzeko beste hainbat objektu. Arkeologo eta ikertzaileei garai historiko horretan arma ugari egotea eta aurkitutakoek Pirinioen iparraldearekin lotura argia izatea interesatu zitzaien gehien.

Buzagan nekropolia agertu eta urtebetera, beste bat aurkitu zuten Arabako lurraldean, Aldaietan (Langara-Ganboa). Gorputegi handi bat da eta, bertan, militarren hornidura oparoa dago; "Penintsulan horrelako bakarra"31 dela esan daiteke: era askotako 40tik gora lantza punta -horietatik batzuk bikain mantendu dira-, labanak, gerriko krisketak, zilarrezko eta brontzezko gerriko belarriak, ezkutu formako orratzak, brontzezko ezarkinak, fibulak, eraztunak, anbar aleak, beirazko edalontziak, zeramika ontziak, etab.

Arkeologoen iritziz, oraindik ez da iritsi Aldaietan ehortzitako pertsonak zein etnia edo kulturatakoak diren garbi erabakitzeko garaia. Hala ere, bertan armak agertu direnez, (harrigarria eta ezohikoa) uste dute ez direla nekropoli bisigodo eta hispano-bisigodoak, horiek ez baitzituzten, normalean, horrelako hileta hornidurak izaten. Gertuago daude merovinjioen mundutik, azken horien kasuan ohikoa baitzen gizonezkoak beren tresna militarrekin ehorztea ("la sorprendente e inusual presencia de armamento les aleja, desde luego, de las necrópolis visigodas e hispano- visigodas, habitualmente huérfanas de este tipo de ajuares funerarios, acercándoles en cambio al mundo merovingio en el que sí que resulta muy frecuente la inhumación de los varones con sus útiles militares"32 ). Bi nekropoliak VI. mendeko azken hamarkadakoak edota hurrengo mendeko lehenengokoak izan daitezke.

Nafarroa eta Arabako nekropolietan aurkitutako armek antzeko ezaugarriak dituzte teknika eta estetika aldetik, eta argi dago Pirinioen iparraldekoen ahaide direla. Hori dela eta, gogora ekarri behar da Iruñako nekropolian aurkitutako zeramikei buruz (pitxer txikiak eta eltzeak) M. Angeles Mezquirizek egindako ohar interesgarria -horiek eta Penintsulako beste leku batzuetan aurkitutakoak oso antzekoak dira-:

"Desde un punto de vista étnico, tal vez haya que atribuirse la necrópolis a otro pueblo, posiblemente los Vascones, que presentarían en su ajuar elementos importados por los invasores del Norte de los Pirineos y de los Visigodos, que constantemente intentaban dominar Pamplona, pues es innegable la diferencia que se encuentra entre los materiales muy unitarios de las necrópolis castellanas y la que aquí nos ocupa".33 

Bisigodoen ermitategiak

Bisigodoak bi mendez izan ziren nagusi, baina aldi horretako arkitektura zibilaren arrastorik ez da gelditu Hispaniako geografian. Aitzitik, kristauek gurtzetarako erabilitako makina bat eraikin aurkitu eta zaharberritu dituzte -osoak edo zatiak- Gaztela, Galizia, Andaluzia eta Lusitaniako lurretan; esaterako, San Juan de Bañosen, San Pedro de la Naven, Santa Comba de Banden, Quintanilla de la Viñasen, eta abarren.

Azaleko arkitektura eskas samar horren ondoan, ikaragarria da Hispania osoan zehar aurkitu den haitzulo kopurua; bai berezkoak, bai artifizialak. Koba horietan egiten zuten bertako biztanleek erlijio bizitza. Horrelako habitat bereziak aurkitzeak eta bisigodoen garaiko ermitategien ugaritasunak arkeologo eta historialarien interesa piztu du, arrazoiz.

Euskal lurraldean, ermitategi hitzak berehala -eta lehenengo aldiz- kristau ideien mundura garamatza. Hurrengo kapituluan azalduko dugu kristautasuna noiz eta nola sartu zen Baskonian. Kapitulu honetan bisigodoen edo Goi Erdi Aroko ermitategiei buruz azalpenak eman arren, ez da aurretiazko iritzirik ematen Euskal Herrian kristautasuna indartsu sartutako datari buruz.

Honako hau egia da: Hispania osoa kontuan hartuta, euskal lurraldean dago, seguru asko, haitzuloetako, Goi Erdi Aroko eta ermitategien arkitektura ugarien. Fenomeno hori egungo Araban dago, batez ere; zehazkiago, Valdegovia (Villanueva, Tobillas, Corro, Pinedo, Quejo, etab. ) eta Condado de Treviñon (Marquinezen mugan, Urarte, Laño eta Albainan).

Esan daiteke trogloditen habitataren fenomenoa ez dela ikerketa gaitzat hartu mende honetara arte. Orain gutxi hasi da jendea arkeologiaz eta historiaz interesatzen, eta zenbait autore haitzuloetako ermitategiak deskribatzen eta sistematikoki aztertzen hasi dira arkeologia, erlijioa eta artearen ikuspuntutik. Aldizkarietan argitaratutako lan monografiko anitzez gain, doktore tesiak egin eta talde azterketak argitaratu dira. Horiek metodologian eta aztergaiaren eremuan ezberdintzen dira. Hau da, batzuek egungo Euskal Herria aztertu dute; beste batzuek, berriz, eremu geografikoa zabaldu eta inguruko lurrak ere aztertu dituzte. Zabalkunde hori guztiz onargarria da ikertzaileak, egungo muga politikoak kontuan hartu gabe, eskualde baten tipologia propioa diseinatu nahi duenean.

Haitzulo horien kronologiari dagokionez, XX. mendearen lehenengo erdialdeko ikertzaileek -Aranzadi, Barandiaran eta Eguren, gure historiaurreko zientziaren maisu entzutetsuak, barne- historiaurrekoak direla esan zuten, Neolitikoaren eta erromatarren garaiaren artekoak. Iñiguez Almech-ek34 soilik esan zuen, 1955ean, bisigodoak zirela, baina, geroztik, ideia hori nagusituz joan da; hala ere, beti onartu dute geroagoko garaietan ere jendea haitzuloetan bizi izan zela. Beraz, zaila da kasu berezi bakoitza kronologian zehaztea.

