Itzuli orri osora

Zer adierazten dute Giacometti-ren irudiek?

Deigarriak eta bereziak dira Alberto Giacometti-ren eskulturak: hanka eta beso luzeak dituzten irudi argalak. Zer adierazten ote duten oso gai eztabaidatua izan da. II. Mundu Gerrako izugarrikeriek ekarri zuten pentsamolde existentzialistaren adierazgarri lirateke batzuen ustez. Giacomettik berak ezetz zioen.

1930ean surrealismoaren bultzatzaile André Breton-ek surrealisten taldera gonbidatu zuenetik aurrera lan oparoa egin zuen Giacometti-k. Aldi horretan forma irekiko eskulturaren, arte zinetikoaren eta eskulturazko eraikuntzaren garapenari ekarpen handiak egin zizkion.

Inkontzientearen eta ametsen munduaz surrealismoak duen interesa islatzen du eta sexualitateaz eta indarkeriaz duen kezka azaltzen.

1934-35eko neguan surrealistengandik urrundu eta ereduekin berriz lanean hasi zenean beste aldi bati ekin zion. Ez zuen bere eskulturetan giza irudiaren kanpoaldea soilik erakutsi nahi, baizik eta pertsona osoaz dugun inpresioa. Badirudi, errealitatearen ikuspegi hau azaltzeko, pertsonaren irudia argaldu eta xehetasunez biluztu beharra sentitzen zuela. Urrundik norbait ikusten denean haren kanpoko itxura lausotu, galdu egiten zaigu, baina espiritua, esentzia, ez zaigu ahultzen.