Guk egungo Euskal Herriko haitzulo artifizialetan jarri dugu arreta; baina kontuan izan dugu eraikin horien iturria kristau erlijioa izan zela. Horrez gain, ezin da ahaztu aipatu dugun garaian euskaraz hitz egiten zela Euskadiko mugetatik kanpo ere. Beraz, ez da desegokia Castilla, Aragoi, Kantabria eta, bereziki, Errioxan dauden antzeko ermitategiak aipatzea.

Errioxa aipatu dugu bereziki, uste baitugu bertan -San Millan de la Cogollako monasterioan- bilatu behar dela bizitza aberats haren muina; hau da, Hispaniako iparraldeko ermitategien fenomenoaren sorrera. San Millango monasterioa Euskal Herrian zabaldu zen ermitategien fenomenoaren iturritzat dokumentatu da; baina, horrez gain, bertan aurkitu ziren euskara idatziaren lehenengo hitzak, eta han egin ziren Beato de Liebanaren lehenengo miniatura artistikoak. Beraz, neurri batean, Errioxaren bihotzean aurkitu ditugu euskal adierazpenaren testigantza zaharrenetako batzuk: bai hizkuntzarena, bai arkitekturarena eta bai pinturarena.

San Braulio Zaragozako gotzainak Vita Sancti Emiliani idatzi zuen, eremutar santu hura hil zenetik mende bat pasa ez zela, eta, bertan, leku hura erretiratzeko aukeratu zuela adierazi zuen. Geroztik, ohiko aro historiko-artistiko guztiak landu ziren monasterioan; seguru asko, etenik egin gabe. Izan ere, dirudienez, zenbait otoiztegi izan ziren han: bisigodo bat, mozarabiar bat eta erromaniko bat. San Millan de Susoko haitzulo artifizialak hondarrezko zulo naturalak ziren, bi pisukoak, eta behekoek leku zabalagoa zuten. Zoritxarrez, mendeetan zehar, behin eta berriz eraitsi eta handitu ziren, eta, azkenean, zenobita gune bihurtu zen ermitategia. Ondorioz, ezin da ziur jakin zein izan zen bisigodoen lana.

Ziur asko, haitzulo gehienak logelak izan ziren. Goiko pisuan, hiru ganbera daude, eta korridore batera ematen dute. Hala ere, ezberdinak dira. Horietako bat txikia da; bertan, aldaretxo bat jarri zen orain dela gutxi, eta ate bakarra dago. Beheko pisuan bi haitzulo daude, eta, seguru asko, otoitz egiteko erabiltzen ziren. Ondoz ondoko bi eliza izatea azaltzeko ez da arrazoi garbirik aurkitu; hala ere, esan beharra dago behin eta berriz aurkitu direla euskal lurraldeko beste haitzulo artifizialetan ere. Bi ate izan zituzten hegoaldeko horman, baina horma hori galduta dago. Honela deskribatu zuen Monreal Jimenok ekialdeen dagoen haitzuloa: "un altarcillo de nicho, correctamente orientado, adornado con un arquito de medio punto de cantería, al parecer rehecho. La planta del oratorio es prácticamente cuadrada y su arco de ingreso es el más visigodo de la iglesia, lo que ayuda a la datación de las cuevas".35 Haitzuloetako beste kaperak oinplano luzanga du, eta horma hobiko aldare hirukoitz bat dago bertan. Aldarearen aurrean, San Millango zenotafioa dago; ziur asko, haren erlikiak Yusoko monasteriora eramatean egin zuten. Horiez gain, beste zulo batzuk ere badaude, eta uste da hasieran gelak izango zirela, baina denborarekin hilobi bilakatu ziren.

Ia ziurtzat jotzen dugu ermitategien fenomenoa San Millandik Arabako lurraldera hedatu zela. Badirudi Najerillaren eta Ireguaren arroetako hainbat eta hainbat haitzulo natural eta artifizialek eta mendeetan zehar Valvanera, Najera eta Albeldako monasterioei buruz zabaldutako kondairek ireki dizkigutela bideak Arabako trogloditen gune ikaragarrietara iristeko.

Aipatu dugun bezala, Arabako haitzuloak bi eremutan daude, elkarrengandik nahiko urrun: Condado de Treviñon eta Valdegovía inguruan. Gu Condado de Treviñokoak aztertzen hasiko gara, han bisigodoen arrastoak nabarmenagoak eta ugariagoak baitira.

Bolundia ibaiaren ibilbidean gora, ezkerreko aldetik, Laño herrixkarako bidean, haran bakarti bat dago. Haran hori kareharrizko bi harkaitzek mugatzen dute, eta horietan zuloak ikusten dira, errepidearen bi aldeetatik. Eskuineko zuloek (ibaiaren ezkerreko aldean) Las Gobas izena dute; ezkerrekoak, berriz, Santorcariako haitzuloak dira.

 Las Gobasen 36 gunea Santorcaria baino hobeto mantendu da, eta, bertan, arreta merezi duten hamabi bat haitzulo daude. Lehenengoari Dotora (dotore) deitzen diote, eta oinplano eta estalki irregularreko logela bakarra du. Ate angeluzuzen batetik sartu behar da, eta barruan hiru hilobi daude: bi lurrean, eta hirugarrena aspaldiko eserleku baten lekuan. Lurretik metro gutxi batzuetara zulatutako beste bi koba txikiren zoruan ere hainbat hilobi ikus daitezke; batzuk lurrean daude, eta beste bat lokulu bat da, haitzean zulatua.

Hiru zulo horietatik hurbil, kapera edo eliza izandako haitzulo bat dago. Gutxi gorabehera, 8 metro luze eta 3 metro zabal da, eta, seguru asko, basilika oinplanoa izango zuen, bai eta abside, kontraabside eta alboko ganbera bat ere. Eraiste baten ondorioz, ia nabe nagusi osoa eta harkaitzean landutako eserlekuaren (horma inguratzen du) zatia erori egin ziren. Zoruan, hilobi zulo bat ageri da. Harrigarriena horren kanoi ganga da; parpain arkuak ditu, bata bestearengandik oso hurbil eta inposta jarraitu soil baten gainean. Absideak oinplano ultraerdizirkularra du eta hasieran esfera laurden formako gangaz estalita zegoen. 0, 95 metrora paretari lotutako blokezko aldare bat (0, 65 x 0, 38) du oraindik. Horra iristeko, garaipen arku bat zeharkatu (egun oso gaizki dago) eta bi maila igo behar ziren. Kontraabsidea ia guztiz desagertu da, baina argi ikusten da oinplano ultraerdizirkularra zuela. Paretan bao angeluzuzen bat dago; bertatik sartzen ziren gangaz estalitako alboko ganberara. Ganbera horren zoruan bi hilobi daude, eta iparraldeko aldean, lurretik 50 cm-ra, jarleku bat (kamaina?). Absidearen ondoan, inskripzio bat ageri da, ia irakurtezina; absidean bertan, berriz, ebakidura finez diseinatutako gurutze latindarra.

Lañorantz goazela, beste haitzulo-eliza bat aurkitzen dugu, aurrekoaren antzeko samarra: oinplano angeluzuzena, abside bikoitza eta alboko ganbera ditu. Lurrean, zortzi hilobi zulo daude, batzuk nahiko handiak. Abside eta kontraabsideek oinplano ultraerdizirkularra eta labe ganga dituzte (hau da, esfera laurden formako ganga), aurreko elizan bezala. Hilobiak ikusten dira arku nagusiaren bi aldeetan, eta, iparraldera begira, alboko ganbera bat dago, oinplano angeluzuzenekoa eta kanoi gangaduna. Eliza hori bereziki interesgarria egiten dute bertako inskripzioek; ia guztiak aurrealdeko horman daude, absidearen bi aldeetan. Kristau inskripzioak dira; izan ere, krismoi bat dute hasieran, santuen izenak (Atanasio, San Primitivo... ) eta nagusitasun erreguak (esaterako, orate pro me lectores... ) dituzte... Horrez gain, bestelako irudi batzuk ere badaude, seguru asko, sinbolikoak: gizaki irudi bat, hainbat lau hankako, hegazti bat, etab.

Aurrekoetatik hurbil, beste sei haitzulo daude -logelak dirudite-, baina ez ditugu zehatz-mehatz deskribatuko, ez dakarte-eta berrikuntza berezirik. Oinplano angeluzuzena dute guztiek, batek izan ezik; haitzulo horrek oinplano irregularra du. Sarrera ere angeluzuzena dute, sabaia laua (gangak dituen bat salbu), kanpora begira hainbat bao dituzte eta paretetan, berriz, hilobiak, horma zuloak eta artekak, espazioa konpartimentutan banatzeko. Ia haitzulo guztietan hilobi zulo handiak ikusten dira zoruan.

 Santorcariako haitzuloak ibaiaren beste aldeko hondar harrizko harkaitzean daude, eta, bertan, barrunbe artifizialen beste multzo bat dago (ez da erraza zenbat diren zehaztea, espazio zabal batzuk barrutik elkarren artean lotutako haitzulotzat har baitaitezke). Denak ez dira berdin kontserbatu. Horien artean, eliza bat bereizi behar da: basilika oinplanoa du, -aurrez Las Gobasetan aipatutakoen antzekoa- eta beheratutako gangaz estalita dago. Absidea bakarra da, eta horren oinplanoa biribila. Bao txikiak ditu, eta jarleku edo eserleku jarraitua; alboko ganberan, berriz, horma hilobiak ikusten dira, eta ia zoru guztia hilobi zuloz beteta dago.37 

Beste haitzulo bat bereziki bitxia da: estu-estua da eta harkaitzean zintzilik dago; ez dakigu bertan nola sar daitekeen. Espazio hori hilobi batek betetzen du; hori dela eta, logela bat izan beharrean, ehortz toki bat zela pentsa daiteke. Hurbiltasuna kontuan hartuta, hilobi koba txiki hori Santorcaria multzo harrigarriaren zatitzat har daiteke. Honela zerrendatu zituen Monreal Jimeno irakasleak bertan aurkitutako elementuak, deskribatzen hasi aurretik: sarrera altua eta bi ganbera dituen haitzuloa; hiru ganberako haitzulo konplexu eta hondatua; desagertutako behe haitzulo baten formarik gabeko arrastoak; lurretik altu zintzilikatutako haitzuloa, eta, azkenik, eliza multzo bat, ganbera osagarriak dituena. Konplexutzat hartutako haitzuloa, horrexegatik eta oso zabala delako, eliza izan zitekeela pentsa daiteke; hala ere, ez da erraza hori hain argi ikustea. Uste hori ziurragoa da hirugarren gelari dagokionez; izan ere, bertan, zenbait maila ikusten dira, eta maila horietako bakoitza, ustez, gune liturgiko bat izango zen. Haatik, haitzulo horiek sakon aztertu dituztenak ez datoz bat leku sakratua horietako zein ote zen zehaztean; ez da harritzekoa, ordea, kontuan hartzen badugu guztiak osatu gabe eta nahiko hondatuta daudela. Horrez gain, haitzulo horietan guztietan, zorua hilobi zuloz beterik dago, eta kanoi erdiko gangak eta labe gangak ikusten dira; baina, Las Gobasetan ez bezala, ez dago kontraabsideen eta ferrazko arkuen arrastorik.

Lañotik iparralderantz gora egin eta, 10 km baino gutxiagoan, Albainara iritsi gara. Hortik gertu, bi haitzulo talde bisita daitezke: Sarrachokoa -ia guztiz suntsituta dago- eta Montico de Charratukoa . Azken hori haitzulo artifizialen multzoa da; Jose Migel Barandiaranek38 behin eta berriz ikertu zituen, eta Mesolito garaitik bisigodoen garaia arte horietan jendea bizi zela ondorioztatu zuen. Bost haitzulok osatzen dute; bat ez zen bertan bizitzeko modukoa eta beste bi elizak ziren. Azken horiek ohiko ezaugarriak dituzte: nabe angeluzuzena, abside eta kontraabsidea; solairuan sartzeko burualdea, ferra itxurakoa; aldare prismatikoa; alboko gela; hilobiak; hegoaldera irekitzen den atea; etab. Haitzulo horien azterketa laburbilduz, Monreal Jimeno irakasleak honako hau idatzi zuen: "No hay, en definitiva, ningún elemento que las distancie del grupo de Las Gobas , y, por el contrario, muchos que las asemejan, incluida su roximidad, por lo que puede asegurarse su cronología visigótica, bien determinada en el vecino complejo de Las Gobas, del que incluso pudieron formar parte".39 

Albaina eta Lañotik kilometro gutxira, Condado de Treviñoko hegoaldeko mugan, Faido Arabako herria dago. Bertatik Lagran alderako bidea hartuz gero, beste haitzulo multzo bat ikusten da. Interesgarriena, duda izpirik gabe, La Virgen de la Peñako multzoa da, hiru mailatan banatutako (Monreal Jimenok bost mailatan banatu zuen) zulo handien multzoa. Maila horietako bi, argi eta garbi, liturgia guneak ziren, eta horietako bat kultu katolikorako erabiltzen da oraindik. Nabea bakarra da, zabala eta erregularra ezkerreko hormaren aldean; atzeko aldean, berriz, horma luze bat dago. Estaldura kanoi erdikoa da, eta burualdea nabea baino apur bat estuagoa, baina altura berekoa (ohi ez bezala). Bi ganbera daude. Bata burualdetik hurbil dago eta nabearen mailatik halako altuera batera dauka sarrera; erdian aldare bat du. Beste ganbera, berriz, atzeko aldean dago, eta lurrean zulatutako hilobi oso handia du; egun, bataiarri bat dago bertan.

Burualdean, harkaitzean landutako eskailera bat dago, eta, bertatik, beste eliza batera igotzen da. Eliza hori aurrekoaren oso antzekoa da: bi ganbera (handiena nabearen paralelo dago), hilobiak, erlikia eta alboko mahaientzako zuloak, harkaitzean landutako aldarea eta argiztatze bao txikiak ditu. Eliza hori berezia da, honako ezaugarri hauengatik: burualdearen diseinu ultraerdizirkularra, nabearen altura berekoa; presbiterioaren kolore gorria; eta, bereziki, ganbera nagusiaren paretan egindako zuhaitz formako margolana -elizaren aurrealdean ere horrelako irudi bat dago-.

Goragoko maila batean beste zulo bat dago. Paretan ferra itxurako grabatu zakar bat ikusten da, eta latineko inskripzio bat ateburuan. Inskripzio hori ezin da ia irakurri ere egin, baina VII. mendekoa dela dirudi.

Ganbera horiek denboran zehar aldatu egin dira, tradiziozkoa izan behar zuen kultu baten eraginez. Ondorioz, ez da erraza bisigodoen garaiari horietako zein dagokion zehaztea. Hala ere, bi eliza izatean, horietako bat zenobiten komunitateak erabiltzen zuela pentsa daiteke. Zuhaitz formako margolanak eta gela altuko inskripzioak ere bisigodoen garaikoak direla dirudi; agian, eremutarren bizitzatik zenobiten bizitzara igarotzen ari ziren garaikoak.40 

Ez gara geldituko ez San Miguel mendiko San Juliango haitzuloetan (Faido), ez handik hurbil, mendi mazelaren gainean, dauden koba txikietan - Krutzia deitzen zaie-, ezta Arabako Loza herrixkakoetan ere, leku horietan aurkitutako zenbait elementuren garrantzi arkeologikoa adierazteko izan ezean; hau da, zenbait hormatan egindako ikurrak: gurutzea eta forma zuzeneko beste ikur batzuk, eta, horiekin batera, Krutziako janbaren gainean ikusten diren hizkiak (oraingoz, ulertezinak).

 Marquinez izeneko Arabako eremuan (Condado de Treviñoren ekialdean), 40 bat haitzulo daude, guztiak ere ezaugarri eta tipologia ezberdinekoak; garrantzitsuenak Askana harkaitzean daudenek dirudite. Harkaitz horren oinean dago Santa Leocadia parroki eliza. Haitzuloetako baten mendebaldeko paretan, garai batean gorriz pintatuta egondako erliebeak daude, eta baliteke denak garai berekoak ez izatea. Gizakien bi silueta eta animalia bat (zaldia?) irudikatzen dituzte, baina zakarki eginda daudelako, eta irudien proportzio eza eta frontaltasuna nabaria direla eta, zaila da denbora eta estilo aldetik sailkatzea. Laburbilduz, Marquinez inguruan dauden haitzulo multzo aberats horretan (San Salvadorreko haitzuloak, Bosque-ko kobazuloak, Chorronda sakanekoak, eta San Juan ermita erromanikotik hurbil daudenak, baita Urarteko eremuan daudenak ere), ermitategi txikiak dira nagusi, eta horiek ferra itxurako edo lau angeluko oinplanoa eta labe gangak edo kanoi gangak dituzte. Horietako batek ere ez du eliza zela ziurtatzen duen egiturarik; hala ere, ia ziurtzat jo da erlijiorako erabiltzen zirela. Hori adierazten dute bai izandako izenek, bai tradizionalki baselizatzat hartu izanak, eta bai horietako batzuetako gurutzeen grabatuek ere. Azken horiek, beste datu batzuekin batera, agerian uzten dute eremutar taldeak egon zirela.

Arabako ekialdetik mendebaldera joanda, Valdegobia eta Omecillo ibaiaren arroaren inguruan, haitzulo artifizial ugari daude, eta horiek guztiek adierazten dute bizitza eremutarra eta monasteriokoa existitu zela; gainera, horri buruz dokumentazio ugari dago.41 Aranzadi, Barandiaran eta Egurenek aztertu zituzten.42 Ez ditugu deskribatuko, baina esan behar da talde guztiek interes handia dutela arkeologoentzat. Tobillastik hurbil dauden haitzuloen dokumentazioak IX. mendean berriro okupatu zela erakusten digute. Corroko haitzuloetan -"Mairuen etxe" deitzen zaie- erlijio bizitza egin zela baiezta daiteke (seguru asko, VII. mende bukaeratik), sarrerako haitzean zizelkatutako gurutzeari erreparatzen badiogu. Pinedoko zenobita bizitzari buruzko dokumentuen arabera, esan daiteke bertako haitzuloak X. mendearen hasierako monasterioak zirela. Antzeko zerbait esan behar da Valpuesta, Quejo eta Villanueva de Valdegobiako haitzuloei buruz. Horiek aspaldikoak dira, eta hori, kasu batzuetan, egiaztatu egin da Goi Erdi Aroko zeramikak aurkitzean.

Baskoien lurretan Goi Erdi Aroko troglodita fenomenoari buruzko informazio osoa eskuratzeko, ezinbestekoa da Ebroren ezkerraldean dauden haitzulo multzoak aztertzea. Errioxako Cantabrian eta Ausejonen eta Nafarroako Lodosa, Carcar, Andosilla, Lerin, San Adrian, Falces eta abarretan daude multzo horiek. Horietako batzuk historiaurrekoak zirela uste izan da; beste batzuk, berriz, ziurtzat jotzen da Behe Erdi Aroan berriro erabili zirela. Badira ia guztiz behera eroritakoak, eta beste batzuetan ez dago sartzerik, iritsi ezin diren lekuetatik zintzilik daudelako. Deigarria da zenbat diren eta nola dauden sakabanatuta Ebroren ibaiertzean. Era berean, harrigarria da inguruan elizarik edota funtzio berezi bat adierazten duen markarik ez ikustea; horregatik, ez dirudi benetako ermitategiak zirenik.

Euskal lurraldeko Goi Erdi Aroko ermitategiei buruzko kapitulu honetan azaldutakoa laburbiltzeko, eremutarren logelak alde batera utzita, artearen historialariak alor horretako arkeologo eta ikertzaileek gurtzarako espazioei buruz aurkitutakoa azpimarratu nahi du, batez ere. Espazio horiek harkaitzean zulatutako gelak dira; alde batetik, azalerako eraikuntzen ereduari jarraitzen diote (mendeetako tradiziodunak), eta, bestetik, elizen araudiari. Azken eredu hori kristau arkitekturaren historian behin eta berriz azaldu da, eta nahiko sortzailea izan da.

Egin berri dugun aipamen sintetiko horrek erakusten digu Goi Erdi Aroko erlijio haitzulo ugari izan zirela Euskal Herrian. Gehienak egoera oso txarrean daude, otoitzerako eta gurtzarako behar bezainbeste zaharberritu dituztenak izan ezik. Hornigai eta altzaririk ez dutenez, ez dakigu ezer haien funtzioaren zenbait xehetasuni buruz. Ondorioz, zenbait puntu ez dira ziurrak eta hipotesiak soilik egin daitezke eliza horien egituren eta bisigodoen liturgia berezitasunen (dokumentu historikoen bidez asko dakigu horri buruz) arteko loturari buruz. Haitzulo horiek haran bakartietan daude, baina ez daude ibai ibilgu eta komunikazio errazeko bideetatik urrun. Hala ere, badira sartzeko zailak diren zintzilikatutako haitzuloak; horiek banakako ermitartegiak dirudite eta baliteke behin-behineko funtzioa izatea.

Euskal ermitategien barnealdeak nahiko antzekoak dira: oinplano angeluzuzenekoak dira; absidea dute eta, hainbatetan, baita kontraabsidea ere (Afrikako eraginez bisigodoak kristautu egin zirela adieraz dezake); eta oinplano zuzen edo kurbatuko burualde txikiak dauzkate, gehienetan ekialderantz begira, sarrera estu batetik nabera zabalduak eta nabe nagusia baino goraxeagoko mailan kokatuak. Burualdearen inguruan zenbait zulo dituzte; seguru asko, santutegiaren aurrean errezelak errazago zintzilikatzeko. Ezaugarri hori behin eta berriz ikusten dugu, eta aurre ateen arrastoak ere ageri direnez, pentsa daiteke toki sakratuena besteetatik bereizi nahi zutela (hori misterioaren zentzu handia duten komunitateen adierazgarria da). Aldareak oso txikiak dira, eta, ia beti, harkaitzean landuta daude; hala ere, badira hormatik banandutako mahai itxurakoak ere. Alboko mahaitxotzat erabiltzen ziren zulo ugari daude, baita absidean landutako erliebedun gurutzeak ere. Ia kobazulo gehienetan daude hilobiak, eta badirudi lehen ermitategiak sortu ondorengoak direla (Arabarako haitzuloetan, behintzat). Nagusiki, angeluzuzenak, trapezoidalak eta oboide edo "bainuontzi itxurakoak" ziren, eta ia inoiz ez giza itxurakoak; beraz, antzinakoak zirela esan daiteke.43 

Lan arkitektoniko edo ikonografiko horiek bisigodoen garaian kokatu nahi ditugu, eta, beraz, kronologian sailkatzea interesatzen zaigu gehien. Hori lortzen lagunduko digute inskripzio eta grabatuek. Las Gobasko haitzulo bat bost eskribauk landu zutela uste da, eta garai ezberdinetan egin zutela. Hala ere, latineko letra etzana ageri da guztietan; hain zuzen ere, bisigotiko klasikoa sortu aurrekoa. Hain bistakoa ez den arren, antzekotasuna kontuan hartuta, nahiko ziur esan daiteke Las Gobasko beste koba txiki batzuetako epigrafe zatiak ere bisigotikoak direla; baita Santorkaria, Ntra. Sra. De la Peña eta Krutziakoak ere.44 Horman epigrafeak ez diren beste ebakidura batzuk ere badaude (giza, animali eta gurutze formakoak, eta beste mota batzuetakoak), baina horiek ez digute behar besteko daturik ematen noizkoak diren ziur esateko. Hala ere, paleokristauen sentsibilitatetik hurbil daudela ikusten da.

Beraz, arkeologiako datu horiek guztiak -Sarrachoko beranduko siguillatak, Corroko Los Moros haitzuloa C14ren bidez noizkoa zen zehaztea, epigrafe inskripzio batzuk, haitzuloetako elizen egitura, kontraabsideak, etab. - kontuan hartuta, VI. mendearen hasierakoak direla esan daiteke. Ziurtasun horrek, ordea, ezin dio erantzun sinesgarria eman historialariaren buruan sortzen den galdera bati: nola sortu ziren ermitategi horiek, errege bisigodoak behin eta berriz "baskoi menderaezinak" jazartzen ibilitako garai hartan? Baskoiek eutsi eta ziurtatu nahi zituzten mugarritzat hartu behar al dira ermitategi horiek? Recaredoren aurretik, ariotarrak ziren nagusi; beraz, haiengandik ihesi joandako katolikoek beren erlijio eta kultur ohiturak lantzeko guneak al ziren ermitategiak? Izan ere, beste arrazoiren bat emanez gero -esaterako, ermitategietako biztanleak arabiarren inbasiotik alde egindako eremutarrak zirela-, geroagoko mendeetakoak direla pentsatu beharko dugu.45 

Oharrak

  • 1. "No es difícil suponer y aceptar que la presencia de ejércitos a comienzos del siglo V, las invasiones bárbaras, las posteriores actuaciones de los Visigodos ex autoritate Romae y en definitiva, el fracaso del poder imperial, crearon el caldo de cultivo para que los Vascones menos romanizados alimentaran su desconfianza, captaran la importancia de los bárbaros y de Roma por imponer su dominio en la península y tomaran conciencia de sus posibilidades". J. J. SAYAS ABENGOECHEA, Euskal Herria y los pueblos germánicos , in II Congreso Mundial Vasco. Congreso de Historia, 1988, I. lib., 393. or.
  • 2. P. NARBAITZ: Le Matin Basque , Paris, 1975, 206.
  • 3. J. J. SAYAS ABENGOECHEA: Los Vascos en la Antigüedad , Madril, Cátedra, 1994, 323.
  • 4. A. BARBERO eta M. VIGIL: Sobre los orígenes sociales de la Reconquista , Bartzelona, 2. argit. 1974, 46. or.
  • 5. Hasieran, egungo Arakil zela uste zuten, baina, gaur egun, Araciel (Ebroren haranean zegoen herria) izan daitekeela pentsatzen da.
  • 6. Hori iritzi dio Sanchez Albornozek. Egile horrek baskoien ustezko hedapenarekin lotzen du bagauden fenomenoa; hain zuzen ere, baskoiak Baskongadetako sakonunerantz hedatzearekin.
  • 7. P. NARBAITZ: op. cit, 218.
  • 8. C. SÁNCHEZ ALBORNOZ: Vascos y navarros en su primera historia , Madril, 1979, 74-75.
  • 9. P. NARBAITZ, op. cit, 225.
  • 10. Horrela, berriro mahaigaineratu zen Fredegariok esandakoa egiazkoa zen ala ez; izan ere, haren arabera, "Duque Francio" batek gobernatu zuen Baskonia VI. mendean, eta zergak ordaintzen zizkien errege merovinjioei. Ikus: E. LARRAÑAGA ELORZA, El pasaje del Pseudo-Fredegario sobre el Dux Francio de Cantabria y otros indicios de naturaleza textual y onomástica sobre presencia franca tardoantigua en el sur de los Pirineos , in "Arch. de Arqueologís española", 167-168. zk., 1993, 177-206.
  • 11. A. BARBERO eta M. VIGIL: op. cit, 14.
  • 12. Baskoi saiatuak akitaniarren armadako "azkon muturra" izan ziren beti, errege frankoen nagusitasunaren kontrako borrokan. Ikus: M. ROUCHES, L 'Aquitaine. Des Visigoths aux Arabes (718-781). Naissance d 'une région , Paris, 1979.
  • 13. Mende horietan egin ziren gerrek baskoiak elkartu eta antolatzeko balio behar izan zuten; hau da, eraso egiteko eta babesteko gizon baliagarriak taldetan biltzeko, entzute handiko nagusien aginpean. J. M. Lacarraren arabera, Akitaniako Dukeek Carlos Martel eta haren oinordeko Pipino Laburrarengandik banatu nahi izan zutenean "los Vascones figurarán entre los más fieles y batalladores aliados de la dinastía ducal y formarán las tropas escogidas y permanentes, dispuestas a ir a donde se les ordene, cuando ya las milicias municipales repugnen batirse fuera de las ciudades. El Ducado de Aquitania o de Vasconia servirá a la vez de refugio a todos los rebeldes a la monarquía franca". J. M. LACARRA: Historia política de Navarra , I. lib., 31.
  • 14. Gasteizko lur azpian aurkitutako aztarnarik zaharrenak bisigodoen garaia baino geroagokoak dira. A. LLANOS: Notas Breves. Estudios arqueológicos de los orígenes de la ciudad de Vitoria , in "Estudios de Arqueología Alavesa" 3, 1968, 150. or. eta hurrengoak.
  • 15. Gudu famatu hori -kronika eta kondaira askok aipatzen dute, eta horietako batzuk kontrajarriak dira, gainera-: Lacarrak azaldu du ongien: La expedición de Carlomagno a Zaragoza y su derrota en Roncesvalles, in Investigaciones de historia navarra , Iruña, 1983, 17. -91. or.
  • 16. B. ESTORNES LASA: El Ducado de Vasconia, in V. V. Historia del Pueblo Vasco , Donostia, 1978, I. lib., 45.
  • 17. J. A. GARCIA DE CORTAZAR: La organización del territorio en la formación de Álava y Vizcaya en los siglos VIII a fines del XI , in El Habitat en la historia de Euskadi, Bilbao, 1981, 135.
  • 18. M. ROUCHES: L'Aquitaine. Des Visigoths aux Arabes (418-781). Naissance d 'une région , Paris, 1979, 99. or. Baskoiei eta akitaniarrei buruzko ezagutza berezia izatearen arrazoiak eta ondorioak ulertzeko, ikus azalpen labur hau: J. J. SAYAS ABENGOECHEA: Euskal Herria y los pueblos germánicos , 385. -387. or.
  • 19. Ez da ziurra objektu horiek bisigodoen garaikoak zirenik. Garai hartakotzat hartu ziren zigilu eraztun batzuetan, arabiarren inskripzioak aurkitu dira, eta, beraz, argi dago nekropoliak berriro erabili zituztela geroagoko inbaditzaileek. J. NAVASCUES Y DE PALACIO: Rectificaciones al cementerio hispano-romano de Pamplona , "Príncipe de Viana", 37, 1976, 119. or.
  • 20. M. A. MEZQUIRIZ: Necrópolis..., 111. or. Era berean, ikus: A. AZKARATE: Francos, Aquitanos y Vascones. Testimonios arqueológicos al sur de los Pirineos , in "Archivo de Arqueol. Española", 167-168. zk., (1993), 149. -176. or.
  • 21. A. AZKARATE: Ibid., 157. or.
  • 22. Blas TARACENA: Epigrafía romana de Navarra , in "Príncipe de Viana", 24. zk., 1946, 44. or.
  • 23. M. A. MEZQUÍRIZ: Pompaelo , I, 27. or.
  • 24. P. de PALOL: Los objetos visigodos de la cueva de los Goros , in Investigaciones..., 26. or.
  • 25. A. LLANOS: Descubrimiento fortuito en Guereño (Álava) , "Estudios de Arqueología Alavesa", 2, 1967, 118-119.
  • 26. E. GARCIA RETES: Un osculatorio en los alrededores del embalse del Zadorra , "Estudios de Arqueología Alavesa", 13, 1986, 291-295.
  • 27. J. FERRANDIS: Artes decorativas visigodas, in Historia de España (Zuz. Menendez Pidal) III, España Visigoda, 1940, 699. or.
  • 28. H. ZEISS: Die Grabfunde aus dem spanischen Westgotenreich , Berlin-Leipzig, 1934, 91. -92. or.
  • 29. P. de PALOL: Bronces hispanovisigodos . I. Jarritos y patenas litúrgicas , Bartzelona, 1950, 65-67, ikus: bibliografia in H. VALENTIN DE BERRIOCHOA: El jarrito rital visigótico de la cueva de Iturrieta de Mañaria , in "Bol. de la RSBAP ", XIV, 1958, 454-455.
  • 30. L. GARCIA VALDES: El jarro hispanovisigodo de Mañaria , in "Acta Historica et Archeologica Medievalia " 3, Pedralbes, 1982, 145-154.
  • 31. A. AZKARATE GARAI-OLAUN: Francos, Aquitanos y Vascones ..., 166. or.
  • 32. A. AZKARATE: Ibid., 169.
  • 33. M. A. MEZQUIRIZ: op. cit, 131.
  • 34.  Algunos problemas de las viejas iglesias españolas , in "Cuadernos de trabajo de la Escuela Española de Historia y Arqueología en Roma", CSIC (Erroma, 1955), 7. -182. or.
  • 35. L. A. MONREAL JIMENO: San Millán de Suso. Aportaciones sobre las primeras etapas del cenobio emilianense , "Príncipe de Viana", 1988, 183. zk., 74. or. eta hurrengoak.
  • 36. L. A. MONREAL JIMENO: El visigotismo de los eremitorios rupestres de "Las Gobas" de Laño (Condado de Treviño) , Comunicación en el Congreso de Historia de Euskal Herria, Actas del II Congreso Mundial Vasco, I (1988), 367. -379. or.
  • 37. L. A. MONREAL JIMENO: Eremitorios Rupestres Altomedievales (El Alto Valle del Ebro) , Universidad de Deusto, 1989, 135. or.
  • 38.  Excavaciones en el Montico de Charratu (Albaina). Primera campaña, 1965 , in "Estudios de Arqueología Alavesa", Gasteiz, 1966, 41-62. Hori baino txosten osatuagoa irakurtzeko, ikus: J. M. DE BARANDIARAN in Excavaciones delante de unas grutas artificiales en el Montico de Charratu y en Sarracho (Izkiz, Álava), in Investigaciones arqueológicas en Álava, 203-216. or.
  • 39. Eremitorios, 132. or.
  • 40. Ibid., 148.
  • 41. S. RUIZ DE LOIZAGA: Monasterios altomedievales del occidente de Álava. Cómo nacen los pueblos , Gasteiz, 1982.
  • 42. Indusketak eta aurkikuntzak egin ahala, monografiak argitaratu zituzten, eta honakoan bildu ziren: Grutas artificiales de Álava , Donostia, 1923.
  • 43. A. AZKARATE GARAI-OLAUN: Arqueología cristiana de la Antigüedad tardía en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya , Gasteiz, 1988, 330.
  • 44. VI. mende bukaerakotzat jotzen dira edo, beranduenez, hurrengoaren hasierakotzat. AZKARATE: Arqueología, 408.
  • 45. Gai horri buruz, ikus: AZKARATE: op. cit, 492. -497. or.

Bibliografia

  • AGORRETA, J. A.: La Alta Edad Media , in "Guía del Museo Provincial de Arqueología de Álava", Gasteiz, 1978, 73. -75. or.
  • ALVAREZ, J.: El problema del eremitismo occidental , in España eremítica , "Analecta Legerensia", I, Iruña, 1970, 21. -39. or.
  • ANDRIO, J.: Aportaciones a la arqueología altomedieval del valle del Ebro , "XIV Congr. Nac. de Arqueología", Zaragoza, 1977, 1221. -1226. or.
  • ANSOLEAGA, F.: El cementerio franco de Pamplona , in "Boletín de la Comisión de Monumentos", 1918, 1., 71. eta 131. or.
  • ARANZADI, T., BARANDIARAN, J. M. eta EGUREN, J.: Grutas artificiales de Álava , Soc. de Estudios Vascos, Donostia, 1923 (Berargit. in BARANDIARAN, J. M.: Obras Compl. VII, 1975, 239-287).
  • AZKARATE GARAI-OLAUN, A.: Arqueología cristiana de la Antigüedad tardía en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya , Gasteiz, 1988.
  • AZKARATE GARAI-OLAUN, A.: Francos, Aquitanos y Vascones. Testimonios arqueológicos al sur de los Pirineos , in "Archivo de Arqueología Española", 167-168, 1993, 149. -176. or.
  • AZKARATE, A., GARCIA CAMINO,L., URTEAGA, M.: Arqueología medieval en el País Vasco. Estado actual de las provincias de Guipúzcoa y Vizcaya , "Congreso de Arqueología Medieval española. Huesca", Zaragoza, 1986, 131. -146. or.
  • BARANDIARAN, I.: Novedades sobre la Alta Edad Media en Guipúzcoa. Datos arqueológicos , "Estudios de Edad Media de la Corona de Aragón" X (1975), 9. -48. or.
  • BARANDIARAN, I.: Excavaciones en grutas artificales en Álava , "Estudios de Arqueología Alavesa" 3 (1969), 99. -116. or.
  • BARANDIARAN, I.: Excavaciones delante de unas grutas artificiales en el Montico de Charratu y Saracho (Izquiz-Álava) , in "Investigaciones arqueológicas en Álava" (1957-1968), Gasteiz, 1971, 203. -217. or.
  • BARBERO, A. eta VIGIL, M.: Sobre los orígenes sociales de la Reconquista: Cántabros y vascones desde fines del Imperio Romano hasta la invasión musulmana (1965), berargit. in Sobre los orígenes sociales de la Reconquista , Bartzelona, 1974.
  • BARBERO, A. eta VIGIL, M.: La formación del feudalismo en la Península Ibérica , Bartzelona, 1978.
  • BERGA MARROQUIN, A.: La situación política de los pueblos del Norte de España en la época visigoda , Bilbao, 1983.
  • DIAZ Y DIAZ, M. C.: El eremitismo en la España visigótica , in "RPH", 6 (1964), 217. -237. or.
  • ESPINOSA RUIZ, U.: La iglesia hispano-visigoda de Albelda , in Primer Coloquio sobre la Historia de la Rioja , in "Cuadernos de Investigación. Geografía e Historia", IX. lib., 1. fasz., Logroño, 1983, 231. -241. or.
  • EYNDE, E. van DEN: La problemática de la datación cronológica de las iglesias rupestres , in "Sautuola", IV (1985), 361. -365. or.
  • FERNANDEZ DE PALOMARES, V.: Valdegobía hace más de 1000 años. San Cipriano de Pando , in "Bol. de la Instit. Sancho el Sabio " XXIV (1980), 626. -643. or.
  • GARCIA MORENO, L. A.: Algunas cuestiones de Historia navarra en la antigüedad tardía (s. V-VII) , in "Primer Congreso General de Historia de Navarra", Iruña, 1988.
  • GARCIA DE CORTAZAR, J. A.: Los oscuros comienzos. La Alta Edad Media , in "Álava en sus manos " fasz. 20, III. lib., Gasteiz, 1983, 73. -104. or.
  • GARCIA VALDES, L. F.: El jarro hispano-visigodo de Mañaria (Vizcaya) , in "Acta Historica et archaeologica medievalia", 3 (1982), 145. -154. or.
  • GOÑI GAZTAMBIDE, J.: La vida eremítica en el reino de Navarra , in "Analecta legerensia", 1970, 327. -344. or.
  • HERAS NUÑEZ, M. A.: Arte visigodo, prerrománico y románico , in Historia de la Rioja , 2. lib., La Edad Media (zuz. García Prado, J. ), Caja de Ahorros Provincial de la Rioja, Logroño, 1983, 27. -49. or.
  • LATXAGA: Iglesias rupestres visigóticas en Álava, La Capadocia del País Vasco o el complejo rupestre más importante de Europa , Bilbao, 1976.
  • LECLERCQ, J: Problèmes de l 'érémitisme , in "Studia Monastica", 5 (1963), 179. -212. or.
  • LECUONA, M. de: ¿Arte visigótico en Guipúzcoa? , in "Bol. de la RSBAP ", XX (1963), 193. -199. or.
  • LECUONA, M. de: Regreso a las cuevas , in "Arte Vasco", Donostia, 1982, 55. -72. or.
  • LOPEZ, C. M.: Apuntes para una historiografía del eremitismo navarro , "Actas de la IV Semana de Estudios Monásticos", Iruña, 1970, 320. -326. or.
  • LLANOS, A.: Descubrimiento fortuito en Guereñu , in "Estudios de Arqueología Alavesa" II, 1967, 118-119.
  • LLANOS, A.: En torno al bajorrelieve de Marquínez , "Est. de Arqueología Alavesa" 2, 1967, 187. -194. or.
  • LLANOS, A.: De arqueología cristiana alavesa , in "Estudios de Arqueología alavesa", 9, 1978, 301. -316. or.
  • LLANOS, A.: Necrópolis Altomedievales en la zona occidental de la Rioja Alavesa , in "Estudios de Arqueología Alavesa" 5, Gasteiz, 1972, 219-245.
  • MARTINEZ DIEZ, G.: Álava Medieval . 2 lib., Dip. Foral, Gasteiz, 1974.
  • MEZQUIRIZ, M. A.: La necrópolis visigoda de Pamplona , in "Príncipe de Viana", 98-99. zk., 1965.
  • MEZQUIRIZ, M. A.: Cerámica medieval hallada en la excavación estratigráfica de la catedral de Pamplona , in "Archivos Leoneses", III. lib, Zaragoza 1977, 75-89.
  • MONREAL JIMENO, L. A.: Eremitorios rupestres altomedievales (El Alto Valle del Ebro) , Bilbao, 1989.
  • OLARTE, J. B.: San Millán de la Cogolla , Madril, 1976.
  • PALOL, P. de: Esencia del arte hispánico de época visigoda: Romanismo y germanismo , in "Settimana di Studio del Centro Italiano di Studio sull ' Alto Medievo", 1955, 44.
  • PALOL, P. de: Los objetos visigodos de la cueva de los Goros (Hueto Arriba, Álava) , in VV.: Investigaciones arqueológicas en Álava 1957-1968 , Inst. "Sancho el Sabio", Gasteiz, 1971, 25. -32. or.
  • PUERTAS TRICAS, R.: Cuevas artificiales de época altomedieval en Nájera (Logroño) , in "Noticiario Arqueológico Hispánico", Madril, 1976, 251. -286. or.
  • RODRIGUEZ COLMENERO, A.: El habitat en el País Vasco durante la etapa romano-visigoda , in El Habitat en la historia de Euskadi , Bilbao, 1981, 77. -107. or.
  • ROUCHES, M.: L 'Aquitaine. Des Wisigoths aux Arabes (418-781). Naissance d 'une région , Paris, 1979.
  • ROUCHES, M.: Les relations transpyrénéennes, in Les communications dans la Peninsule Ibériques au Moyen Âge, "Actes du Colloque de Pau 28-29 mars 1980", Paris, 1981.
  • RUIZ DE LOIZAGA, S.: Monasterios altomedievales del Occidente de Álava. Valdegovía. Cómo nacen los pueblos , Gasteiz, 1982.
  • SAENZ DE URTUBI, F.: Cuevas artificiales en Álava. Guía para una visita , Gasteiz, 1985.
  • SANCHEZ ALBORNOZ, C.: Vascos y navarros en su primera historia , 1974, 72-78.
  • SAYAS ABENGOECHEA, J. J.: Euskal Herria y los pueblos germánicos. (siglos V-VI) , in "Congreso de Historia de Euskal Herria", II Congreso Mundial Vasco, Donostia, 1988, 383-409.
  • SCHULTEN, A.: Las referencias sobre los Vascones hasta el año 810 después de J. C . "RIEV", 18. lib., (1937), 225. -240. or.
  • ZEISS, H.: Die Grabfunde aus dem spanischen Westgotenreich , Berlín-Leipzig, 1934.
  • ZENBAIT EGILE: Problemas de Prehistoria y de Etnología Vascas , "IV Symposium de Prehistoria Peninsular", Iruña, 1966.

 

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana
* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana